Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Familiaren Euskal Kontseiluak familia politiken diseinuari buruzko aholkuak emango dizkie gizarte eragileei eta administrazio publikoei

2012.eko urriak 01

Familiaren Euskal Kontseiluak, familiei buruzko politika publikoen diseinuan parte hartzea bideratzeko ardura duen kontsulta organoak, eraketa bilkura egin zuen joan den ostegunean. Bileraren burutzan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila izan zen, kontseilua sail horri atxikita baitago.

Familiaren Euskal Kontseilua eratzea Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean dago xedatuta. Lege horren helburua da familia politika integrala egiteko esparrua eta horren oinarriak zehaztea, betiere familiaren eta familiako kideen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Aholku organo berriak funtzio ugari ditu, eta horien artean, familiaren arloko lege aurreproiektuei, dekretu proiektuei eta erregelamenduei buruzko txostenak egitea dagokio, baita familiei laguntzeko erakunde artean egiten diren plan proposamenen berri ematea ere. Horrez gain, kontseiluak familiei laguntzeko erakunde arteko planen betetze mailari buruzko xedapenak eman ahal izango ditu. Era berean, Jaurlaritzari eta gainerako administrazio publikoei familia arloko proposamenak egin ahal izango dizkie, eta proposamen horien segimendua egiteko eskumena izango du.

Familiei Laguntzeko lege horrek hainbat batzorde ezartzen du Familiaren Euskal Kontseiluaren barnean, hala nola Familiaren Sail arteko Batzordea, Familiaren Erakunde arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkorra. Lehenengoa Eusko Jaurlaritzaren sail guztiek familia arloan egiten dituzten jardunak koordinatuko dituen organoa da; bigarrena administrazio publiko guztien familia arloko lankidetza , koordinazio eta partaidetza organo gorena da; eta hirugarrena, familien babes, arreta eta laguntza dagokien gizarte eragileen berariazko partaidetza foroa da.

Familiaren Euskal Kontseiluak 32 kide ditu, Foru Aldundien, Udalen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen ordez dihardutenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan