Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

e-Rezeta – Errezeta Elektronikoaren hedapenari ekin zaio Gipuzkoan

2012.eko irailak 26

Bihar abiaraziko da Oñatin, Derion, Abetxukon eta Rivabellosan egin den moduan, Euskadi osoan sendagaien erabileran segurtasuna bermatzeko sistema bat ezartzeko lehen fasearen barruan

Bihar, irailaren 27an (osteguna), e-Rezeta-Errezeta Elektronikoa abian jarriko da Gipuzkoako Oñatiko udalerrian. Horrela, e-Rezeta lehen aldiz iristen da Gipuzkoara. Uztailean eman zitzaion hasiera ezarpenaren lehen faseari Derion (Bizkaia) eta Abetxukon (Araba), eta irailaren 18an Rivabellosara (Araba) iritsi zen.

Oñatin abian jarri izanari esker, e-Rezeta EAEko hiru lurraldeetan ezartzea lortu da. Orain arte ezarpena egin den hiru udalerrietan oso ondo ari da funtzionatzen eta harrera bikaina jaso du erabiltzaileen artean. Halaber, sistema berria erabiltzeko orduan izandako normaltasuna eta naturaltasuna azpimarratu behar dira.

Oñatin Osasun Zentro bat, lau Farmazia Bulego eta guztira 11.309 Osasun Txartel Indibidual daude. Gaur egun egiten diren errezeten % 84 gaixotasun kronikoengatiko tratamendu aktiboak dituzten pazienteentzat izaten dira.

e-Rezetari esker, funtsezko hobekuntza bat lortzen da sendagaien erabileraren segurtasunean, eta gainera, gaixo kronikoen taldea da etekin handien ateratzen dion taldeetako bat, talde hori baita sendagai gehien kontsumitzen dituena. Osasun-langileen eta Farmazia Bulegoen arteko komunikazioa hobetzean, errezetak egitean izan daitezkeen akatsak saihesten dira eta tratamenduen jarraipenaren eraginkortasuna sustatzen da, eta modu horretara, segurtasuna indartu egiten da. Bestalde, pazienteei lana errazten zaie, ez baitute Osasun Zentrora joan behar sendagaiak amaitzean errezetak berritzeko, eta, horrezaz gainera, paperezko errezetak desagerrarazteko beste urrats bat eman da.

e-Rezetaren hedapenari ekin zitzaionetik -uztailaren 23an Derion, hilabete bereko 27an Abetxukon eta joan den irailaren 18an Rivabellosan-, guztira 14.697 sendagai banatu dira eta 5.847 paziente artatu dira. Emandako sendagaien % 70 patologia kronikoetarako tratamenduen sendagaiak dira.

e-Rezetaren lehen hedapen-faseko hurrengo udalerriak hauek dira: Elorrio (Bizkaia), urriaren 10ean, Labastida/Bastida (Araba), urriaren 17an, Lekeitio eta Ea (Bizkaia), urriaren 24an, eta Hondarribia (Gipuzkoa), azaroaren 8an. 2012 amaieratik 2013 hasierara aurreikusi da e-Rezeta EAE osora zabaltzea.

Iruzkin bat
  • @osvalbuena
    2012.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: e-Rezeta - Receta Electronica arranca su despliegue en Gipuzkoa. http://t.co/xsZk8OSD

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan