Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Madrilen inposaketen kontra euskal hezkuntza-akordioak errebindikatzen ditu Celaák

2012.eko irailak 20

•    Sailaren proiektu inportanteenetan Kristau Eskolako ikastetxeen inplikazioa eskertzen du sailburuak: hezkuntza hirueledunaren esparrua, Eskola 2.0. eta, bereziki, biktimen testigantza geletan.

•    Ohartarazten duenez, gobernu zentralaren hezkuntza-proposamena “hezkuntza-erreformaren kontra doa, 70eko hamarkadara atzerarazten gaitu eta estatuaren birzentralizatzea eta gure eskuduntzen murrizketa dakarzkigu".

•    Isabel Celaák azpimarratzen duenez, “euskal eskola zientifikoagoa da orain", emaitzak hobetzeko ezinbestekoak diren diagnostiko-ebaluazioak arrakastatsuak izan direlako eta “ebaluazio horiek ez dute ikasleak sailkatzea helburu bakarra duten amaiera-azterketekin zerikusirik".


Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Isabel Celaák, hartu du gaur ikasturteari hasiera emateko Kristau Eskola itunpeko ikastetxe erlijiosoen elkarteak Bilboko La Inmaculada Ikastetxean egin duen  ekitaldian parte. Egoeraz baliatuz, Sailak  martxan jarritako proiektu inportanteenetan izan duten inplikazioarengatik eskerrak eman dizkie ikastetxe kristauei sailburuak, Hezkuntza Hirueledunaren Esparrua, Eskola 2.0. eta, batez ere, indarkeria terroristaren biktimen testigantza zuzena geletan, besteak beste. Gainera, Madrilen inposizioen kontra, euskal hezkuntza-sistemaren hezkuntza-akordio guztietan lortutako “adostasun handia" errebindikatu du Isabel Celaák.

Gobernu zentralak egin duen hezkuntza-lege berriaren proposamena aurrean dugula, “diagnostiko oker batean oinarrituta, 70eko hamarkadara eramaten gaituen egiazko hezkuntza-kontrarreforma bat proposatzen zaigula", ohartarazi du Hezkuntza sailburuak. Gainera, “kontrarreforma horrekin batera estatuaren birzentralizatzea eta Euskadiko hezkuntza-eskuduntzen murrizketa bat datozkigu eta ez ditugu inolaz ere onartuko", gehitu du, bihar bertan ministroen kontseiluan onar litekeen lege-aurreproiektuaren testuari buruz azken egunetan ibili diren informazioei erreferentzia eginez.

“Eskola-emaitzen hobekuntzari era zientifikoan dagoeneko ekin dion hezkuntza-sistema on bat dugu eta haren fruituak jasotzen hasi gara", azaldu du Isabel Celaák. Haren ikuspuntutik, diagnostiko-ebaluazioak “ezinbestekoak" dira hobekuntza gertatzeko;  “proposatzen dizkiguten amaiera-azterketek, berriz, ikasleak selekzionatu eta sailkatzeko besterik ez dute balio".

Ikasturte "erabakigarria"

Ikasturte honetan Hezkuntza Hirueledunaren Esparrua azken esperimentazio-urtean sartzen da eta datorren ikasturtean sistema osora zabalduko da. Proiektu horretan izan duten parte-hartzearengatik eskerrak eman nahi izan dizkie Isabel Celaák Kristau Eskolako ikastetxeei. “Ulertuko duzuenez, ingelesak guztientzat izan behar du, eta ez bakarrik baliabide ekonomiko gehiago dituztenentzat", balorazio hau egin du La Inmaculada Ikastetxean bildutako irakasleen aurrean. “Dakizuenez, elebitasunetik hiruletasunera pasatzeko, euskara eta gaztelania ezagutzearen kalterik gabe,  prestatuta dago hezkuntza-sistema osoa eta horretarako heldutasuna du", gehitu du. Euskal familien % 81 iritzi horien alde dago eta itunpeko ikastetxeen gainontzeko patronalekin lortutako adostasun zabalek ere berresten dituzte.

Hezkuntza sailburuaren iritziz, 2012-2013ko ikasturtea ere ikasturte “erabakigarria" izango da Eskola 2.0. proiekturako; haren lehen etapak orain bukatzen du. Lau ekitalditan 80.000 ordenagailu banatu dira ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako ikasle guztientzat, Lehen Hezkuntzako bosgarrenetik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren kurtsora arte. 3.600 gela digitalizatu, guztira 48 milioi euroko inbertsio batekin.  “Programa hori etengabe ebaluatzen ari da eta, zalantzarik gabe, jarraipena eman beharko zaio, ezin baikara iraganera eta irakasteko metodo tradizionaletara itzuli", azaldu du. Gainera, lehen ebaluazioak oso positiboak dira; izan ere, sistema berriari  esker gelan motibatuago daudela esaten dute ikasleen % 96k eta erdiak baino gehiagok emaitzak hobetzen dituzte.

Azkenik, ikastetxe kristauek elkarbizitzaren alde egin duten lana gogorarazi du Isabel Celaák. “Batez ere, biktimek beren testigantza geletan emateko programari egin diozuen ekarpen garrantzitsua azpimarratu eta eskertu nahi dut; programa horrek ederki erakutsi du hezkuntzan eta kontzientziak eraldatzeko duen indarra", adierazi du. “Eta, halaber, Carlton-en elkarbizitzarako hezkuntzaren aldeko konpromisoari egin diozuen ekarpenarengatik eskerrak eman nahi dizkizuet; izan ere, etorkizunari begira euskal hezkuntzak arlo horretan egingo duen lan adosturako oinarriak finkatzen ditu konpromiso horrek", gehitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan