Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak enpresarentzako ingurumeneko europako sariak banatu ditu

2010.eko otsailak 24

Lehendakariak EcoEuskadi 2020, garapen iraunkorrerako estrategia esparrua, aurkeztu du

Saritutako proiektuek "Ingurumenarekin eta garapen iraunkorrarekin erantzukizun partekaturako hitzarmena sinatzea" esan nahi dute

Patxi López lehendakaria Enpresarentzako Ingurumeneko Europako Sariak -2009-2010 Euskal Autonomia Erkidegoko Atala- emateko ekitaldiaren buru izan da Lehendakaritzako patioan. Sariotara biltzeko deia Europako Batzordeko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak egiten du eta Euskadin Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatzen ditu

Beren jarduerarekin garapen iraunkorreko printzipioak betetzen lagundu duten erankundeak jendaurrean saritzea da sarion helburua. Ingurumen Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk azpimarratu du Enpresarentzako Ingurumeneko Europako Sariak sortu zirenetik bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren, Europako Erkidegoan enpresa batek ingurumenaren alorrean lor ditzakeen goraipamen handienak bilakatu direla sariok.

Lehendakariak, halaber, sarion garrantzia nabarmendu nahi izan du; izan ere "gainontzeko enpresentzat eredu" bihur daitezke saritutako enpresak, lehiakortasuna galdu gabe soluzioak ematen dituzte eta. Lehiakortasunari eta berrikuntzari eutsi behar diete enpresek etengabe, baina euste horrek zerikusia izan behar du kudeaketa eko-eraginkorrarekin, Ingurumenarekiko konpromisoa "agindu etikoa" izatera iris dadin gero eta gehiagotan.

Enpresarentzako Europako ingurumen sariak garapen iraunkorra lortzeko lau kategoriatan eman dira: kudeaketan, produktu edota zerbitzuan, prozesuan eta nazioarteko lankidetzan. Kudeaketaren saria -sari hori ohiz kanpoko erakunde batentzat da, garapen iraunkorrari egiten dion ekarpena etengabe hobetzeko ikuspegi estrategikoa eta kudeaketa-sistema dituen erakunde batentzat, alegia- Sestaoko ArcelorMittal-ek eskuratu du; eta kategoria horretako accesita Iberpapel enpresarentzat izan da.

Garapen iraunkorra lortzeko produktu edota zerbitzuaren kategorian bi enpresa saritu dira: Gamesa Corporación Tecnologica, produktuan,; eta Consultoría Lumínica, zerbitzuaren kategorian. Kategoria honetako sariak ekoizpen eta kontsumo eredu iraunkorragoak sustatzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena goraipatu nahi du. Accesita Vicinay Cadenas enpresari egokitu zaio.

Garapen iraunkorra lortzeko Prozesuaren saria -garapen iraunkorrari nabarmen lagundu dion produkzio-teknologiaren garapena eta aplikazioa nabarmentzeko dena- Fundiciones Estanda enpresarentzat izan da; eta accesita, Ikankronitek enpresarentzat. Epaimahaiak esleitu gabe utzi du garapen iraunkorra lortzeko Nazioarteko Lankidetzaren kategorian.

2009-2010 edizioak hogei bat hautagai bildu ditu eta horiek guztiek hartuko dute parte Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurune Ministerioak Ingurumen Fundazioaren eta Bioaniztasun Fundazioaren bitartez sari horietara biltzeko Estatuan egingo duen deialdian. Nazioaren eremuan irabazle suertatzen diren erakundeek Espainia ordezkatuko dute sari horien Europako lehiaketan, datorren ekainean, Europako Aste Berdearen esparruan.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu nahi izan du "abagune historikoa" bizi dugula gure ekoizpen eta kontsumo ereduak aldatu eta kultura ekologiko berri baterantz abiatzeko. Orain baliabideak ustiatzeaz hitz egin behar denean, errespetuaz eta partekatutako erantzukizunaz hitz egin behar da.

Bai lehendakariak bai sailburuak Euskadi iraunkortasunerantz urratzen ari den bidea bermatu nahi dute, hazkunde ekonomikoa eta ingurumen eragina banantzeko apurka-apurka. Halaber, euskal enpresek iraunkortasunerantz egin duten bidea azpimarratu dute, baita enpresok "erronkari eusteko duten ahalmena", sailburuak nabarmendu duen bezala.

EcoEuskadi 2020

Lehendakariak hazkunde iraunkorraren oinarri izango den garapen iraunkorrerako esparru estrategia -EcoEuskadi 2020 izena duena- iragarri du. Zeharkako lanabes bat da, Jaurlaritzaren sail guztien ekimenak koordinatzeko garapen iraunkorra kontuan hartuta. Esparru horretatik "ekonomia berrira aldatzeko eragile nagusietako bat sustatuko da, egoki uztartu daitezen ekonomiaren hazkundea, gizartearen ongizatea eta ingurumeneko ondasunak zaintzea".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Patxi López
    Lehendakaria (IX legealdia)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria