Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza

Urtebeteko ibilaldiaren ostean igande honetan amaituko da Egun bat arrantzan erakusketa

2012.eko irailak 21

Pasaiako Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan dago igandera arte, urtebeteko itinerantziari amaiera emanez

Egun bat arrantzan erakusketa bere ibilbidearen amaierara iristear da. Iazko irailean inauguratu zen Bilbon eta orduz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko hamalau txokotatik igaro da arrantza-kultura herritarrengana hurbiltzeko eta dibulgatzeko. Portugalete, Leioa, Laudio, Arrasate, Amorebieta, Donostia, Eibar, Urbil Zentro Komertziala, Getaria, Ondarroa, Bermeo, Hondarribia eta Vitoria-Gasteiz izan dira erakusketa jaso duten lekuak, eta egunotan Pasaiako Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan dago ikusgai. Urtebetean 11.000 bisitari izan ostean, itinerantziari bukaera emateko azkenen egonaldia izango da.

Jokin Diaz, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industriarako sailburordearen esanetan, erakusketak hasiera batean markatu zituen helburuaki bete ditu. EAEn arrantza sektoreak garrantzi handia du eta horretarako ezinbestekoa da herritarrek hori baloratzea. "Esaterako, 2.300 euskal arrantzale daude eta horietako bakoitzeko lehorrean x3,5 lanpostu daude -saregileak, kontserba fabrikak, industria lagungarria, ...- gehiago daude. Alegia, sektore garrantzitsua da, ez baitira bakarrik itsasoko langileak hartu behar kontutan".

Jokin Diazen esanetan, egunotan Ondartxon dagoen erakusketa ibiltariak zuzen zuzenean erantzuten dio zeregin horri, izan ere, helburuen artean zegoen arrantza herritarrengana hurbiltzea eta ezagutza areagotzea, arrantza mundua ezagutzera ematea modu berezi eta erakargarrian, eta bereziki protagonismoa ematea arrantza sektorean parte hartzen duten agenteei testigantzen bidez. Arrantza sektorearen hainbat alor oso ezezagunak dira eta erakusketak hedapenean asko lagundu du.

Urtebete, 14 txoko eta 1.361 ikasle

Erakusketa aproposa izan da edozein herritarrentzat, bai arrantza giroa eta sektorea ezagutzen ez dutenentzat, baina baita oso gertutik bizi dutenentzat ere.

Zentzu honetan, oso garrantzitsua izan da leku bakoitzeko ikastetxeen partehartzea. Guztira, 56 ikastetxek hartu dute parte urte guztian zehar. Honela, lehen hezkuntzako laugarren mailako ikasleek izan dute erakusketa bisitatzeko aukera, eta euretako askorentzat arrantza sektorearekin izan duten lehen hartu-emana izan da, zentzu guztietan aberatsa izanik. Azpimarratzeko da, ikasle askoren kezka eta jakin-mina itsas ikerkuntzaren gainean, izan ere, erakusketan ikusgai dauden ikus-entzunezkoei esker, harrituta geratu dira kantauriko hegaluzea nola arrantzatzen den banan bana, nahiz eta, ia ikasle gehienen arrainik gustukoena legatza izan.

Erakusketarekin batera antzerkia ikusteko aukera izan dute. Arrantza jasangarria eta itsasoa zaintzeko beharra erakutsiz. Modu didaktiko eta erraz batean azaldu zaie zein den garaian garaiko arraina eta zein garrantzitsua den orduan kontsumitzea.

Adi dagoen publikoa

Bilboko Itsas Museoan duela urtebete egin zen inagurazioaren ondoren, erakusketak hainbat txoko ezagutu ditu. Zenbait herritako kultur etxe txikiak, zentro komertzialak eta arrantza azokak. Leku ezberdinak izateak, publiko zabal batengana iristeko aukera eskaini du. Zenbaki zehatza jakitea zaila den arren, gutxi gora-behera 11.300 herritar inguruk ikusi dute erakusketa.

Jokin Diaz sailburuordearen esanetan: "erakusketara gerturatu den bisitariak ikasteko gogoa erakutsi du. Herritarren artean arrantzaren etorkizunari dagokionez kezka dagoela sumatu dugu, baina, baita ikusi dugu askok ongi ulertu dutela, arrantza jasangarria bada eta arrantzaleen lana baloratzen duen merkatua badago, arrantza sektoreak etorkizun oparoa izango duela. Ezin dugu arrantzarik gabe Euskadi ulertu eta herritarrek ere ez".

Erakusketa osatzen duten 14 panelek bai bi ikus-entzunezkoek arrantza sektorearen egungo argazkia erakusten dute. Baxurako zein alturako arrantzaleak, handizkariak, saregileak, enpakadorak eta kontserba fabriketako langileen esanak biltzen dira bi bideoetan, bakoitzaren egungo lana eta eurak arrantza sektorea nola ikusten duten azalduz. Hitza duten horiek dira egungo euskal arrantza sektorearen isla eta Eusko Jaurlaritzak euren testigantzak jaso nahi izan ditu, erakusketa ibiltariarekin batera itsasoa iristen ez den lekuetara iristeko .

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak