
UPV/EHUk 2010 Nazioarteko Bikaintasun Campuserako Hautagaitza aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari
UPV/EHUko errektoreak, Iñaki Goirizelaiak, 2010eko Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programarako UPV/EHUren hautagaitzaren ildo estrategikoak aurkeztu dizkio Patxi López lehendakariari Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan gaur izandako bileran.
Proiektuaren aurkezpenean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Isabel Celaá, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, Bernabé Unda, egon dira. Halaber, Gizarte Erantzukizun eta Unibertsitate Hedakuntzako errektoreordea ere bertaratu da ekitaldira, Amaia Maseda alegia.
Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programa Hezkuntza Ministerioak sustatu du. Bere helburua unibertsitateen kalitatea hobetzea da, Espainiako unibertsitate-sistemaren agregazio, espezializazio, bereizte eta nazioartekotzeaz baliatuz. Deialdi honetan unibertsitateek euren campusak Nazioarteko Bikaintasun Campus bihurtzeko aurkeztu dituzten proiekturik onenak aukeratuko dira. Izan ere, deialdi honen xedea proiektu horiek abian jartzeko finantzazioa ematea da, autonomia erkidegoetako parte hartzearekin garatu daitezen.
Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programa funtsezko atala da unibertsitateen modernizaziorako estrategian. Programa honek unibertsitate campus lehiakorrenak nazioartean ospe eta izen ona dutenen artean sustatu nahi ditu, baita bere eskaintzaren kalitatea hobetzen eta irakasle eta ikertzaileen eraginkortasuna sustatzen lagundu ere. Horretarako, helburuak eta ahaleginak bateratu eta erakundeekin, ikerketa zentroekin eta enpresekin agregazio estrategikoak sustatuko ditu.
Deialdiak ezarritakoaren arabera, gobernuak, autonomia erkidegoek, unibertsitateek eta gizarte zein ekonomia eragileek elkarrekin lan egingo dute. UPV/EHUk proiektu honetara aurkeztutako hautagaitza sendotzearren, gaurko bilera honekin Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa agerian utzi nahi izan du.