Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Enpresa jardunaldia Turkian: “Aukerez betetako herria, gure eskura”

2012.eko urriak 08

Gaur goizean, Industria, Merkataritza, Berrikuntza eta Turismo sailburu Bernabé Undak "Aukerez betetako herria, gure eskura" izeneko enpresa jardunaldia inauguratu du Istanbulen (Turkia). Bertan, Eusko Ganberek eta 70 euskal enpresek parte hartu dute, eta guztiek aukera izan dute Turkian jada ezarrita dauden hainbat euskal konpainiaren esperientzia ezagutzeko.

Topaketan, euskal enpresak Turkian egoteak duen garrantzia azpimarratu du sailburuak "Ekialdeko Europako bigarren ekonomiarik handiena delako". Izan ere, Turkiako Barne Produktu Gordinak % 8,5 gora egin du 2011n, eta % 9 2010ean. Horrela, Turkiaren hazkunde-tasa munduko onenen artean dago, Txinarenetik oso hurbil.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko duen konpromisoa berretsi du Unda sailburuak. "Gure merkatua mundua da, eta adi egon behar dugu, gehienbat, hazten ari diren herrialdeekin, eta Turkia horietako bat da", adierazi du. Sailburuaren arabera, nazioartekotutako enpresek "krisiari hobe egiten diete aurre" eta horren adibide, Mondragon Taldearen txosten bat aipatu du. Txosten horren arabera, taldeko multikokatutako enpresen enplegu-maila % 26 igo da Euskadin, eta nazioartera atera ez direnena, aldiz, % 10 jaitsi".Zentzu horretan, "Euskaditik kanpo ezartzeak aberastasuna eta enplegua sortzen du etxean", adierazi du.

Horrez gain, Industria, Merkataritza, Berrikuntza eta Turismo sailburuak egiaztatu du Euskadik "aurrerapauso handiak" eman dituela nazioartekotzeko prozesuan. Horrela, iaz 21.000 euro baino gehiago lortu ziren esportazioen bidez, inoiz baino gehiago. "Inportatutako 100 euro bakoitzeko, 123 esportatzen ditugu, baina oraindik ere badugu hobetzeko eta merkatu berriak irekitzeko tartea".

Bernabé Undak azaldu duenez, Turkiako "ekonomia etengabe hazten ari da, oso dinamikoa da, eta beste herrialde askotara iristeko plataforma ezin hobea: Iran, Kazakhstan, Uzbekistan, Turkmenistan, Georgia edo Azerbaijan". Gainera, herrialde otomandarrak inbertsio handiak egingo ditu, adibidez, errepideak, portuak, aireportuak, ospitaleak, eta bereziki, trenbideak eraikitzeko. Zentzu horretan, aipatu behar da Turkiako Gobernuak apustu estrategiko garrantzitsua egin duela trenbidearen alde.

Turkia euskal enpresen esportazio gehien jasotzen dituen hamaikagarren herrialdea da, eta laugarrena Europar Batasunetik kanpoko herrialdeen artean, Estatu Batuak, Brasil eta Txinaren atzetik. Euskaditik Turkiara egindako esportazioak poliki-poliki handituz joan dira. Horrela, 2007an 246 milioi euro esportatu ziren, eta 2011an 389 milioi euro. Hortaz, urtez urteko batez besteko hazkundea % 12,1ekoa izan da. Euskadiko 14 enpresa Turkian ezarrita daude jada; horietako sei merkataritza sektorekoak dira eta gainontzeko zortziak ekoizpen-sektorekoak. Horiek guztiak garatzeko eta hazteko bidean dauden sektoretan ari dira, adibidez, trenbideetan, etxetresna elektrikoetan edota automobilgintzarako osagaietan.

 

2 iruzkin
  • @DonostiaGaztea
    2012.eko urriak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @lanbideejgv: Berriak: Unda:"Implantarse fuera de Euskadi genera riqueza y empleo en casa" http://t.co/UixmSRWx #noticias @irekia

  • @lanbideejgv
    2012.eko urriak 09

    Comentario de Twitter:
    Berriak: Unda:"Implantarse fuera de Euskadi genera riqueza y empleo en casa" http://t.co/UixmSRWx #noticias @irekia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)