Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Bilboko Saralegiko Osasun Zentro berria irailaren 24an jarriko da martxan

2012.eko irailak 19

Irailaren 20an eta 21ean, 10:00etatik 13:00etara, astelehenetik aurrera erreferentziako osasun-baliabidea izango dena bisitatzeko aukera egongo da

Bilbo Zaharra auzoko eta inguruko 5.000 bat bizilagun artatuko ditu, eta horri esker, arindu egingo dira Mesedeetako eta San Adriango osasun-zentroak

Datorren astelehenean, irailaren 24ean, Saralegiko osasun-zentro berria ireki egingo a Bilbo Zaharra auzoko eta inguruko ia 5.000 bizilagunei arreta eskaintzeko. Osasun-zentroa Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den lokal batean kokatuta dago, Saralegi plazako 8. zenbakian, hain zuzen ere, eta 300 metro koadroko azalera du. Lokala egokitzeko eta altzariz hornitzeko 400.000 euroko inbertsioa egin da.

Bertan, 10 lagunek lan egingo dute: 3 familia mediku, pediatra 1, 4 erizain, administrari bat eta zeladore bat. Horiek guztiek Familiako Medikuntzako, Pediatriako, Erizaintzako zerbitzuak eskainiko dituzte, eta proba funtzionalak egingo dituzte. Osasun-zentroan, gainera, sendaketa-gela egongo da. Zentroa irekita egongo da 08:00etatik 20:00etara. Horrela, gainontzeko orduetan ─ hots, 20:00etatik 08:00etara, larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan─  erabiltzaileak Etengabeko Arreta emateko Guneetara joan beharko du.

Instalazio eta ekipamendu modernoak edukitzetik eratorritakoez gain, osasun-baliabide berri honek ondorio positiboak edukiko ditu, eta horien artean garrantzitsuena Mesedeetako eta San Adrian osasun-zentroak arintzea izango da. Izan ere, aipatutako bi zentro horiek lan-karga eta presio handia dute uneotan.

Osasun-zentro berria martxan jarri aurretik, hura ezagutzeko ate irekietako bi jardunaldi antolatu dira, irailaren 20an eta 21ean, 10:00etatik 13:00etara. Horrela, zentroa eta bertako instalazioak ikusi nahi dituen orok (herritar, elkarte zein erakunde) astelehenetik aurrera eskuragarri egongo den zentroa ezagutzeko aukera izango du.

Datu historikoak

Bilbo Zaharra auzoa Bilboko populazioaren lehen kokalekua izan zen, Bilboko Hiribildua eratu zuten Foruak eman aurretik. Azken urteotan, kale berriak eraiki dira (adibidez, Julio Gallastegi, Miribilla edota Saralegi plaza bera), batzuk San Frantziskoko auzoa birgaitzeko lanei jarraipena emateko, eta beste batzuk, Miribillako meatze-gune zaharreko behealdean eraikitako etxebizitza berrien eraginez.

Hedapen horren ondorioz, lehen baino 1.000 bizilagun gehiago daude inguruan, eta horiek guztiak, orain arte, Mesedeetako eta San Adrian osasun-zentroetan artatzen ziren.

Osasun-zentro berri honen irekierarekin amaiera emango zaio Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak dinamizatzeko ekintzak bilatzeko xedez Birgaitzeko Udal Bulegoak hiru urteotan garatu duen gogoeta-prozesuari. Prozesu parte-hartzailea izan da, eta bertan, politikoek, udaleko langileek, Osakidetzako arduradunek, antolatutako elkarteek (bizilagunen elkarteak eta beste batzuk, GKEak, fundazioak, eta abar), teknikariek eta bizilagunek hartu dute parte. Osasun-arloari dagokionez, etengabe hazten ari den guneko hazkunde demografikoari ahalik eta arreta onena eskaintzea izan da helburu nagusia. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan