Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Itourbask sareak prestakuntza jardunaldi bat antolatu du Portugaleten, Turismoaren Munduko Eguna ospatzeko

2012.eko irailak 27

Turismoaren euskal sareak 47 bulego eta informazio-puntu dauzka Euskadiko eskaintza osoaren berri emateko, eta horien artean daude Aireportukoak, Getxoko Kruzeroetakoak eta Ferrikoak.

Itourbask Turismo Bulegoen Euskal Sareak Turismoaren Munduko eguna ospatuko du bihar, prestakuntza jardunaldi bat eskainiz sarekide guztiei. Portugaleten egingo da jardunaldia, Portugaletekoa izan baita sareari atxiki zaion azken bulegoa eta, beraz, azkena baita ere taldekide izateagatik lortzen diren lan sistemak eta aurrerapen teknologikoak baliatu dituena.

Hala, laneguna Portugaleteko Santa Clara Kultur zentroan ospatuko da eta sareko hogeita hamar bat teknikarik parte hartuko dute. Bertaratzen direnek, Itourbask sareko tresnei eta beren erabilpenari buruzko informazioa jasotzeaz gain, Burdinaren Musoaren historia ezagutu ahalko dute 125. urteurrena ospatzen ari den honetan, eta baita ere bere jarduera turistikoan duen eragina; bestalde, museoa kokatuta dagoen Salazar Dorrea bisitatuko dute eta Unescok Gizateriaren Monumentu izendatutako Bizkaiko Zubira ere joango dira.

Itourbask sareak 47 bulego eta informazio-puntu ditu Euskadin, horien artean daudelarik Aireportukoak, Getxoko Kruzeroetakoak eta Ferrikoak. Sarearen helburu nagusia da erabiltzaileei Euskal Autonomia Erkidego osoko informazio turistiko uniformea, eguneratua eta homogeneoa ematea. Horretarako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, besteak beste, Euskadiko baliabide eta zerbitzu turistikoak jasotzen dituzten datu baseak. Tresna horien xedea da dagozkien funtzioetan elkarrekiko trukea eta komunikazioa ahalbidetzea, estaldurari eta eduki informatiboari buruzko ezaugarri homogeneoak ematea, turismo erabiltzaileei zerbitzu multzo integrala eskaintzea, erabiltzaileen asebetetze maila hobetzea eta EAEko turismo baliabideen komunikazioa eta hedapena bultzatzea.

Ondarea eta toki interesgarriak

Portugaleten nazioartean erreferentziazkoak diren hainbat monumentu daude eta kalitatezko ostalaritza- eta merkataritza-eskaintza ere bai. Portugaleteko erakargarritasun turistiko nagusia Bizkaiko Zubia da, jendartean Zubi Esekia izenarekin ezagutzen dena. 1893an eraiki zen eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendapena eman zion, munduko zubi transbordadorerik zaharrena baita.

Era berean, aipatzekoa da Santa Maria Basilika, XV eta XVI. mendeen artean eraikitako tenplu gotiko-errenazentista.  Eliza hori basilika txiki izendatu zuten 1951ean. 1984az geroztik interes kulturaleko ondarea da Monumentu Historiko-Artistikoaren kategorian. Arestian aipatutakoez beste, hauek ere ikus daitezke Portugaleten: XIV. mendeko Salazar Dorrea, 1614ko Santa Klara Komentua, 1883ko udaletxea, 1853ko Lexarza Jauregia eta UNEDen Bizkaiko egoitza, 1894ko El Saltillo Jauregia, Gran Hotel Puente Colgante eraikina, 1871n berregituratu eta eraikia, duela sei urte irekitako Industriaren Museoa (Rialia), 1883ko Mareometroa, 1887ko Burdinaren Kaia, 1903ko Víctor Chávarriren Monumentua, 1912ko Musika Kioskoa, Areilza doktorearen Plaza eta alde zaharra.

Gasteizen, 2012ko irailaren 27an

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)