Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Gripearen kontrako kanpaina hasi da Euskadin

2012.eko irailak 17

Aurten, osasun-arloko profesionalen txertaketa bultzatu nahi da bereziki. “Kontsultara gripeak jota joaten bagara, kutsadura-iturri larria izango gara, patologiak dituzten paziente asko joaten baitira hara”, eman du aditzera Osakidetzako mediku Asier Fernández Duranak.

Gaur hasita eta urriaren 31ra arte, gripearen kontrako 2012ko kanpaina egingo da EAEko hiru lurraldeetan. Eusko Jaurlaritzak aurten publizitate-kanpainarik ez egitea erabaki du, krisia kontuan hartuta, eta, horri esker, 400.000 euro aurreztu dira.

Gripearen kontrako txertoak gaixotasuna eta hari lotutako konplikazioak arintzen ditu. Txertoaren helburu nagusia da arrisku-taldeak gaixotasunaren konplikazioetatik babestea.

Kontraindikazio bakarra oilo-arrautzekiko hipersentiberatasuna da. Gripearen kontrako txerto inaktibatua segurutzat ematen da haurdunaldiaren edozein unetarako. Dena den, hobe da zuhur jokatzea eta bigarren hiruhilekora arte itxarotea txertoa jartzeko.

Euskadik 400.000 txerto erosi ditu, bakoitza 2,83 euroan, eta 0,50 euro aurreztu ditu Espainiako beste autonomia-erkidego batek lortutako preziorik merkeenari dagokionez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan