
Airearen kalitatea ona da Euskadin, eta lasai har daiteke arnasa
Euskadin azken urteotan ikusitako joerari jarraiki, airearen kalitateak hobera egin duela berretsi dute 2011ko datuek. Airearen aurkako eragin-iturri nagusia ibilgailu motordunen trafikoa da.
2011. urtean, 67 neurketa-puntu finkorekin eta 5 unitate mugikorrekin jardun du EAEko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sareak. Neurketa-puntu finko edo estazio horiek EAEko lurralde osoan banatuta daude, eta indarrean dagoen legeriak araututako parametro kutsatzaileen kontzentrazio-mailak neurtzen dituzte etengabe. Kutsatzaile horien artean, honako hauek aipatu behar ditugu: sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, karbono monoxidoa, ozonoa eta 10 eta 2,5 mikrometrotik beherako diametroa duten partikula esekiak, NH3, SH2 eta BTX (bentzenoa, toluenoa eta xilenoa). Neurketa-puntu horiek, halaber, sentsore meteorologikoak dituzte haizearen abiadura eta norabidea, hezetasun erlatiboa, eguzki-erradiazioa eta prezipitazioa neurtzeko. Datu horiek datuak interpretatzeko eta kutsatzaileek atmosferan duten dinamikaren inguruko jakintza hobetzeko erabiltzen dira.
Estazioetan erregistratzen den informazioa prozesatu egiten da, EAEko lurraldeko airearen kalitatearen 11 eremuetako airearen kalitatea ebaluatzeko. Horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web-orrian eguneroko datuekin batera egunero argitaratzen den airearen kalitatearen indizea kalkulatzen da.
Datu ofizialak ikusi
• Nerbioi Behea • Kostaldea
• Donostialdea • Oria Garaia
• Urola Garaia • Debagoiena-Ibaizabal
• Enkarterria • Nerbioi Garaia
• Arabako Lautada • Hegoaldeko Araba
• Arabako Errioxa
Azken urteotan, airearen kalitatearen mailak nabarmen egin du hobera Euskadin. Atzean geratu da Bilbo Handia Atmosfera Kutsatuko Eremu izan zen garaia. Baina deklarazio hori duela 11 urte arte egon zen indarrean (martxoaren 7ko 42/2000 Dekretuak eman zion amaiera abenduaren 16ko 3322/1977 Dekretuaren bidezko deklarazioari).
2011. urtean, Euskadiko airearen kalitatea ona edo onargarria izan da egunen % 98tan, 67 neurketa-estazioetan egunero erregistratutako balioetatik ondoriozta daitekeenez.
Ehuneko horrek honako bilakaera hau izan du: % 95 2005. urtean, % 97 2008. eta 2009. urtean, % 99 2010. urtean, eta % 98 2011. urtean.
Lortutako datuek, beraz, azken urteotan nabarmen hobetzeko erakutsitako joera ona berretsi dute, eta, datu horietatik ondoriozta daitekeenez, EAEn arnasten den aireak, oro har, Europako jarraibideen ondoriozko indarreko legerian ezarritako kalitate-baldintzak betetzen ditu.
EAEko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sareko estazioetan (eta Estatu osoan) aplikatzen diren legezko balioak Estatuko araudian (eta, funtsean, 102/2011 Errege Dekretuan) jasota daudenak dira. Nolanahi ere, Estatuko araudiak Europako giroko airearen kalitateari eta atmosfera garbiagoari buruzko 2008/50/EE Zuzentaraua txertatzen du gure ordenamenduan. Zuzentarau horrek berak dioenez, “kutsatzaile atmosferiko kaltegarrien igorpenak saihestu, prebenitu edo murriztu behar dira, eta giroko aireari lotutako bidezko helburuak finkatu, betiere Osasunaren Mundu Erakundearen arauak, jarraibideak eta programak kontuan hartuta”. Eta, horretarako, “osasunaren eta zientziaren arloan egindako azken aurrerapenak eta estatu kideen esperientzia baliatuko dira”.
Airearen kalitatearen “Txarra”, “Oso txarra” eta “Arriskutsua” adierazleen bilakaera ere oso positiboa izan da. Izan ere, horien ehunekoa % 1,5era iritsi zen 2007. urtean, eta % 0,39 izan da 2011n.
Gaur egun, hirigune handietako airearen kalitatearen kutsadura-iturri nagusia ibilgailuen erabilera intentsiboa da. Eta airearen kalitatea txarra izan den aldi gehienetan, balio handiak jaso dira honako substantzia hauetan: PM10 (partikulak), NOX (nitrogeno oxidoak) eta konposatu organiko hegazkorrak (KOH) .
Beraz, airearen kalitatearen sareak bildutako datuetatik ondoriozta daitekeenez, Euskadiko kutsatzaile atmosferikoen kontzentrazio-mailarik handienak industrian agertzen ziren lehen, baina, pixkanaka, garraioan ari dira jasotzen.
Horrek ez du esan nahi industriaguneek gaur egun garrantzirik ez dutenik airearen kalitateari dagokionez, baina esan daiteke oso egoera zehatzetan baino ez dutela garrantzirik, eta, oro har, auzokoentzako egoera gogaikarriak baino ez direla izaten, legezko mugak gainditu gabe (Urola Garaiko egoeraren kasuan izan ezik).
Ondorio hori bera atera daiteke berotegi-efektuko gasen igorpenen balioek izan duten bilakaeraren azterketatik, Euskal Autonomia Erkidegoko igorpenen inbentarioetan oinarrituta. Izan ere, 1990. urtetik aurrera, igorpenek % 1eko igoera baino ez dute izan energiaren sektorean (1990. urtearekin alderatuta energiaren eskaria nabarmen igo bada ere), eta % 29ko jaitsiera izan dute industriaren sektorean. Garraioaren sektorean, berriz, igorpenak % 88 igo dira.
