Berriak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiaren prentsaurrekoa Gobernu Kontseiluaren ondoren

2012.eko urriak 09

Gobernu Kontseiluak onetsi egin du, gaur, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko sailburuaren Dekretua. Dekretu horren bidez, aldatu egin da Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa, eta beste atal bat gehitu zaio. Atal horretan, Ertzaintzako langileak babesteko neurriak jasotzen dira, adinarengatik edo galera funtzionalarengatik. Sailaren eta sindikatu-ordezkaritzaren artean lortutako akordioari esker gehitu dira neurri horiek.

2011., 2012. eta 2013. urteetarako Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa joan zen urtarrilean onetsi zen, Sailaren eta Ertzaintzako gehiengo sindikalaren ordezkaritzaren artean sinatutako konpromisoari esker. Orain, bi aldeen arteko akordio berri bati esker, agiriari beste Titulu bat gehitu zaio, VIII. Titulua. Titulu horren arabera, Ertzaintzako funtzionarioek hau eska dezakete: "Adinarengatik edo galera funtzionalarengatik zerbitzu aktiboaren jardunaren modulazioa". Modulazio horri esker, agenteek hainbat onura izango dituzte, esaterako, urteko lanaldiaren murrizketa edo zenbait zerbitzutarako lehentasuna.

Horretarako, agenteek betekizun batzuk bete beharko dituzte. Betekizun horiek Tituluan jasota dauden artikuluetan zehaztu dira. Adibidez, adinarengatik modulazioari heldu nahi diotenek, aurretiaz, 60 urterekin eta euren borondatez erretiroa hartzeko konpromisoa sinatu beharko dute.

Jasotzen diren abantailen artean, hauxe dago: 56 urte bete dituzten eta modulazioari heldu dioten agenteek lehentasuna izango dute administrazio-lanetara sartzeko. Kalean egin beharreko lanetan jarraitzen badute, ez dute parterik hartuko intentsitate bereziko operatiboetan, hala nola, ordena publikoko operatiboetan. Horrez gain, ez dute parterik hartuko gaueko lan-txandetan, eta, 59 urte betetzen dituztenean, patruilak egiteari utziko diote. Halaber, urtean lan egin beharko dituzten orduen zenbaketa globalak murrizketa progresiboa izango du: urtean 48 ordu gutxiago 56 urte betetzean, 64 ordu gutxiago 57 urte betetzean eta 96 ordu gutxiago 58 urtetik aurrera.

Horrez gain, zerbitzuaren modulazioari heldu ahal izango diote, aldi baterako bada ere, bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzea eragiten ez duen galera funtzionala daukaten ertzainek; hori mediku-azterketak ziurtatu beharko du. Salbuespenezko egoeretan izan ezik, kasu horietako modulazio-aldia ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan. Agente horientzako aurrez ikusitako onurak, besteak beste, hauek dira: lehentasuna izango dute administrazio-zerbitzuetara sartzeko eta neketsuagoak diren polizia-zeregin zehatz batzuk ez egiteko.

Bestalde, VIII. Tituluak kontuan hartu du agenteen zerbitzuaren modulazioak polizia-zerbitzu osoan daukan eragina, batez ere agente zaharrenen kasuan. Horrela, agente horiek ordezteko eta agente gazteagoak lanean jartzeko mekanika ezarri du, hutsunerik ez egoteko eta herritarrentzako zerbitzuak galerarik ez izateko.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2012.10.9)

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-10-09n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak