Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Gasteizko tranbiak Suediako talde baten bisita jaso du

2012.eko urriak 01

Gasteizko tranbiak Suediako tranbia elkarteko kideen bisita jaso du gaur. Taldea, 7. linea, Djurgardslinjen izenekoa, ustiatzen duen konpainiako gidariek, irakasleek eta gerenteek osatu dute. Linea hori oso ezaguna da, eta jendearen gogobetetasun maila %95etik gorakoa da.


7. linea 1991n inauguratu zuen Suediako tranbia elkarteak, Stockholm-eko hiriko museo-linea gisa. Hirian bertan dagoen Norrmalmstorg, museoak eta jolas-parkea dituen eta gune berdea den Djurgarden uhartearekin lotzen du. Suediako linea hori asteburu guztietan zegoen martxan apirilaren amaieratik abenduaren amaierara, eta egunero maiatzetik abuztuaren amaierara arte. Urtean 360.000 bidaiari inguru zituen.


1995etik, linea hori Stockholm hiriko garraio publiko sarean sartu zen. Linea erdialdeko geltokiraino luzatu zen. Horrela, 1967an izandako zirkulazio noranzkoaren aldaketatik, hau da, ezkerretik gidatzetik eskuinetik gidatzera eraman zuen aldaketatik, bizirik irauten zuten bi tranbia lineetako batekin bat egin zuen. Gaur egun, 7. lineak solairu baxuko tranbia modernoak erabiltzen ditu zerbitzua eskaintzeko, 20 ordu egunean, urte osoan.


Elkarte horretako kideek, EuskoTreneko ordezkaritza batek lagunduta, Tranbiaren Aginte Postua eta tailerrak bisitatu dituzte. Ondoren, ordezkaritzak unitateetako bat hartu du, Gasteizen bidaia egiteko. Bidaia horretan, tranbiaren ibilbidea zein den ikusteaz gain, hirian nola integratu den ikusi ahal izan dute.


Bisita horrekin, Gasteizek eta bertako Tranbiak, Estatuko eta nazioarteko hainbat lekutatik etorritako taldeak jaso ditu. Gaur jasotako bisitarekin, 38 dira guztira Espainiatik, Estatu Batuetatik eta Europako, Hego Amerikako eta Amerika Erdialdeko zenbait herritatik etorrita Gasteizko Tranbiaren instalazioak bisitatu dituzten taldeak, 2009an zerbitzua martxan jarri zenetik.


URTEZ-URTEKO BISITEN XEHETASUNA


•    2009an, Estatu Batuetatik, Edinburgotik, Txiletik, Jaenetik, Malagatik Tarragonako, Lleidako eta Gironako Partzuergotik eta Belgradetik etorritako 8 bisita jaso ziren.
•    2010ean, Holandatik, Mallorcatik, Murtziatik, Leonetik, Zaragozatik, Parisetik eta Euskaditik etorritako 7 talde hurbildu ziren Gasteizera. 
•    2011n, 17 talde etorri ziren, Euskaditik, Estatu Batuetatik, Mazedoniatik, Austriatik, Birmingham-eko Unibertsitatetik, Errusiatik, Txiletik, Ekuadorretik, Leonetik, Venezuelatik eta Mexikotik. 
•    2012. urte honetan,  Suediatik etorritako ordezkaritza horrez gain, beste 5 taldek bisitatu dute tranbia. Talde horiek Estatu Batuetatik, Ekuadorretik, Costa Ricatik eta Mallorcatik etorri dira Arabako hiriburura.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan