Berriak Herrizaingoa
Eu

EAE osoan aurkeztuko diren hautagaitzen gehieneko gastua ezin izango da milioi bat eta erdi euro baino handiagoa izan

2012.eko irailak 25

EHAAn argitaratu da gaur Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko sailburuaren agindua. Horren bidez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako kanpainan gasta daitekeen diru-kopurua mugatu egin da

Urriaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetara EAEko hiru Lurralde Historikoetan aurkeztuko diren hautagaitzen gehieneko gastua 1.540.745,15 eurokoa izango da. Horrela dago jasota Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio saileko sailburuaren (Idoia Mendia) aginduan. Agindu hori gaur argitaratu da EHAAn.

Arabako lurraldean bakarrik aurkeztuko diren alderdientzat, gehieneko kopurua 340.669,95 eurokoa izango da; Bizkaian aurkezten direnentzat, 694.355,32 eurokoa; eta Gipuzkoan aurkezten direnentzat, 505.719,88 eurokoa. Alderdiek, federazioek, koalizioek edo hautesleen elkarteek ezin izango dituzte gainditu Aginduak ezartzen dituen zenbatekoak.

Gastu-muga hori kalkulatzeko, Hauteskunde Legean ezarritako baremoak aplikatzen dira, Ekonomia eta ogasun sailburuaren 2012ko abuztuaren 30eko aginduaren arabera eguneratutakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko bakoitzean dagoen eskubidedun biztanleriaren azken zifra ofiziala oinarri hartuta; zifra hori 2011ko urtarrilaren 1ari dagokio.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legeak honela definitzen du hauteskunde-kanpaina: "botoa erakartzeko egiten diren legezko jarduerak". Lege-testu horrek, gainera, hau adierazten du: jarduera horiek hautagaiek, alderdiek, federazioek, koalizioek edo hautesle-elkarteek bakarrik egin ahal izango dituzte.

Hauteskunde-kanpainan, hautagaitzek publizitatea kontrata dezakete, titulartasun pribatuko irratietan eta egunkarietan jartzeko. Hala ere, kontzeptu hori dela-eta eginiko gastuak ezin izango dira aurrez ikusitako gastu-mugaren % 20 baino gehiago izan. Bestalde, alderdi politikoek euren hauteskunde-ekitaldiak toki hauetan egin behar dituzte: lokal ofizialetan, erabilera publikorako irekita eta xede horretarako doan erreserbatuta daudenetan. Udalen ardura da esparru horien katalogoak egin eta egunean jartzea, eta horien titularrak diren erakundeen aurrean behar diren kudeaketak egitea, esparru horien erabilera lagatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko