Berriak Osasun eta Kontsumoa

Elorriok Bizkaian e-Rezeta hedatzen jarraitu du

2012-10-09

E-Rezeta abiarazi zenetik, ia 21.000 botika eman dira eta 8.500 paziente baino gehiago artatu dira medikamentuak hartzeko segurtasun handiagoa ematen duen sistema honekin

Bihar, urriak 10, E-Rezeta iritsiko da Elorriora. Sistema hau ezarriko duen Bizkaiko bigarren herria izango da, iragan uztailean Derion abiarazi baitzen. Harrezkero Abetxuko eta Rivabellosan (Araba) eta Oñatin (Gipuzkoa) ezarri da E-Rezeta.

Elorrion osasun-zentro bat, 2 farmazia-bulego eta 7.479 osasun-txartel indibidual daude. Horrela, E-Rezetak mailaz maila hedatzeko planarekin jarraitzen du. Orain arte arazorik gabe garatu da, bai pazienteei dagokienez eta baita osasun-arloko profesionalei dagokienez ere.

Hedatzen hasi zenetik, 20.960 botika eman dira E-Rezeta sistemaren bidez, eta 8.507 paziente artatu dira guztira, batez beste 2,43 botika eman direla pertsonako. Sistema hau gehien erabiltzen ari den taldea gaixo kronikoena da. Izan ere, E-Rezetarekin emandako aginduen % 71 horrelako patologien tratamenduetarako dira.

Gaixo kronikoek, hain zuzen ere, onura handiak jasotzen dituzte E-Rezeta ezarrita, horiexek baitira medikamentu gehien kontsumitzen dutenak, eta sistema honen ezaugarrietako bat da segurtasun handiagoa ematen duela medikamentuak hartzeko. Komunikazio hobea dagoenez osasun-arloko profesionalen eta farmazia-bulegoen artean, eta pazientearen historia farmakoterapeutikoa ikusteko aukera dagoenez, botikak agintzean egon litezkeen akatsak saihestu egiten dira, eta errazagoa da tratamenduen segimendua egitea.

Gainera, erosoagoa eta eraginkorragoa da, pazienteek medikamentua amaitzen dutenean ez dutelako osasun-zentrora joan behar errezetak berritzeko. Era berean, aurrera egin da paperezko errezetak kentzeko bidean.

E-Rezetak hedatzen jarraituko du: datorren urriaren 17an Labastidan (Araba) ezarriko da, urriaren 24an Lekeitio eta Ean (Bizkaia), eta azaroaren 8an Hondarribian (Gipuzkoa). 2012ko amaiera eta 2013ko hasiera artean EAE osoan ezarrita egongo dela espero da.

Iruzkin bat
  • @carlosbm
    2012-10-10

    Comentario de Twitter:
    Desaparecera la receta de papel“@Irekia_News: Elorrio continúa el despliegue de la e-Rezeta en Bizkaia. http://t.co/RacOEZ9S

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan