Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda Ormazabalen izan da, Kunshan eko industrialdean ezarri den Mondragon taldetik kanpoko lehen euskal enpresan

2012.eko irailak 18

Ekipamendu elektrikoko konpainia Eusko Jaurlaritzak 2010eko irailean Txinako agintariekin egindako akordioaren bitartez sustatzen duen eremuan kokatu da.

Sailburuak bilera egin du Kunshan‑eko gobernadoreordearekin eta Qiandeng‑eko alkatearekin, lehendakariak eta Undak Txinara egindako aurreko bisitaldietan sinatutako akordioen "martxa egokia" egiaztatzeko.

Txinan, gutxi gorabehera, 190 euskal enpresa ezarri dira. Horietatik, % 39 produkziokoak dira, % 37,5 komertzialak, % 22,8 zerbitzuen arlokoak eta gainerako % 1a prestakuntza‑jarduerari lotutakoak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda Ormazabal euskal enpresak Qiandeng‑eko industrialdean (Kunshan) martxan jarri duen instalazio berrian izan da. Konpainia, Velatia taldekoa, industria‑parke hartan kokatu den Mondragon Korporaziotik kanpoko lehenengo euskal enpresa da.

Irailaren 10ean, sailburuak, SPRIren presidentea den aldetik eta Patxi López lehendakariaren aurrean, Qiandeng‑Kunshaneko alkate Li Wen‑ekin lankidetza‑akordio bat sinatu zuen. Horren bitartez, 200.000 metro karratuko lurrak erreserbatu dira EAEko enpresak baldintza onuragarrietan bertan kokatzeko.

Akordioan ondoko lurretan hamar bat enpresa dituen Mondragon Korporazioak ere lagundu zuen.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko enpresak Kunshaneko industrialdean ezartzea sustatzeko konpromisoa hartu zuen, eta epe labur‑labur batean, bi urte geroago soilik, dagoeneko hiru konpainiak hasia dute beren jarduera. Gaur, sailburua Ormazabalen izan da, eta bihar Fagor Ederlanek eta Cikautxok -biak ere Mondragon taldekoak- ireki dituzten instalazio berrietara joango da.

Gaur, halaber, sailburuak Qiandengeko alkatearekin bilera egin du, herri hartako industrialdean EAEko enpresak ezartzea sustatzeko egin zuten lankidetza‑hitzarmenaren "martxa egokiaren" segimendua egiteko. Bi aldeek oso balantze positiboa egin dute hitzarmenaren garapena dela‑eta.

Era berean, Bernabé Unda, gaurko bisitaldietan, praktikaldia atzerrian egiteko beka‑programari heldu dioten euskal gazteetako batzuekin izan da. Zehazki, Ormazabal taldeak aditzera eman dio oso pozik dagoela Eusko Jaurlaritzaren bekadun batzuekin izandako esperientziarekin, eta, beraz, hurrengo deialdietan programari eusteko asmoa agertu dio.

Kunshan, 2012ko irailaren 18a

  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)