Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak 15 milioi euro jarriko ditu auzo eta hiri-eremuak hobetzeko, eta horien narriadura saihesteko

2010.eko otsailak 23

 Gobernu Kontseiluak erabaki du 15 milioi euro jartzea, lehentasunez esku hartu beharreko auzo eta hiri-eremuak hobetzeko Hiriber programan parte hartzen duten udalei diruz laguntzeko.

 Egungo egoera sozioekonomikoaren gain jardun nahi duen krisiaren aurkako jardunen multzo gisa pentsaturiko + Euskadi 09 neurrien esparruan sortu da auzo eta hiri-eremuak hobetzeko diru-laguntzen programa hau, betiere eremu horien egoera objektiboak kontuan izanda horietan lehentasunez esku hartzea komeni bada, hiri- eta gizarte-arloko narriadurak gune horiek eremu marjinal bihurtzea saihesteko.

 Esku-hartze ildo horren beraren barruan, laguntzak etxebizitza-eskariari erantzuteko premiaren osagarri izan daitezela nahi da, Babes Publikoko Etxebizitzak egikaritzeko lurzoru urbanizatuko lur-zatiak sortzeko beharrezkoak diren urbanizazio-obren egikaritzapena bultzatuz eta sustatuz.

 Problematika mikrourbanoetan esku hartzeko aukerak, esparru horretan lehentasunezko hirigintza esku-hartzeak baliatzea ahalbidetuta, hobekuntza ekonomiko eta sozialak sortuko ditu, eta etorkizuneko garapen harmonikoaren oinarriak ezartzea ahalbidetuko du.

 Agindu honen xedeetarako, lehentasunez esku hartu beharreko auzo eta/edo hiri eremutzat hartuko dira hiri-eremu homogeneoak, bereziki ohiko etxebizitza gisako bizitegitarako erabilera dutenak, baldin eta egoera hauetako batean badaude:

       a) Hirigintza-degradazioa, urbanizaziorik, hornidurarik eta azpiegiturarik ez dagoelako, edo daudenak eskasak direlako edo nahikoak ez direlako.

       b) Bizitegitarako erabilerako sektore edo eremuak, bereziki babes publikoko etxebizitzetarako erabiltzen direnak, baldin eta urbanizazio-lanak egikaritzeko zailtasunak badituzte, higiezinen merkatuaren egoeraren ondorioz edo bideragarritasun osagarriko elementuak egikaritu beharraren ondorioz.

 Hiriber programara bildu ahal izateko, auzo eta hiri-eremuak hobetzeko jardunek lanak egikaritzeko xedea eduki behar dute, honako helburu hauekin:

       a) Eremu publikoa hobetzea, eta eremu publiko hori aparkaleku, berdegune edo kirolgunez hornitzea.

       b) Egikaritze-fasean dauden eremu edo sektoreen urbanizazioa, baldin eta orubeak merkatuan jartzea ahalbidetzen badute babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko.

       c) Goian aipatutako eremu edo sektoreetatik kanpoko bideragarritasun osagarriko elementuak egikaritzea, baldin eta eremu edo sektore horiek garatzeko beharrezkoak badira.

 Diru-laguntza jasotzeko, jardunek hilabeteko epean hasi behar dute lizitazio-prozesua, laguntza eman dela EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

Obrak 2010eko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar dira.

 Interesa duten Udalek hilabeteko epea izango dute diru-laguntza eskatzeko, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

 Egikaritze-aurrekontuaren gehienez % 75eko diru-laguntza emango du Etxebizitza Sailak urbanizazio-obren kontrata bakoitzeko, baina diru-laguntzak ezin izango du inoiz 1.000.000 euroko zenbatekoa gainditu.

 Diru-laguntzak esleitzerakoan, zenbait irizpide hartuko dira kontuan, hala nola langabezia-maila; eremu horretan esku-hartzearen eraginpean zuzenean hartutako etxebizitza kopurua; eremuan erroldatuta egonik diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitza-prestazio osagarria jasotzen dituztenen ehunekoa; oinarrizko zerbitzuen gabezia eta berdegune, aparkaleku eta kirolguneen egoera eskasa; eta jardunaren egokitasuna, gizartearen, ekonomiaren eta hirigintzaren ikuspegitik begiratuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola López