Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik Kolonbiako lau hiriren birsorkuntzan lagunduko du bere hiri eraldaketa ereduaren bidez

2012.eko urriak 08

 

  • - Hauxe da Eusko Jaurlaritzaren eta Amerika Arteko Garapen Bankuaren (BID) arteko harremanen lehen emaitza. Hain zuzen, Amerika Arteko Garapen Bankua da lau hiri horien birsorkuntza finantzatuko duen Latinoamerikako finantza erakunde nagusia. Hitzarmen bat sinatu da Findeter-ekin, BIDek Kolonbian duen banku korrespontsalarekin, aholkularitza emateko hirigintzako birsorkuntzaren alorrean.

 

  • - Barranquilla, Bucaramanga, Manizales eta Pereirak jasoko dute Findeter-en (Eskualde Mailako Garapenerako Finantza Erakundea) finantzaketa beren birsorkuntzarako, baina, oroz gain, aipatzekoa da euskal hiri iraunkorren, batez ere Bilbo eta Gasteizen, urrats eta eredu arrakastatsuak jarraituko dituztela.

 

 

Kolonbiako lau hirik aplikatuko dute euskal hiriburuek garatutako hiri iraunkorren birsorkuntza  eta sorkuntzarako eredua, aste honetan bertan Findeter finantza erakunde kolonbiarrak eta SPRI Taldeko  (Euskadiko enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoko) Tomás Orbea zuzendari nagusiak Barranquillan sinatu duten akordioari esker. Tomás Orbeak Barranquillan egin den Hiri Iraunkor eta Lehiakorren Nazioarteko Foroan parte hartu du. Akordio hori URBE 2050 plataformaren garapen ekintzen barruan kokatzen da. SPRI Taldeko Basque Country Expertise atalak sustatutako plataforma horrek helburutzat du nazioartean zabaltzea Euskadiko hiri iraunkorren kasu arrakastatsuak.  Gainera, hauxe da Eusko Jaurlaritzaren eta Amerika Arteko Garapen Bankuaren (BID) gestioen lehen emaitza, zeinaren helburua baita Latinoamerikara eramatea hiri iraunkorren eta lehiakortasunaren arloko Euskadiko "egiten jakitea", eta hain zuzen ere horregatik etorri dira pare bat aldiz BIDeko ordezkariak Euskadira. Findeter da BIDek Kolonbian duen banku korrespontsala.

 

Hala, Barranquilla, Bucaramanga, Manizales eta Pereirak jasoko dute Findeter-en (Eskualde Mailako Garapenerako Finantza Erakundea) finantzaketa beren birsorkuntzarako, baina, oroz gain, aipatzekoa da euskal hiri iraunkorren, batez ere Bilbo eta Gasteizen, urrats eta eredu arrakastatsuak jarraituko dituztela.

 

Eusko Jaurlaritzaren izenean joan den Tomás Orbeak eta Findeter-en presidente Luis Fernando Arboledak sinatu zuten akordioa, zeina Amerika Arteko Garapen Bankuaren (BID) hiri gorakor eta iraunkorren ekimenaren barruan baitago eta, hain zuzen, BIDek garatzen du Kolonbian Findeter-en Hiri Iraunkor eta Lehiakorrak proiektua.

 

SPRIren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren presentzia SPRI Taldean integratutako Basque Country Expertise izeneko ekimenaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita Euskadiko kudeaketako eredu arrakastatsuak atzerrian saltzea eta negozioak bilatzea euskal enpresentzat. Zerbitzu hori aurten hasi da eta hiru proiektu kudeatzen ditu dagoeneko: berrikuntza arloko laguntza teknikoa Txileko Gobernuari, sare elektriko adimendunen garapena Brasilen eta hiri iraunkorren garapena Latinoamerikan.  Hain zuzen ere, azken proiektu horren harira joan da SPRI Taldea Barranquillara.

Basque Country Expertise

 

Bere helburua da Euskadin gauzatu diren proiektu arrakastatsuak atzerrian ezagutaraztea, direla industria birmoldaketa planak, teknologia parkeen eredua, hiri iraunkorren sorkuntza (adibidez, Bilboko birsorkuntza plana), klusterrak zein enpresen nazioartekotzea. Ideia horiek esportatzerakoan, proiektu horiek Euskadin garatu dituzten enpresei berei aukera ematen zaie  lan bera atzerrian egiteko eta, hortaz, negoziorako oso aukera interesgarria eskaintzen zaie.

 

Beraz, Basque Country Expertise-k nazioarteko negozio aukerak sortu nahi ditu euskal enpresentzat, batez ere zerbitzu aurreratuen sektorean dihardutenentzat, xedetzat harturik Euskadik eta euskal erakundeek atzerrian duten ospea zabaltzea eta hobetzea. Ekimen horrekin osatu egiten da SPRI Taldearen beste atal batek -Invest in the Basque Country- egiten duen lana. Atal hori atzerriko inbertsioak erakartzeko asmoz sortu zen eta berari esker azken urte eta erdian bost proiektu kokatu dira Euskadin eta 200 lanpostu sortu dira hiru urtean. Invest in the Basque Country sortzean, Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz eratu du atal bat oso-osorik bideratua dagoena atzerriko inbertsioak erakartzera.  Atal bat, atzerriko inbertsioak sistematikoki eta profesionalki bilduko dituena, kontuan hartu behar baita orain arte lan hori ez dela egin sistematikoki.

 

Hiri iraunkorren Nazioarteko Foroa

 

Tomás Orbea, SPRI Taldeko zuzendari nagusia, gonbidatu dute Hiri Iraunkor eta Lehiakorren Nazioarteko Forora, Euskadiko hiri iraunkorren birsorkuntzako kasu arrakastatsuak azaltzeko, eta foro horretan parte hartu dute baita ere Findeter-eko presidenteak, BIDeko goi-karguek (BIDeko presidente Luis Alberto Morenok, besteak beste) eta Kolonbiako ordezkari instituzional garrantzitsuenek, hala nola alkateek, senadoreek, aholkulariek, nazioko gobernuko eta departamentuetako gobernuetako ministroek, merkataritza ganberek eta beste erakunde publiko batzuek. Baita ere parte hartu dute Kolonbiako enpresa pribatu garrantzitsuenetako gerente eta zuzendariek. Guztira, 1.100 lagun elkartu ziren Barranquillako foroan eta beste 5.000 inguruk Internetez jarraitu zuten ekitaldia.

 

Tomás Orbeak zehatz-mehatz azaldu zuen hiru euskal hiriburuek bizi izan dituzten aldaketa eta eraldaketak (denak ere iraunkortasunean oinarritutakoak), jaso dituzten nazioarteko aitorpenak eta Euskadik Latinoamerikako eta Karibeko hainbat udalerrirekin parteka ditzakeen gaitasun eta esperientziak. Udalerri horiek Euskadik sasoi batean izan zituen antzeko arazoak dituzte orain eta asko interesatzen zaizkie EAEko industriak eta zerbitzu aurreratuek eskain diezazkieketen konponbideak.

 

Hala, jada adostu dute alkate batzuek -eta ez bakarrik kolonbiarrek baita ere ekitaldian parte hartu duten beste herrialde batzuetakoek- eta organismo publiko eta erdi-publikoetako ordezkariek Euskadi bisitatuko dutela.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko