Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak segurtasun-neurriak areagotzea aholkatzen du, higiezinetan lapurretarik edo erasorik egon ez dadin

2012.eko urriak 09

Aholkuak, batetik, atarietarako dira, eta, bestetik, etxebizitzetarako etxetik kanpo gaudenean

Ertzaintzak aholku-kanpaina bat abiarazi du, herritarrek har ditzaketen segurtasun-neurriak areagotzeko, eta, horrela, atarien eta higiezinen barruan indarkeriaz eginiko erasoak saihesteko eta aldi baterako hutsik dauden etxebizitzetan lapurretak ekiditeko. Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Alorreko Burutzak sustatu duen kanpaina horren xedea herritarrak kontzientziatzea da, delinkuentzia-mota horrek dituen arriskuen aurrean.

Atarietan indarkeriaz eginiko lapurretak prebenitzea

Higiezinen atarietan lapurreta ugari egiten dira indarkeria erabilita. Eraso horiek biktimak, normalean, adineko pertsonak izaten dira. Leku horietan segurtasuna hobetzeko, oinarrizko segurtasun-jarraibideak betetzeko eskatu du Ertzaintzak. Jarraibide horiek honakoak dira:

Edozein aitzakia erabilita (propaganda banatzea, bisitak, etab.) atezain automatikora deitzen duten ezezagunei ez zabaldu atariko atea.

Atarira iristean, jarri arreta zelatan egon daitezkeen pertsonengan, edo sartzeko asmoarekin hurbiltzen direnengan. Giltza aurretiaz prestatuta eraman, eta, atarira sartzean, ez ireki atea ezezagunei. Ezezagunen batek atarira sartzea lortzen badu, irten berriro kalera.

Igogailuan ez joan ezezagunekin.

Bitxiak edo baliodun beste gauza batzuk ez eraman agerian.

Lapurreta baten biktima bazara, ez egin aurka lapurrari. Saiatu lapurraren ahalik eta ezaugarri fisiko gehien memorizatzen, eta deitu berehala Ertzaintzari (112).

Etxeko segurtasuna, etxean ez gaudenean

Denbora luzez hutsik dauden etxebizitzak (bidaiak, oporrak, etab.) delitugileen beste jomuga garrantzitsu bat dira. Etxean ez gauden bitartean gure etxearen segurtasuna hobetzeko, jarraibide erraz batzuk bete ditzakegu, hala nola:

Etxeko atea beti giltzaz itxi; horrela, ezin izango dute plastikozko txartelez, erradiografiez edo antzekoez ireki.

Ezezagunen aurrean ez esan noiz egongo garen etxetik kanpo.

Etxebizitzan jendea dagoenaren itxura eman (norbaitek korrespondentzia har dezala, telefono finkoa mugikorrera desbideratu eta erantzungailu automatikoa deskonektatu, pertsianak erdi zabalik utzi, arropa batzuk zabalduta utzi, edo argiren bat tenporizadore batera konektatu, aldizka piztu dadin).

Baliodun gauzak leku seguruan gorde, eta ez utzi bitxirik edo bestelako gauzarik armairuetan edo bitxiontzietan. Gauza horiei argazkia atera eta marka, modeloa eta serie-zenbakia idatzi, lapurretarik izanez gero identifikatu ahal izateko.

Etxebizitzan lapurreta egin badizute, ez sartu Ertzaintza iritsi arte, eta, sartu behar baduzu, lapurrek manipulatutako gauzak ez ukitu.

 

2 iruzkin
  • @TxusmariSG
    2013.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    @av_ipararriaga Por si puede ser de ayuda. Consejos Ertzaintza sobre seguridad http://t.co/rdeugJp73O

  • @GARALEX_EHU
    2013.eko irailak 20

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzak segurtasun-neurriak areagotzea aholkatzen du, higiezinetan lapurretarik edo erasorik egon ez dadin. http://t.co/ht80nUO8GI

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko