Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Intxaurrondoko eta Herrerako geltoki berriak bihar zabalduko dira

2012.eko urriak 03

Bi geltoki horiekin batera, Metro Donostialdeak ordutegi berria ere estreinatuko du, 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskainiz bidaiari gehieneko orduetan

Intxaurrondoko eta Herrerako geltoki berriak, eta bidaiari gehieneko orduetan eta ibilbideetan 7,5 minutuz behingo maiztasuna eskainiko duen ordutegi berria, bihar hasiko dira zerbitzua eskaintzen. Berrikuntza horiek pauso garrantzitsua izango dira Lasarte-Hendaia linearen modernizazioan eta Metro Donostialdea bilakatzeko prozesuan.

Zerbitzuan hobekuntza sartu ahal izateko beharrezkoa izan da Loiola-Herrera trenbide saihesbidea eraikitzeko lanak amaitzea. Bidaiarien trenek erabiliko duten tunel berria eraiki da, eta trazatu zaharra merkantzien garraiorako erabiliko da.

Herrera auzoari goitik behera berriztaturik dagoen geltokia emateaz gain, trena auzo berri batera helduko da, eta, horrela, Intxaurrondoko 16.000 biztanleek Metro Donostialdearekin lotura izango dute.

Hiritar horiek zortzi minututan heldu ahal izango dira Donostia erdialdera (Amarako geltokira) bihartik aurrera, hori baita ibilbide horrek izango duen gehieneko iraupena. Bidaiari gehien dagoen orduetan, trenak 7,5 minutuz behin igaroko dira, izan ere, azken lanak amaitu ondoren, Herrera eta Lugaritz arteko trenen zirkulazioa ere bikoiztu egingo baita.

Bi geltokiak martxan jarri eta gero, bihar sartuko da indarrean ordutegi berria. Ordutegi berri horrek 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskainiko ditu eskari handieneko orduetan eta ibilbideetan. Maiztasun handiago horiek eskaini ahal izateko ezinbestekoa izan da Loiola-Herrera trenbide saihesbidea amaitzea, baina baita beste toki batzuetan ere amaiturik dauden trenbide bikoizketak ere, Lasarte-Errekalde-Añorga zatiaren bikoizketa, besteak beste. Orokorrean, trenbide azpiegituran egindako lan guztiek hobekuntza nabarmenak ekarriko dituzte zerbitzuetan, eta Lasarte-Hendaia linea Metro Donostialdea bilakatzeko prozesuan aurrera egiteko aukera eskaintzen dute.

Metro Donostialdea Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bultzaturiko trenbide operazioa da. Helburua, gaur egungo Lasarte-Hendaia igarobidearen trazatua Gipuzkoarako benetako garraio metropolitar bilakatzea da. Metro Donostialdeari esker, Gipuzkoa Europa mailako erreferente bilakatuko da garraio publikoari dagokionez, Donostiako mugak gainditzen dituen egitasmoa baita.

Donostialdeko eskualdean bizi den Gipuzkoako biztanleen %65ari mugikortasun iraunkorra, azkarra eta eraginkorra bermatuko dion benetako ardatz egituratzailea eta dinamizatzailea sortuko da. Garraio segurua, fidagarria, erosoa eta modernoa, 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskainiko dituena, kalitatezko tren unitateak, duela urtebete baino pixka bat gehiago flotan sartu ziren 900 seriekoak, erabiliz. Jada erabiltzen ari diren tren unitate horiek bidaiarien oso balorazio ona jaso dute.


Zenbat jendek jasoko ditu Metro Donostialdearen onurak?


Aurreikuspenen arabera, Metro Donostialdeak, aurreikusitako lanak amaitu ondoren, 116.000 bidaiari izango ditu lanegunetan. Gaur egungo kopuruekin dagoen aldea ikusgarria da, izan ere, kontuan izan behar dugu gaur egun euskotrenek 7 milioi bidaiari garraiatzen dituela urtean, eta Donostialdeko metroaren proiektua amaitu ondoren kopuru hori 30 milioikoa izan daitekeela. Proiektu horren barruan, Gipuzkoako hiriburuaren erdialdetik igaroko den trenbidea ere sartzen da.

Metro Donostialdea: %43 lanean

  • Proiektuaren %43a ejekuzioan egongo da urte amaiera baino lehen
  • Bihar hasiko da zerbitzua eskaintzen Loiola-Herrera trenbide saihesbidea, Intxaurrondoko eta Herrerako geltoki berriak barne.
  • Duela hiru hilabetetik erabat funtzionatzen ari da Lasarte-Errekalde-Añorga bikoizketa, eta duela urtebete eta erdi inauguratu zen Fanderia-Oiartzun zatia.
  • Metro Donostialdeako Lugaritz-Kontxa zatiaren obra zibila joan den astean esleitu da. 48,9 milioi euroko aurekontua du, eta 36 hilabeteko epean egin behar da.
  • Herrera-Altza zatia egiteko lanak hasi dira. Azken auzo horretako geltokia 2015ean jarri ahal izango da martxan.
  • Argi berdea eman zaio Herrera-Altza zatiari jarraipena emango dion Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza proiektuaren idazketari.
  • Une honetan eraikitzen ari diren Arasoko Kotxetegi eta Tailer berriek, hiritarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko beharrezkoak diren azpiegiturak emango dizkiote Metro Donostialdeari.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)