Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osakidetzak tuberkulosiaren aurkako sendagaiak dohainik emango ditu, ospitaleetan, tratamenduaren amaierara arte iristen laguntzearren

2012.eko urriak 04

Euskadin tuberkulosiari aurrea hartzeko eta kontrolatzeko plan berria

Jarraipena erizainek egingo dute, eta, batez ere, zailtasun sozioekonomikoak dituztenentzat izango da.

Plan honen helburua da 2020rako 100.000 biztanleko 10 kasura murriztea gaixotasunaren eragina. 2011n, 18/100.000 izan zen tasa.

Urriaren 3an, Euskadin Tuberkulosiari Aurrea Hartzeko eta Kontrolatzeko Programa Berria onartu zen. Plan honen berrikuntza nagusietako bat da, aurrerantzean, sendagaiak dohainik emango ditugula, ospitaleetan. Izan ere, sendagiria jaso ondorengo ere, hainbat medikamendu hartu behar izaten da, tratamenduari jarraipena emateko eta erdizka ez geratzeko.

Gaur egun, gaixoen % 10 - 15ek bertan behera uzten du tuberkulosiaren aurkako tratamendua, eta gehien-gehienak arazo sozioekonomikoak dituzte, edo bertan ondo errotu gabeko jendea da. Gutxi gorabehera, urtean 10.000 €-ko kostua ekarriko du ospitaleetan sendagaiak banatzeak.

Kasuen jarraipen-lanak, berriz, tuberkulosi-kasuak kudeatzeko erizainek egingo dituzte. Haiek emango dizkiete gaixoei sendagaiak, eta, gainera, hainbat informazio jasoko dute, esate baterako: gaixoa norekin egon den, gaixotasuna nondik datorkeen jakitearren; inor kutsatu ote duen; eta ospitalean sendagiria jaso ondoren zer egin behar duten eta zer ez azaltzeko ardura ere hartuko dute. Euskadin, erizaintzako zerbitzu hori 6 ospitaletan daukagu. Txagorritxun, Gurutzetan, Basurton, Santa Marinan, Donostiako ospitalean eta Zumarragako ospitalean.

Tratamendua ez uzten laguntzeko neurri honen bidez lortu nahi duguna da tuberkulosiak EAEn infekzio-arrisku, morbilitate eta hilkortasun-tasa baxuagoak izatea, eta, 2020rako, biztanleen gaineko intzidentzia-tasa 100.000/10etik behera jartzea. 1996. urteaz geroztik (100.000 biztanleko 43,7 kasuko tasa izan genuen urte hartan), urteko intzidentziak behera egin du apurka-apurka, harik eta 2011. urtera arte. 2011. urtean, 396 kasu izan genituen, hau da, 18,2 kasuko tasa 100.000 biztanleko.

Joera beheranzkoa izan arren, mundu osoan, urtero-urtero, 8 milioi kasu berri izaten dira. Baina EB barruan, Espainia, 100.000 biztanleko 20 kasu baino gutxiago dituela-eta, intzidentzia gutxiko herrialdeen artean dago.

Zergatik behar dugu tuberkulosiari aurrea hartzeko eta kontrolatzeko plan berri bat?

Plan berri hau 2001ean martxan jarri zen programaren eguneraketa da. Orduko hartan, hainbat erakunderen artean lan-talde bat osatu zen, parte hartzeko eta laguntzeko. Han izan ziren Osasun Saileko eta Osakidetzako profesionalak; foru-aldundiak, gizarte-zerbitzu espezializatuak lurraldeetan aritzen direla-eta; udalak, oinarrizko gizarte-zerbitzuen arduradunak direla-eta; eta Espetxeen Idazkaritza Nagusia.

Harrez gero, joan dira hamar urte, eta, egia da, migrazio-fluxuak handiagoak izanagatik ere, orduan baino kasu gutxiago ditugula, baina hala ere, plan hura errebisatu eta ebaluatu beharra zegoen, eta, horretarako, atzera berriz, gaixotasun hori kontrolatzeko eta zaintzeko ardura duten erakunde guztietako eragileen lankidetza behar genuen.

Tuberkulosia, ezaugarriak.

Tuberkulosia gehien bat haizetatik transmititzen da, eta gutxiagotan jan-edanetatik. Transmisio-iturria, gehienetan, biriketako tuberkulosia duten beste gaixo batzuk dira (sintomak arnasetan nabaritzen zaizkie), baina, infektatzeko, gaixoarekiko kontaktu estua eta luzea behar da. Intzidentziarik altuena 74 urte baino gehiagoko jendearen artean dago. Gazteenen artean, berriz, garatu gabeko herrialdeetatik datozenen artean aurkituko dugu tasarik handiena, herrialde haietan gaixotasunak indar handiagoa du-eta.

Ez da erraza izaten gaixotasun hau kontrolatzea eta tratatzea, hainbat arazorengatik: 

  • Zaila da diagnostikatzea, ez duelako sintoma berezirik. 
  • Sendatzeko tratamendua luzea da, 6 edo 9 hilabete bitartekoa; gainera, tratamendua ezin da eten, eta, batzuetan, gaixoak amaitu gabe uzteko arriskua ere badago. 
  • Amaierara arte iristeko beste zailtasun bat da hainbat sendagai konbinatu beharra eskatzen duela. Gaixoak, batzuetan, ez du sendagaiak hartzen jarraitzen, horrek infekzio-aldia luzatu egiten du eta antibiotikoei hobeto aurre egiteko moduko tuberkulosi-formak agertzea eragiten du. 
  • Batez ere, bi arrisku-talde ditugu: gaixotasunak endemia handia duen eta diagnosirako eta tratamendurako aukera mugatuak dituzten herrialdeetatik datorren jendea; eta arazo sozialak eta/edo ekonomikoak dituzten taldeak.

Osasun-administrazioak, hori guztia dela-eta, hartu beharreko neurriak hartu behar ditu, gaixoari tratamendua erabat sendatu arte jarraitzen laguntzeko. Horregatik, Osasun eta Kontsumo Sailak diruz gaizki dabiltzan gaixoei tuberkulosiaren aurkako sendagaiak dohainik emango dizkie, ospitaleetan; eta gaixo bakoitzaren jarraipena ere egingo du, erizainen ardurapean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan