Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak bermatutako errealitatea da jada Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala

2012.eko irailak 25

Ezagutza zientifikoa sortzea du helburu, zahartzearen kausei, eta, hedapenez, kronikotasunari buruz

Gobernu Kontseiluak Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (ZIZN) eraketa-estatutuak eta jarduera-plana onetsi ditu

Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala (ZIZN) eratzeko estatutuak eta haren jarduera-plana onetsi ditu gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, hau da, zahartzearen kausa nagusiei irtenbidea aurkitzen laguntzeko ikerketa eta ezagutza zientifikoa sortzea helburu duen zentro bat sortu dute, munduan bakarra; helburua pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaixotasunik gabeko bizi-denbora luzatzea du. Hala bada, ezagutza horrek balioko du gaixotasun kronikoak prebenitzeko, atzeratzeko eta ez izaten laguntzeko, zeinak kasu askotan zahartzaroarekin estuki loturik dauden.

Mundu osoan, eragin sozial eta ekonomiko handia ari da izaten pertsonek geroz eta bizi-itxaropen luzeagoa izateak, eta, halaber, baita gaixotasun kroniko gehiago izateak ere, eta, bereziki, gurea bezalako gizarte batean, planetako zaharrenetako bat baita.  Horrenbestez, ezinbestekoa da errealitate horri ahalik eta hobekien aurre egiteko tresnak sortzea.

ZIZNek maila goreneko zientzialariak izango ditu, eta eremu molekularrean zahartze zelularraren eta ikerketa genetikoaren inguruko jarduerak egingo ditu, eta, era berean, produktuak, teknologiakoak eta zerbitzuak sortuko ditu, merkatu soziosanitarioan erabiltzeko, bai eta banakoarentzat eraginkorrak izateko ere.  

Sarean lan egingo duen ikerketa-zentro izateko sortu da. Berezko jarduerak osatzeko, hitzarmenak egingo ditu estatu mailako nahiz nazioarteko sona handiko beste ikerketa-zentro batzuekin.

Zentroa Donostian egongo da Miramongo Teknologia Parkean. Behin-behineko egoitza izango da hori, dena den,  2015era arte ez baitu behin betiko instalaziorik izango.

Europako FEDER funtsetatik -eskualde-garapenera bideratzen dira- eta Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Funtsetik finantzatuko da zentroa. Zentroa sortuta, prestakuntza handiko lanpostu gehiago ere sortuko dira, eta, oro har, Euskadin osasun-arloko I-G+b-rekin erlazionatutako eragile gehiago izango da.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-09-25n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan