Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

70 euskal enpresa inguru Turkiara joango da enpresa- eta erakunde-bidaian

2012.eko urriak 03

Otomandar herria da merkataritza-harremanak sendotzeko lehentasuna duten herrialdeetako bat. Izatez, Turkia da Europa ekialdeko bigarren ekonomia nagusia; euskal esportazioen 11. postuan dago, eta laugarrena da Europar Batasunaz kanpoko esportazioetan, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Txina ondoren.

Unda Turkiako ministerioekin eta enpresa-elkarteekin elkartuko da, eta Turkiako Kanpo Harreman Ekonomikoetako Kontseiluarekin (DEIK) elkarlanean antolatu den "Euskal Herria: ekonomia lehiakorra eta iraunkorra" jardunaldian hartuko du parte.

Euskal ordezkaritzak herrialde hartan finkatuta dauden enpresak bisitatuko ditu -hala nola Fagor Industrial-, baita SPRIk Istanbulen duen enpresa-bulegoa ere.

Euskadiko 14 enpresa dago finkatuta Turkian, horietako sei merkataritza-ezarpenak dira eta zortzi ezarpen produktiboak dira.

Euskadiko sektore turistikoa 10ean aurkeztuko da Istanbulen, herrialde horretako touroperadore eta bidaia-agentzia nagusien aurrean.

Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, buru duen ordezkaritza batek Turkia bisitatuko du datorren astean. Garatze-bidean dagoen merkatu nagusietako batean euskal enpresen interesak sendotzea da xedea; izatez, Europa ekialdeko bigarren ekonomia bihurtu da Turkia.

Misio horretan energiarekin, trenbidearekin, automozioarekin, makina-erremintarekin eta beste sektore batzuekin lotzen diren 70 enpresa inguru elkartu dira... Ordezkaritza horren barruan daude, halaber, Eusko Ganberetako presidentea, Gregorio Rojo, Confebaskeko idazkari nagusia, Nuria López de Guereñu, eta euskal sei clusterren eta preclusterren buruak (AFM, Eraikune, Habic, Siderex, Mafex eta Logistikako clusterra). BEC eta Bilboko portuko agintaritza ere joan dira.

Azken urte hauetan hainbat misio egin dira Euskadiren eta beste herrialde batzuen arteko merkataritza harremanak sendotzeko -horietako askok Patxi López lehendakaria buru zuten-. Hala, Euskadiren eta Txina, Brasil, Ameriketako Estatu Batuak, Arabiar Emirerriak, Qatar eta India gisako herrialdeen arteko merkataritza-harremanak sendotzeko aukera eman duten misioen barruan biltzen da Turkiara egiten den enpresa- eta erakunde-bidaia hori.

Merkataritza-harremanak sendotzearen ildoan, Turkia lehentasuna duen herrialde bat da Euskadiren interesetarako. Europa ekialdeko bigarren ekonomia garrantzitsuena da. Gainera, euskal esportazioen 11. postuan dago, eta laugarrena da Europar Batasunaz kanpoko esportazioetan, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Txina ondoren. Bestalde, Espainiatik Turkiara egiten diren esportazioen % 9 inguru euskal esportazioak dira.

Esportazioak % 12 hazi dira

Turkiarako esportazioak azken bost urteetan batez beste % 12 hazi dira, eta, Turkiako ekonomiaren bilakaera bikainarekin lotzen den dinamismoa kontuan izanik, Euskadiko esportazioek hazten jarraitu beharko lukete. Horrez gain, Espainiaren eta Turkiaren arteko Aduana Batasunaren Akordioak erraztu egiten du 1996tik aurrera esportazioen fluxua.

Euskadiko 14 enpresa dago finkatuta otomaniar herrialdean, horietako sei merkataritza-ezarpenak dira eta zortzi ezarpen produktiboak dira. Datorren asteko misioa baliagarria izango zaie Turkiara joaten diren enpresetako batzuei haien sektorearentzat herrialde hartan dauden etorkizuneko aukerak neurtzeko.

Turkian honako sektore hauetako enpresek dute aukerarik handiena: energia berriztagarrien eta ingurumenaren arloko ekipamendua, trenbide-materiala, aholkularitza- eta ingeniaritza-zerbitzuak, telekomunikazioak eta teknologia, elikagaien industriarako makineria, makina-erreminta, ehungintzako makineria, etxerako ehungintza, hotel-ekipamendua, nekazaritza-sektorea, hiri-ekipamendua, industria-azpikontratazioa, tresna elektronikoak eta industria-elektronika.

Orain arte, euskal enpresek ondo baliatu dituzte azken urte hauetan egindako misioak. 350 enpresatik gora hartu dute parte lehendakaria buru zuten bidaietan, eta emaitzak positiboak izan dira.

Brasilerako, Txinarako, Arabiar Emirerrietarako eta Ameriketako Estatu Batuetarako esportazioak % 57 hobetu dira, batez beste, 2009 eta 2011 artean. Horrez gain, Mondragon Korporazioaren txosten batean jaso denez, askotariko kokalekuetan finkatutako taldeko enpresek + % 26ko enplegua sortu dute Euskadin, kanpoaldean ezarri ez diren enpresetan - % 10 izan denean.

Misioaren agenda

Misioari hasiera emateko egingo den enpresa-jardunaldian, Turkiara joandako ia 70 euskal enpresek zuzen-zuzenean ezagutuko dute herrialde hartan finkatuta dauden zenbait euskal konpainien esperientzia.  Ondoren, Bernabé Unda buru duen ordezkaritza Turkiako hainbat ministeriorekin eta enpresa-elkarterekin (patronalarekin, merkataritza-ganberarekin, teknologia eta garapeneko antolakundeekin,...) bilduko da.

Undak, halaber, Turkiako Kanpo Harreman Ekonomikoetako Kontseiluarekin (DEIK) elkarlanean antolatu den "Euskal Herria: ekonomia lehiakorra eta iraunkorra" aurkezpen sektorialeko jardunaldian hartuko du parte. Turkiako hainbat organismo daude gonbidatuta Euskadik eta Euskadiko enpresek, batez ere energiaren eta makina-erremintaren teknologien arloan, eskaintzen dituzten aukerak eta ahalmenak ezagutzeko. Sailburuaz gain, Gamesa eta Arteche euskal enpresek ere hartuko dute parte jardunaldi horretan, baita Makina-Erremintaren clusterrak (AFM) ere.

Era berean, euskal ordezkaritzak herrialde hartan finkatuta dauden enpresak bisitatuko ditu -hala nola Fagor Industrial-, baita SPRIk Istanbulen duen enpresa-bulegoa ere.

Sailburuak ordezkaritzako kideei eta bertako enpresei eta agintariei harrera-ekitaldi bat eskainiko die 10ean Istanbulen. Euskadi herrialde hartako touroperadore eta bidaia-agentzia nagusien aurrean aurkeztu ondoren izango da ekitaldia.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Catalina Chamorro, directora de Internacionalización