Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Bernabé Unda sailburua Txinan, euskal enpresen lantegi berriei laguntzeko

2012-09-17

Euskadik Txinara egiten dituen esportazioak % 80 igo dira bi urtetan.

Cikautxo, Fagor Ederlan (biak ere Mondragon korporaziokoak) eta Ormazabal enpresak adibide egokiak ditugu, euskal enpresak Txinan hazten nola ari diren eta hazkunde horren bidez nazioartean duten lehiarako posizioa nola sendotzen ari diren ikusteko.

Sailburua Kunshan eskualdeko agintariekin ere elkartuko da, lankidetzarako alde biko akordioen jarraipena egiteko.

Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak legegintzaldi honetan Txinara egingo duen hirugarren bidaia du honako hau. Harremana 2010ean hasi zen, Patxi López lehendakaria buru zela Txinara joan zen enpresa-misioarekin.

Oraingoan, Undaren bidaiaren helburua da han ezarri berri diren euskal enpresei laguntza ematea, eta eskualdeko agintariekin batera azken urteetan sinatutako lankidetza-akordioen jarraipena egitea.

Euskadi eta Txinaren arteko merkataritza-arloko harremanak ikaragarri areagotu dira. Euskaditik Txinarako esportazioak 470 milioi eurotara iritsi ziren 2011 urtean. Sekula lortu den kopururik handiena, ezbairik gabe. Horrek esan nahi du aurreko urtean baino % 15,5 gehiago esportatu genuela; eta % 80 gehiago, 2009an esportaturiko 260 euroekin alderatuz gero.

Horrela, bada, Txina, euskal enpresen esportazio gehien jasotzen dituzten hamar herrialderen artean dago; eta Europar Batasuneko hainbat estatu eta Brasil baino ez ditu aurretik.

Inportazioak ere dezente igo dira, baina azken urteetan zertxobait apalago. 2011n 906 milioi eurorenak inportatu genituen; aurreko ekitaldian baino % 2,6 gehiago, baina 2009ko 712 milioi euroak ondo pasata, azken bi urteetan % 27ko hazkundea izan delarik. Une honetan, Txina bosgarren dago Euskadiko inportazioen rankingean.

Merkataritza-arloko harremanen areagotze horretan eragin handia izan du euskal enpresa talde batzuen multilokalizazio-politikak, eta estrategia horri esker, gainera, nazioartean duten lehiarako posizioa nabarmen hobetzen ari dira. Horixe da, hain zuzen ere, Mondragón Korporazioko Cikautxo eta Fagor Ederlanen kooperatiben eta Ormazabal taldearen kasua. Horiek denak lantegi berriak eraiki dituzte Kunshanen, eta sailburuak astean zehar bisitatuko ditu. 

Bernabé Undak Txinako zenbait eskualde-agintarirekin elkartzeko aprobetxatuko du bidaia, lankidetza-akordioak nola doazen ikusteko. Alde batetik, sailburuaren asmoa da hitzarmenen jarraipena egitea, Jiangsu eskualdeko agintari gorenekin. Era berean, Qiandeng-eko alkatearekin ere elkartuko da, udal horrekin ere lankidetza-akordioa baitago sinatuta.

Bidaian zehar, Undak Mondragón Korporazioak Jiangsu probintziako Kunshan hirian duen enpresa-parkea bisitatuko du. Izan ere, duela bi urte akordio bat sinatu zen Txinako agintariekin ondoko lursail bat atontzeko, eta bertan Mondragón taldetik kanpoko beste euskal enpresa batzuk ere ezartzeko modua izan zezaten. Akordio hura hasi da fruituak ematen, eta Ormazabal taldea dagoeneko hasi da han lanean.

Datozen egun hauetan, sailburuak Nanjing eskualdeko ekonomia-erakunde batzuk ere bisitatuko ditu, bai eta euskal enpresa-sektore batzuentzat interes berezia duten zenbait enpresa ere.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 17a

 

Iruzkin bat
  • @vali_vali_
    2012-09-17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El consejero Bernabé Unda acude a China para apoyar a las nuevas implantaciones de empresas vascas. http://t.co/4FwVNfqB

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)