Horrela, beraz, Europako joerari jarraitzen diogu. Joera horren barruan, “kutsadura atmosferikoaren arloko puntu beltzen zuzeneko iturri nagusia batez ere gasolioa eta gasolina erabiltzen duten ibilgailu motordunen trafikoa da (ibilgailu partikularrena zein salgaiak garraiatzeko ibilgailuena). Hori dela-eta, ezinbestekoa da iturri horren inguruan gaur egun baino eraginkortasun handiagoarekin jardutea, igorpenei buruzko arauei zein trafikoaren kudeaketari dagokienez” .
2007-2011 aldi osoan, PM10 partikulen urteko kontzentrazioak beheranzko joera erakutsi du.
2011. urtean, PM10 partikulen urteko batez besteko kontzentrazioa 20 µg/m3 izan da, eta, beraz, 8 puntuko hobekuntza izan da 2006. urtearekin alderatuta (28 µg/m3 urte hartan).
PM10 partikulen urteko batez besteko kontzentrazioa (μg/m3)
2006 2007 2008 2009 2010 2011
Hegoaldeko Araba 17 15 13 13 12 14
Nerbioi Garaia 28 31 23 21 21 21
Oria Garaia 34 30 20 20 18 19
Urola Garaia 31 37 21 26 24 26
Nerbioi Behea 36 35 27 25 24 25
Donostialdea 28 28 24 24 21 22
Enkarterria 23 24 20 20 17 18
Ibaizabal-Debagoiena 37 31 20 22 22 22
Kostaldea 25 21 19 19 18 22
Arabako Lautada 27 25 20 18 17 18
Arabako Errioxa 23 19 16 17 16 16
Eremuetako batezbestekoa 28 27 21 20 19 20
PM2,5 partikulen urteko batez besteko kontzentrazioa (EAEko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sareko estazioetan erregistratua) ezarritako mugen barruan geratu zen 2007tik 2011ra bitarte , eta ez zen urteko mugarik gainditu.
PM10 partikularrei dagokienez, airearen kalitateak bilakaera ona izan du azken urteotan. Izan ere, mugak gainditu dituzten estazioen kopurua 14ra iritsi zen 2006. urtean, 6ra 2007an, 3ra 2008an, 3ra 2009an, 1era 2010ean eta 2ra 2011n.
2011. urtean, EAEko estazioen % 100ek bete zituen sufre dioxidorako, nitrogeno oxidoetarako, karbono monoxidorako eta 2,5 mikrometrotik beherako diametroa duten partikula esekietarako ezarritako mugak.
Partikula esekiei dagokienez, 2011. urtean estazio guztiek bete zituzten PM10 partikulei (hots, 10 mikrometrotik beherako diametroa duten partikula esekiei) urteko baliorako ezarritako mugak. Araudian PM10 partikuletarako ezarritako eguneko mugako balioari dagokionez (50 µg/m3; balio hori ezin izango da urtean 35 aldiz baino gehiagotan gainditu), bi estaziotan gainditu da: Urola Garaiko estazioan eta Europa Parkeko estazioan (Nerbioi Behea), 42 egunetan (hau da, baimendu baino 7 egun gehiagotan).
Mugak gainditu diren lekuetan, ekintza-planak garatzen ditu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. Plan horien eraginkortasuna administrazio interesdun guztietako (hala nola Urola Garaiko Batzordeko) ordezkariez osatuta dauden lan-batzordeek edo lan-mahaiek aztertzen dute.
Formula hori bera erabili da legezko mugak gainditu gabe ere auzokoentzat eragozpenak sortu dituzten egoeretan. Adibidez, auzo-elkarteen eta enpresen parte-hartzea izan duen Kadagua Beheko Usainen Mahaiaren eta Pasaiako Portuko ingurunearen ingurumen-kalitatearen jarraipena egiteko erakunde arteko Batzordearen kasuak aipa ditzakegu. Era berean, harreman instituzionalizatu bat dago Abanto eta Muskizko Udalekin.
Azken urteotako hobekuntzak, alde batetik, krisi ekonomikoaren ondorioz gertatu dira, eta, bestetik, Euskadin arlo horretan eskumenak dituzten erakundeen jardunaren eta industriaren sektoreak berak egindako eraldaketaren ondorioz. Eraldaketa horretan, funtsezkoa izan da Eusko Jaurlaritzak kutsaduragune finkoetan eskuragarri dauden teknikarik onenak ezartzeko jarritako eskakizuna.
Garapen iraunkorra sustatuko duten ekintzak bultzatzeko tokiko erakundeentzat irekitako deialdiaren esparruan, airearen kalitatea hobetzeko 15 proiektu finantzatu ziren azken deialdian ; proiektu horiek egikarituz gero, atmosferara igorritako partikulek 8,7 tonako murrizketa izango dute urtean. Bestalde, enpresek ingurumena babesteko inbertsioetarako diru-laguntzak jasotzeko azken deialdian, airearen kalitatea hobetzeko 18 proiektuk jaso zuten diru-laguntza; proiektu horiek egikarituz gero, atmosferara igorritako gas kutsatzaileen kantitatea murriztu egingo da (152 tona SO2, 61 tona NOx eta 11 tona KOH).
-
2012.eko urriak 10
Comentario de Twitter:
Irekia - Buena calidad del aire para respirar con tranquilidad en Euskadi http://t.co/Hs1nWlhI