Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Jiangsu ko Gobernuak 40 50 bekadun trukatu nahi dituzte atzerrian praktikak egiteko

2012.eko irailak 18

Txinako agintariek Global Training programan parte hartzeko eskatu diote Bernabé Undari, EAEko 20 edo 25 bekadun eta Jiangsuko beste 20 edo 25 bekadun trukatuta.

Jiangsuko Eskualdeko Gobernuak ingurumenari buruzko memorandum bat sinatu du, datozen bost urteotan bi lurralde horien arteko harremanak gehitzeko.

Txinako hiru enpresak hartuko dute parte, SPRIk eta Aclima klusterrak antolatuta, urriaren amaieran Bilbon egingo den ingurumenari buruzko jardunaldian. Han, EAEko enpresek parte hartzeko aukera izango duten proiektuen berri emango dute.

Deusto Business School bere MBA sustatzen ari da Txinan eta Nanjing‑eko Finantza eta Ekonomia Unibertsitatearekin hitzarmena egiteko aukera azterten ari da.

Euskadiko 20‑25 gaztek Txinako Jiangsu eskualdean praktikaldia egiteko aukera izango dute, eta alderantziz: Asiako herrialde hartako beste 20 edo 25 bekadun EAEra etorriko dira nazioartekotzearen arloan dituzten jakintzak hobetzeko. Horixe izan da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak eta Jiangsuko gobernadoreordeak gaur egindako bileraren emaitza nagusietako bat.

Txinako agintariek interes berezia agertu dute Global Training programaren inguruan. Euskadin aurten martxan jarri den programa horrek 530 beka eskaintzen ditu EAEko gazteentzat. Programa berritzailea da antzeko beste beka batzuei dagokienez; izan ere, unibertsitateko lizentziatuei ez ezik, diplomadunei eta Lanbide Heziketako ikasketak bukatuta dituztenei ere badago zuzendua.

Jaingsu eta Euskadi proposamenean lanean hasiak dira dagoeneko, eta laster gauzatzea espero dute, xehetasun guztiak bilduko dituen memorandum baten bitartez.

Akordio horren eta egunotan Unda sailburua ixten ari den beste akordio batzuen bitartez, zehazki gauzatzen ari da Jaingsuko gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2012ko maiatzaren 17an Gasteizen sinatutako memoranduma, lehendakariak 2010. urtean Txinara egindako enpresa‑ eta erakunde‑misioaren ondorioz sortu zena.

Akordioa diziplina anitzekoa da, eta besteak beste, honako lankidetza‑eremu hauek hartzen ditu eraginpean: enpresa‑garapena, merkataritza, energia, zientzia eta teknologia, ingurumena, nekazaritza, hezkuntza, kultura, turismoa, enplegua eta gizarte‑gaiak.

Ingurumenaren inguruko akordioa

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Jiangsuko Ingurumena Babesteko Departamentuak akordio bat sinatu dute bi aldeek ingurumen‑babesaren arloan trukea ezartzeko. Zehazki, honako arlo hauek hartzen ditu eraginpean: hondakin solidoen eta arriskutsuen kudeaketa, uraren ingurumen‑kudeaketa eta kutsatutako uren kontrola, ingurumen‑monitorizazioa eta klima‑aldaketa.

Lankidetza‑akordio horren helburua da bi eskualdeen artean elkarrizketarako eta lankidetzarako mekanismo bat sortzea; ingurumenari buruzko informazioa partekatzeko sistema bat garatzea, teknologia berrien, mintegien eta elkarri egindako bisitaldien bitartez; eta Jiangsun eta Euskadin ingurumenaren arloko ikerketa‑zentroak sustatzeko konpromisoa hartzea, zuzeneko harremanak eta lankidetza gauzatuta.

Akordio hori Pilar Unzalu sailburuak sinatu zuen aldez aurretik, eta gaur Txinako agintariek izenpetu dute. Bost urteko indarraldia du.

Beste akordio batzuk

Betiere ingurumenaren arloan, Txinako enpresaburuen elkarteek urriaren amaieran beren kide batzuk Bilbora etorriko direla berretsi diote Bernabé Unda sailburuari. Hain zuzen ere, SPRIk Aclima ingurumenari buruzko euskal klusterrarekin batera antolatu duen mintegi batean parte hartzeko etorriko dira.

Txinaran egindako bidaiaren lehen egunean, sailburuak bilera egin du Jiangsu International Environmental Development Centre erakundeko arduradunekin. Haiek ziurtatu diotenez, sektoreko hiru enpresa txinatarrek hartuko dutela parte mintegian.

Jardunaldi horren helburua da Txinako ingurumen‑sektorearen egoeraren berri izatea; adierazitako hiru enpresa horiek epe laburrean eta ertainean zer proiektu dituzten jakitea, betiere EAEko enpresek proiektu horietan parte har dezaten saiatzeko; eta EAEko enpresen eta Jaingsuko enpresen artean lankidetzako eta 'joint‑venture' motako akordioak sustatzea.

Unda, halaber, Nanjing zonako ekonomia‑erakunde garrantzitsu batzuetan izan da. Horri dagokionez, aditzera eman du Deusto Business Schooleko arduradunak laster bertaratuko direla, beren MBA Txinan sustatzen hasiak baitira. Hain zuzen ere, Nanjingeko Finantza eta Ekonomia Unibertsitatearekin akordio bat sinatzeko aukera aztertzen ari dira.

Vitoria‑Gasteiz, 2012ko irailaren 18a

 

 

  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)