Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osasun eta Kontsumo Saila, Ezkerraldea-Enkarterri osasun-eskualdea eta Barakaldoko Merkataritza eta Hiri Enpresen Elkartea elkarlanean arituko dira osasuna prebenitzeko eta sustatzeko jardueretan

2012.eko irailak 27

Eragile guztien partaidetza indartu nahi dute zeregin komunitario eta sozialetan

Zenbait ikastaro egingo dituzte: adingabekoen alkohol kontsumoa prebenitzeko bat eta estresa kudeatzen ikasteko beste bat, lehenengoak

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak, Osakidetzaren Ezkerraldea-Enkarterri osasun-eskualdeak eta Barakaldoko Merkataritza eta Hiri Enpresen Elkarteak (ACE) hitzarmen-proposamen bat sinatu dute osasun komunitarioaren prebentzioa eta sustapena indartzeko, eragile guztiak koordinatuta, bai instituzionalak bai zibilak.

Hitzarmen-proposamen hori lehenengo urratsa da prebentzio komunitarioaren garapenari konponbideak emateko etorkizunean egin daitezkeen beste hitzarmen batzuei bidea emateko, gizarte-beharrizanei modu eraginkor eta gertukoan erantzun diezaiegun, bai eta eredu bihur dadin ere, beste udalerri eta osasun-eskualde batzuetan errepikatzeko.

Modu koordinatuan sarean lan egiteko, abian jarri behar dira gure inguruan ditugun baliabide baliotsuak, emaitzak maximizatzeko eta gizarte-eragileen parte hartzea bultzatzeko, osasun-arloan prebentzioak duen garrantziaz modu sakonagoan eta zabalagoan jabe gaitezen.

Hitzarmen-proposamenaren edukia 

  • Osasun eta Kontsumo Sailak, Ezkerraldea-Enkarterri osasun-eremuak eta Barakaldoko Merkataritza eta Hiri Enpresen Elkarteak (ACE) gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko elkarrekin adostutako jarduerak egingo dituzte, eta jardunbide on batzuk jarriko dituzten abian, merkataritza aktiboa izateko. 
  • Elkarren arteko koordinazioa bultzatuko dute, sektore arteko lankidetza ildoari eusteko. 
  • Batzorde misto bat sortu da elkarrekin jardun dezaketen alor komunak zein diren erabakitzeko, eta hitzarmena betetzen dela eta behar bezala betetzen dela zaintzeko. Elkarrekin lan egingo duten erakundeetako bakoitzak izendatutako ordezkariek osatuko dute batzordea.

Jarduera zehatzak

Zenbait jarduera egingo dira harremanak sendotzeko eta elkarren arteko lana bultzatuko duten bideak indartzeko, zeinak erkidegoko kideei zuzendurik egongo diren. Ikastaroak izango dira jarduera horiek:

  • Lehenengoa, urriaren 3an egingo da. "Banaketa arduratsua" izenburua izango du, eta helburua da, hitzarmen honen helburu orokorrari helduz, banatzen edo kontsumitzen diren edariak arduraz kontsumitzea lortzea, bereziki, adingabeen artean, eta ikuspegi hori izanik, baita hiri-eremuak egoki erabil daitezen lortzea ere. Ikastaroa Barakaldoko "Clara Campoamor" kultura-etxean egingo da. 

Gaur egun, badirudi alkohol gutxiago kontsumitzeko joera ari dela nabaritzen, baina ezinbestekoa da alkoholaren gehiegizko kontsumoak dakartzan arriskuei buruzko sentsibilizazio-ahalegina handitzea, bereziki, gazteenen artean, horiek baitira alkohol kontsumoa ez dela hain arriskutsua uste dutenak. 

Hasieran, alkohola taldean kontsumitzen da. Hasierako probaketa  horren atzetik, nerabeak erabaki dezake gehiago ez kontsumitzea edo kontsumitzen jarraitzea. Kasu horretan, edaten jarraitzen du, modu orokorrean, taldeak indartu egiten duelako eta bere erabakia txalotu, nahiz eta esperientzia fisiko txarrak izan.

Euskadi eta Drogak 2010 izeneko inkestaren arabera, 2006tik 2010era, % 37 izatetik % 33 izatera iragan da kalean alkohola kontsumitzen duten gazteen ehunekoa, nahiz noizean behin bakarrik edan, eta aste-bukaeretako kontsumoari dagokionez, berriz, esan behar da ia herritarren % 10ek edaten duela gehiegi edo arriskuko edale dela. 15-19 urte bitarteko gazteen artean, ordea, % 19 dira gehiegi edaten dutenak eta 20-24 urte bitartekoen artean, % 28.

Horregatik da ezinbestekoa kalean alkohola kontsumitzen duten gazteei zuzendutako prebentzio-, tratamendu- eta gizartearen alorreko laguntze-neurriak gehitzea, eta hortxe, hain justu, hartzen du garrantzi berezia gizarte-kontzientziak eta lan komunitarioan parte hartzeak. 

  • Azaroan, beste ikastaro hau egingo da: "Estresaren kudeaketa". Helburua da, batez ere, emakumea babestea komunitatearen eremuan, eta horretarako bere autokontrol emozionala, gizarte-trebetasunak eta gizarte-babeseko sareak areagotzea.

Bereziki, merkatariei zuzendutako ikastaroa da, baina, hedapenez, baita beste hauei ere: antsietate-arazo orokor bat izan eta bizi-aukera gisa psikofarmakoak erabiltzea erabaki duenei (normalean, emakumeak izaten dira nagusi egoera horretan) edo alkohol-kontsumora jo dutenei -gehiagotan gizonak-, eta, gainera, lehen mailako arretako zentroetako kontsultetara maizegi joaten direnei. Modu horretan, arazoaren errora joan, eta mendekotasun orok, ez substantziagatik beragatik baizik eta aurretik egon, eta tratatu eta konpondu beharrekoa den arazo batengatik, sortzen dituen ondorioak saihestu nahi dira.

Programa horren bitartez, asmoa da pertsonarengana ikuspegi orokor eta integratzaile bat izanda hurbiltzea, eta antsietatea sortzen dioten egoerak hobetzen edo horiei aurre egiten erakustea, psikofarmakoen mendean erori gabe. 

Azken helburua, berriz, herritarren artean bizi-estilo osasungarriagoetara zuzendutako ohiturak sustatzea da, bai eta beste gizarte-indargarri batzuk bila ditzaten saiatzea, paziente-roletik kanpo iraun dezaten. 

  • Aurrerago prebentzioaren eta osasun-sustapenaren esparruko beste jarduera batzuk ere egingo dira: diabetesa, hipertentsioa, oinarrizko erreanimazio kardiopulmonarra.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan