Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Turkiak negozio-aukerak eskaintzen dizkie euskal enpresei energiaren arloan

2012.eko urriak 10

Turkiara erakunde- eta enpresa-bidaian joandako euskal ordezkaritza, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda buru, Turkiako Murat Mercan Ekonomia ministrordearekin bildu da gaur goizean. Bileran, gainera, Gamesa eta Arteche enpresetako ordezkariek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) parte hartu dute, eta bertan, herrialde otomandarrak eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutu dituzte.

Energiaren sektorea gorantz doa Turkian. Ildo horretan, Turkiako ministerioak energia berriztagarrien arlorako pizgarriak emango ditu 2015 arte. Unda sailburuak adierazi duenez, “energia eolikoarekin lotuta dauden enpresak beste konpainiak baino iraunkorragoak dira”, eta horregatik, ezinbestekoa da arlo horretan jardun diren enpresak bultzatzea.

Horrez gain, berrikuntzaren eta garapenaren arloan EAEko eta Turkiako zentro teknologikoen artean lankidetza-hitzarmenak egiteko aukera aztertu da bileran, “elkarrekin Europar Batasunetik ahalik eta baliabide gehiago eskuratu ahal izateko”.  Energia ministrordea baikor agertu da proiektu horrekiko eta lankidetza horren ondorioz sortuko diren proiektuak “aurrera atera daitezen” laguntzeko konpromisoa hartu du.

Gaur, Istanbulen hiria berritzeko plan bat abian da, eta horren bidez, eraikinen % 10 eraitsi eta berriro eraikiko dira. Unda sailburuak adierazi duenez, “aukera paregabea da eraikinetako ekonomia iraunkorra lantzen duten enpresentzat”.

Bilera bukatu eta gero, euskal ordezkaritzak Istanbul inguruko Gebze Güzeller industrialdean Fagor Industrial enpresak duen planta bisitatu du, Turkian ezarrita dauden enpresen negozio-gaitasuna ezagutzera emateko xedez. Fagor Industrial enpresa lider da ostalaritzaren, sukaldaritza kolektiboaren eta ikuztegien sektorearentzako soluzio integraletan, eta Istanbulen 12.000 metro koadroko instalazioak ditu, non 100 lagun inguruk lan egiten duten. Fagor Industrialeko zuzendari nagusi Antonio Sánchezek emandako datuen arabera, enpresak 11,5 milioi euroko salmentak lortu zituen 2011. urtean. Fakturazio horren zati handi bat Turkiatik inguruko herrialdeetara (besteak beste, Kazakhstan, Ukrainia, Georgia edo Azerbaijan) egiten dituen esportazioei dagokie.

Fagor enpresara egindako bisita amaitu ondoren, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak Euskadiren aurkezpena egin die Turkiako erakundeei, eta Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendiak energiaren arloan Euskadik dituen indarguneak azaldu dizkie. Azken ekitaldi horretan, gainera, Gamesa eta AFMeko ordezkariak eta SPRIko Nazioartekotze zuzendaria izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak