Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak VISESAren kapitala handitzea onartu du (2012-09-25(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko irailak 25

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A./ Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, SA sozietate publikoaren kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena eman eta sozietatearen estatutuak onartzen dituena

Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretua onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari "Sociedad Pública Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A./ Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, SA (VISESA) sozietatearen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetu ditzan, eta haren estatutuak alda ditzan.

Gaur egun, VISESAk 23 milioi euroko kapitala dauka; kapital horren % 67,01 Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena da; % 28,69 Kutxabank erakundearena, eta % 4,30 Euskadiko Kutxarena.

Kapital-gehikuntzarako ekarpenak dirutan egingo dira, guztira 13,8 milioi euro gehi 11,1 milioi euroko jaulkipen-saria, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak jarriko du oso-osorik, gainerako akziodunek lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiten diotela jakinarazitakoan. Horiek horrela, sozietatearen kapitala 36,9 milioi eurokoa izango da.

Kapital-gehikuntzaren xedea da Etxebizitza Sailak ezarritako etxebizitza-politika burutzeko behar adina baliabide izatea sozietateak, eta hartara, 2010-2013 Etxebizitzaren Plan zuzentzaileak jarritako helburuak lortu ahal izatea, eta jakina, enpresaren finantza-egitura hobetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen akzioak erositakoan, Administrazio honek sozietatean duen partaidetza % 79,36koa izango da; Kutxabank SArena % 17,95, eta Euskadiko Kutxa, S. Coop. Elkartearena, % 2,69.

Sozietatearen kapital-gehikuntzak berekin ekarriko du sozietatearen estatutuak ere aldatzea.

Etxebizitza Sailaren iritziz, etxebizitzaren gaineko politika publikoek alokairua izan behar dute oinarri nagusi. Visesari egingo zaion kapital-ekarpen honekin babestutako etxebizitzen eta, horien artean bereziki, alokairukoen, aldeko apustu garbia eta sendoa egin nahi da, eta horrek, berriro ere, argi eta garbi uzten du Saila benetan engaiaturik dagoela 2010-2013 Etxebizitzaren Plan Zuzentzailean proposaturiko ekintza-lerroekin.

Finantza-merkatuaren egungo egoeraren ondorioz, sozietate asko beren kapital-egitura aldatzen ari dira, batez ere, higiezinen inguruko enpresak. Horrela, bada, kapital-gehikuntza honekin Visesaren egitura ekonomikoa indartu nahi du Jaurlaritzak, eta etxebizitza babestuaren sustapenaren aldeko konpromisoa berretsi.

Berriki garatu diren politika ekonomikoek sozietate pribatuen eta publikoen zorpetze-maila txikiagoa izatea dute helburu, eta hori lortzeko zorpetze-tasa mugatu eta gutxitzera jo da. Eta politika horiek aplikatu beharreko zerga-araudian ere izan dute egina, sozietateen gaineko zergan kengarria den finantza-kostua mugatzea proposatu baita.
Horri, finantza-merkatuen egoera eta merkatu horiek higiezinen sektorean eragiten duten penalizazioa gehitzen badiogu, ezinbestekoa da egiturak sendotzea, nork bere funtsak erabiliz, eta inoren funtsekiko mendekotasuna pixkanaka-pixkanaka txikitzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan