Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Irailaren 26rako greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak

2012.eko irailak 24

ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, CGT/LKN eta CNT erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2012ko irailaren 26rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden.


Deitutako lanuztea 2012ko irailaren 26an egingo da, 0:00etatik 24:00etara. Txandaka lan egiten duten enpresetan, greba lehenengo txandan hasiko da, irailaren 26ko eguna baino lehen izan arren, eta azken txanda amaitutakoan amaituko da, nahiz eta irailaren 26ko 24:00ak baino geroago izan. Eguneroko idatzizko prentsako enpresetan (erredakzioa eta errotatibak) irailaren 25eko goizeko seietatik irailaren 26ko 06:00etara; eta eguneroko garbiketa-zerbitzuko eta zabor-bilketako enpresetan irailaren 25eko 22:00etatik irailaren 26ko 22:00etara

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko funtsezko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Horregatik, Administrazioak gutxieneko zerbitzuak ezarri beharra dauka, agindu bidez eta hauek dira:

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2012ko irailaren 26an egingo den grebarako eskubidearen erabilera eta egun horren inguruan hasten edo amaitzen diren lan-txandak ondoren adierazten diren ezinbesteko prestazioen eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuen mantentzera baldintzatuta egongo dira:


1.- Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek mantendu beharko dituzte:
a.- Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira.
b.- Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku 1 zentroan, pediatra 1, etxeko arretako mediku 1, arretako erizain 1 zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako osasun-zentroak.
c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.
d.- Call Center zerbitzuan, langileen % 50, hau da, 7 administrari laguntzaile goizeko txandan eta 3 arratsaldekoan.
e) Gutxieneko zerbitzu horiek nahitaez bete beharko dira, deialdiarekin bat, bezperako gaueko txanda hasten denetik, hau da, irailaren 25eko 22:00etatik.


2.- Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:
a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-akta baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.
b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale-barneko larrialdiko garraioa eta Basurtoko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak ere, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.
c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.
d) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.


3.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.


4.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS DEIAK, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.


5.- Egoitza geriatrikoetan eta mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barne hartzen dituzten bestelakoetan, jai-egun bati dagozkion zerbitzuak mantenduko dira.


6.- Eguneko Zentroetan zuzeneko arretako zerbitzuak eman beharko dira, eta zuzeneko arreta hori ematen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50 egongo da, baina bazkaltzeko orduan ehuneko hori % 10 igoko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun ahalmenera egokituta.


7.- Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza eta Telelaguntza Sektoreetan, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.


8.- Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:
a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza, publikoa eta/edo itunpekoa: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona bat goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.
c) Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
d) MUSIKENE, Goi Mailako Musika Ikastegia eta udal-titulartasuneko musika eskolak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.


9.- Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalak, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.


10.- Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Greba hasi aurreko orduetan hasi diren zerbitzuek ohiko ibilbidea amaitu arte jarraitu beharko dute. Era berean, aginte-, koordinazio-, kontrol- eta segurtasun-zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.


11.- Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokietan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.


12.- Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.


13.- EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 30en funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.


14.- Energia elektrikoa ekoitzi eta hornitzeaz, gasa ekoitzi eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.


15.- Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.


16.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.


17.- Administrazio publikoak. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, ZUZENEAN zerbitzuaren bidez, ondoko egoitzetan: Araban: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde ordezkaritzetan: Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile bat lan egongo da egoitzako eta txandako.


18.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.


BIGARRENA. Zerbitzu horiek greba egiten ez dutenek eman beharko dituzte, non eta langile horiekin ezin diren gutxieneko zerbitzuak betetzen.
Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, agindu honetan eta indarreko gainontzeko legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.


HIRUGARRENA. Agindu honen aurreko idatzi-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezingo dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira, eta horiek egiten dituztenak izango dira erantzule, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.


LAUGARRENA.- Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.


BOSGARRENA. Grebaren deialdia egin duten sindikatuei, Confebask-i eta Administrazio Publikoei jakinarazi behar zaie agindu hau, bete dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidali behar da, bertan argitaratzeko.


SEIGARRENA.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.


Agindua, 2012ko irailaren 19koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko irailaren 26rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzan da

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan