Berriak Kultura
Eu

BASQUE CULTURAL EXCHANGE IN NEW YORK - Fall 2012 - Gaur hasiko da!

2012.eko urriak 01

BASQUE CULTURAL EXCHANGE IN NEW YORK - Fall 2012

URRIAK 1-13

Euskal kulturak berezko tokia izango du New Yorken udazken honetan, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen Basque Cultural Exchange egitarauari esker.  Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azaldu duenez, New York kulturaren hiriburua da, eta horregatik, Madril eta Bartzelonan antolatu ziren  ekitaldiei jarraiki, Institutuak bere burua bertan aurkeztu beharra zeukala uste genuen.

Programa New Yorkeko sona handiko lau gunetan burutuko da: City University of New York (CUNY), New York University (NYU), Anthology Film Archives eta New Yorkeko Cervantes Institutuan.

Lau izango dira baita ere programak jorratuko dituen gai nagusiak: euskal zinemagintza, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena, Gernikako ikurretik gaur egungo ikonoetara gaiari buruzko hausnarketa eta euskarazko musikaren historiaren gaineko begirada.  Goengaren esanetan, oso egitarau aberatsa da, erakunde askoren arteko lankidetzari esker osatu dena, eta azpitik sare moduko bat daukana, ekitaldi guztiak elkarri lotuta daudelako.

Euskal zinemagintza

City University of New Yorkeko (CUNY) Graduate Centerren inauguratu zen Bernardo Atxaga Katedrarekin zabalduko da programa. Aurtengoan Euskal Zinemagintzaren Historia izango du aztergai katedrak, Mari Jose Olaziregik Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendariak azaldu duenez, unibertsitateak berak hala eskatuta. Inongo zalantzarik gabe, Joxean Fernandez irakasle egokiena izango zela ikusi zutela ere adierazi du Olaziregik, berau Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua izateaz gain, Nanteseko Unibertsitateko irakasle titularra ere badelako.

Euskal Filmategiaren partidetza ezinbestekoa izan da, bestalde, Anthology Film Archives kultuzko filmategian urriaren 6tik 9ra bitartean eskainiko den Gerra Zibila Euskal Herrian gaiaren inguruko zikloa antolatzeko. Filmategiak udazken honetarako prestatu duen zikloaren aukeraketa bat erakutsiko da New Yorken, honako filmak eskainiz: El árbol de Guernica (Fernando Arrabal, 1975), Guernica (Robert Hessens & Alain Resnais, 1950), La buena nueva (Helena Taberna, 2008), Lauaxeta (J.A. Zorrila, 1987), Los niños de Rusia (Jaime Camino, 2001), Vacas (Julio Medem, 1992). Gainera, Tabernaren filma Joxean Fernandezek berak eta Iker Ganuza ekoizleak aurkeztuko dute.

New Yorkeko Cervantes Institutuak ere euskal zinema hartuko du, Imanol Uribe euskal zinemagileari eskainitako filme emanaldi berezi bat izango baita bertan urriaren 5ean. Han, Miel de Naranjas (2011) bere azken pelikula emateaz gain, Haika Mutil (1997) dokumentala ere eskainiko da, Mikel Laboa musikariaren soslaia egite duen lana. Uribek zuzendutako lan honen gidoigilea Bernardo Atxaga izan zen eta argazki-zuzendaria, berriz, Javier Aguirresarobe.  Emanaldian Imanol Uribe bera ere izango da eta solasean ariko da CUNYko irakasle eta euskal zinemagintzan aditu Paul Julian Smithekin batera.

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena

Anthology film Archives filmategian emango den zikloaz gain, badira bi ekitaldi gehiago bonbardaketa gogora ekarrik nahi dutenak.

Batetik, urriaren 1ean New York Universityn (NYU) burutuko den Gernika Revisited mahai-ingurua. Bertan, Gernikak ikur bezala gaur egun duen garrantziaz ariko dira Joan Ramón Resina Stanfordeko Unibertsitateko irakasle eta Iberian Studies programako zuzendaria, eta Joseba Zulaika antropologoa eta  Renoko Nevadako Unibertsitateteko Center for Basque Studies zuzendarietako bat. Mari Jose Olaziregi izango da mahai-inguru honen moderatzailea.

Bestetik, New York Universityk berak The Bombing of Guernika. The Exhibit izenburu duen erakusketa hartuko du, bonbardaketaren gaineko argibidea zein irudiak jasotzen dituena. Erakusketa urriaren 1etik abenduaren 17ra bitartean zabalik izango den arren, inaugurazioa urriaren 3an egingo dute, Amaya Arberas euskal sopranoaren emanaldia barne.

Gernikatik egungo euskal ikonoetara

Kultura  eta enpresa munduan ematen den internalizazioa eta euskal ikurren etorkizuna aztertuko dituzte urriaren 11n Cervantes Institutuan egingo den Euskal ikonoak munduan mahai-inguruan. Mundu mailako zabalkundea ordezkatzen duten hiru partaide izango ditu: Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresako sortzaile eta zuzendari artistikoa, José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Mikel Lezamiz Mondragón Korporazioko zabalkunde kooperatiborako zuzendaria. New Yorkeko Cervantes Institutua zuzentzen duen Javier Rioyo idazle eta kazetaria ariko da moderatzaile lanetan.

... eta buelta Mikel Laboara

Laboaren Baga biga higa kantuaren izena hartu dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta euskal musikariak haien multimedia kontzertuari izenburua emateko.

Kultur transmisioa eta euskal musikagintzaren historia, erreferenteak eta zaletasuna sustatu nahi duen egitasmoa da eta euskaraz abestutako musikaren historiaren gaineko begirada proposatzen du. Urriaren 13an eskainiko dute New Yorkeko Cervantes Institutuan, programari amaiera emateko.

Egitaraua burutzeko hainbat erakunderen laguntza izan du Etxepare Euskal Institutuak: Euskadiko Filmategia, Eusko Jaurlaritzako New Yorkeko Ordezkaritza, CUNY, NYU, New Yorkeko Cervantes Institutua, Anthology Film Archives, Spain Culture New York, ICAA, Euskadi 2012, eta Eusko Jaurlaritza.

Argibide gehiago

www.etxepareinstitutua.net

Irene Larraza: i-larraza@etxepare.net

Iruzkin bat
  • 2012.eko urriak 19

    Desde luego, es innegable que Nueva York está viviendo un momento de esplendor en su proyección internacional y su capacidad para inspirar y crear tendencia. Pero, ¿es NYC tan diferente es de nuestras ciudades?

    En este videoblog reflexionan de forma graciosa y creativa sobre las similitudes entre Bilbao y Nueva York:

    http://bilbaonewyork.wordpress.com/

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mari Jose Olaziregi, Joxean Fernández, Joan Ramón Resina, Joseba Zulaika, Amaya Arberas, Imanol Uribe, Paul Julian Smith, Javier Rioyo, Mikel Lezamiz, José Luis Rebordinos, Mikel Urmeneta, Eñaut Elorrieta, Mikel Markez