Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Undak eta Soria ministroak Fagor Ederlan eta Cikautxoren lantegi berriak inauguratu dituzte Txinan

2012.eko irailak 19

Sailburuak adierazi du Mondragon Korporazioa "kokapen anitzaren eredua" dela, "atzerrian duen indarrak Euskadin eta Espainian hobetzea  dakarkiolako".

Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak eta José Manuel Soria Industria, Energia eta Turismoko ministroak Fagor Ederlan eta Cikautxo enpresen -Mondragon Korporaziokoak biak- lantegi berriak inauguratu dituzte gaur Txinan, Lu Jun Kunshaneko Alderdi Komunistako idazkari nagusiarekin batera.

Bi proiektuak elkarlanean egin dituzte bi kooperatibek, 40 milioi euro inguruko inbertsioarekin; industria arloan enpresa espainiar batek Txinan ezartzeko  egindako inbertsio handienetako bat izan da.

Bi enpresak Kunshaneko industrialdean kokatu dira, 500.000 metro karratuko eremuan, eta lursail gehiena Mondragon taldeko kooperatibek betetzen dute. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 200.000 metro karratu sustatzen ditu euskal enpresentzat. Lursail handi hori 2010eko irailean jarri zen abian, Bernabé Unda sailburuaren (SPRI sozietate publikoko presidente gisa) eta Kunshaneko Gobernuaren arteko akordioa sinatu ostean. Sailburuak industrialde berean kokatzen den Ormazabal euskal enpresa ere bisitatu zuen atzo.

Bi lantegi berrien inaugurazioaren harira, Bernabé Unda sailburuak industria politikaren inguruko hausnarketa egin du. Euskadik, Espainiako biztanleriaren % 4,6 duela, haren industriaren % 9 adierazten duela oroitarazi du, eta halaber, langabezia gutxien duen erkidegoa dela, neurri handi batean industria sektorearen indarraren ondorioz.

Kokapen anitzaren kontzeptua azpimarratu du sailburuak, eta Mondragon taldea horren eredu garbia dela nabarmendu du. "Espainiako bosgarren industria taldea da, eta ondo ari da lanean, oso ondo, etxean zein etxetik kanpo. Atzerrian duen indarrak Euskadin eta Espainian hobetzea dakarkio", azaldu du.

Hori dela eta, Kunshanen taldearen bi lantegi inauguratzea euskal enpresak atzerrian ezartzearen garrantzia azpimarratzeko aukera bikaina dela adierazi du. "Pozik nago gaur berriz ere hona etorri, eta orain urtebete José Mari Aldecoa Mondragoneko presidente ohiarekin ikusitako lurrak, egun Txinari eta Euskadiri aberastasuna eta ongizatea sortzen dioten industrialdea bilakatu direla ikusteaz", esan du.

"Hazten ari diren merkatuak bilatzea"

Horrela, Aldecoak eta sailburuak berak -eta aurrerago Txema Gisasola taldeko presidente berriak ere- José Manuel Soria ministroari euskal kooperatiba taldeak adierazten duen kokapen anitzaren eredua zuzenean egiaztatzeko gonbitea luzatu ziotela gogora ekarri du Undak. "Esperientzia ezagutu zezan gonbitea luzatu genion ministroari, eta etorri izana eskertzen diot, ziur nagoelako enpresak atzerrira irteten laguntzea industria politikaren lehentasuna izan behar dela. Hazten ari diren merkatuak bilatu behar dira, eta, zalantzarik gabe, Txina horien artean dago".

Kunshaneko industrialdea "gure enpresak Txinan ezar daitezen laguntzeko egitasmoa da; internazionalizazio eta kooperazio egitasmo bat da". "Txina funtsezko herrialdea da, eta horrenbestez, herrialde honetako enpresekin batera lan egiteko aukera aintzat hartu behar da gure korporazioetako plangintza estrategikoetan", gaineratu du Undak.

Euskal ezarpenak

190 euskal enpresa inguru ezarri dira Txinan, eta horietatik % 39 produktiboak dira, % 37,5 komertzialak, % 22,8 zerbitzuen sektoreari lotutakoak eta % 1 prestakuntza-jarduerei lotuta daude. Zehaztu behar da ezarritako euskal enpresen kopurua txikiagoa dela, enpresetako batzuk herrialdean ezarpen bat baino gehiago dutelako. 

Sektoreen arabera begiratuta, % 32,6 makineria eta ekipo mekanikoei lotuta daude; % 23,9 merkataritza eta zerbitzuei, % 14,6 material eta ekipo elektriko eta elektronikoei, % 12,5 metalurgia eta produktu metalikoei, % 8,15 garraio materialari eta % 8,15 beste manufaktura-industria batzuei.

Eskualdeen arabera, euskal ezarpenak nagusiki herrialdearen kostaldean kokatzen dira, hain zuzen, eskualde horrek sekulako garapena izan du azken urteotan. Euskal ezarpenen % 30 inguru Shanghai eskualdean kokatzen dira, % 22 Jiangsu probintzian eta % 16 Pekinen. Gainerakoak, honako herrietan kokatzen dira: Hong Kong, Zhejiang, Guangdong, Tianjin, Shandong eta Fujian.

Euskadik Txinara 2011n esportatutako produktu nagusiak

 

1.- Automobilen zatiak eta osagarriak.

2.- Turismo automobilak eta bereziki pertsonak garraiatzeko gainerako ibilgailuak.

3.- Paper-orea, paper edo kartoia lantzeko ebakigailua.

4.- Metal edo cermet-en bizarrak kendu, zorroztu, harriz landu, arteztu, lapeatu (leundu), leundu edo akabera beste eragiketa batzuk egiteko makinak (zenbakizko kontrolekoak), harri, urratzaile edo leuntzeko beste produktu batzuen bidez.

5.- Metala, materiaren harroketaren bidez, zulatu, otxabutu, fresatu edo hariztatzeko, eta baita terrailaz moldekatzeko makinak (zenbakizko kontrolekoak), irristailuen mekanizazio-unitateak barne.

Euskadik Txinatik 2011n inportatutako produktu nagusiak

 1.- Txorrota-gaiak eta antzekoak, tutu, galdara, andel, upel edo antzeko edukiontzientzat.

2.- Aleazio-altzairuzko produktu ijeztu lauak, 600 mm-ko zabalera edo handiagoa dutenak, beroan ijeztutakoak, biribilkatu gabe.

3.- Manganesoa eta haren manufakturak, hondarrak eta hondakinak barne.

4.- Aleaziorik gabeko burdinazko edo altzairuzko produktu ijeztu lauak, 600 mm-ko zabalera edo handiagoa dutenak, beroan ijeztutakoak, xaflatu eta estali gabe, 3 mm-ko lodiera edo handiagoa, baina 4,75 mm-tik beherakoa dutenak.

5.- Aleaziorik gabeko burdinazko edo altzairuzko produktu ijeztu lauak, 600 mm-ko zabalera edo handiagoa dutenak, beroan ijeztutakoak, xaflatu eta estali gabe, 4,75 mm-ko lodiera edo handiagoa, baina 10 mm-koa edo hortik beherakoa dutenak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailak 19

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • José Manuel Soria, Txema Gisasola