Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik “bete egingo du” defizit helburua, murrizketekin “desadostasunak” badaude ere

2012.eko urriak 02

Autonomia Erkidegoetako presidenteen Batzarra amaitu ostean, Euskadik “zorrotz beteko duela Europarekiko defizit helburua” adierazi du Patxi López lehendakariak . Gainera, onartu du barne-banaketa dela eta, Espainiako Gobernuarekin desadostasunak sortu direla, “Autonomia Erkidegoak gastu publikoaren zati handi bat gure gain hartzen ari garelako”. Aldi berean, adierazi du ezinbestekoa dela Gobernuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko aurrekontu-banaketa aldatzea “ez baita bidezkoa ezta errealista ere, 2013rako baimendutako % 4,5etik % 3,8 Administrazio zentralean geratzea eta % 0,7 erkidegoetan”.

Bestetik, egungo krisi ekonomikoa eta ezarritako helburuei erantzun egokiak eman behar dizkiogula kontuan hartuta, Lópezek “helburu argiak eta bateratuak” definitzeko beharra azaldu du, Madrilen ospatu den Autonomia Erkidegoetako presidenteen V. Batzarrean. Gainera, “adostutako politika guztietan guztion arteko erantzukizuna” aldarrikatu du, adierazi duenez, “bakoitza bere aldetik joateak ez duelako funtzionatuko; izan ere,  guztiak elkarrekin salbatzen ez bagara, ez baita inor salbatuko”.

Lehendakariak “aurrekontuak orekatzeko epeak malgutzea” eskatu dio Europari, eta hazkunde ekonomikoa bultzatuko duten “plan errealetan oinarrituko diren inpaktu-neurri berrien” beharra azpimarratu du.
López lehendakariak adierazi du ados dagoela aurrekontuak orekatzeko eta defizita kontrolatzeko helburuarekin, baina uste du “defizitari aurre egiteko hartutako neurriek zor handiagoa eragin dutela, atzeraldi ekonomikoa eta langabezia areagotu dutela, eta Ongizate Estatua suntsitzen ari direla”.

Patxi López lehendakariaren arabera, gure herriaren etorkizuna lehiakortasunean oinarritzen da, nazioarteratzeko duen gaitasunean, eta “hori lortzeko, hezkuntza eta ezagutza sortzea bultzatu behar dugu”. Horregatik, lehendakariaren ustez, “zerbitzu zorrotzak eskaini behar ditugu, eta horiek indartu, suntsitu ordez”. Lópezek Mariano Rajoiri adierazi dio ez dagoela ados bere gobernuak garatutako politikekin, “aipatutako printzipio guztiak hausten dituztelako. Gainera, ez nago bat ere ados lege-dekretu bidez konpetentziak berriz zentralizatzeko hartutako erabakiarekin, are gehiago, guztiz kontra nago”.

Espainaren erreskatea

Lehendakariak Espainiaren erreskate posible baten inguruan hitz egin du ere, eta “erreskatea eskatu baino lehen baldintzak ezagutu” behar direla azaldu du; hori egin ostean, “ondorioak non jarriko diren” argitzeko.
Erreskatea eskatzeko asmoa baldin badago, Espainiako Gobernuko presidenteak “presidente autonomikoei horren berri emateaz gain, herrialdeari eta gizarteari ere jakinarazi behar diola” azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)