Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Atzerriko kapitaleko enpresek I+G+b-ren alde egin dute Euskadin

2012.eko irailak 14

 

•- Inbertsiogileen Foroaren bigarren batzarraren markoan, Bernabé Unda, Industria sailburua, Euskadin dauden atzerriko kapitaleko 350etik gora enpresatako ordezkariekin elkartu da beren kezkei erantzuteko.

 

•- Inbertsiogileen Foroak, Euskadiko atzerriko kapitalaren kezkak argitzea helburu duenak, bere bigarren batzarra egin du. Atzerriko kapitaleko 350 enpresek 40.100 langile enplegatzen dituzte Euskadin, hots, EAEn lanean dauden langileen %7, eta 8.700 milioiko negozio bolumena dute, hau da, gure erkidegoan sortutako guztiaren ia %9.

•- Topaketan argi eta garbi esan da Bikaintasun zentroak garatu behar direla, atzerriko kapitaleko inbertsio  gehiago ekartzeko Euskadira.

Krisia gorabehera, atzerriko kapitaleko Euskadiko enpresek Euskadirenaganako konfiantza izaten jarraitzen dute eta I+G+b-n hartua duten konpromisoari eusten diote. Halaxe ikusi da gaur Inbertsiogileen Foroaren bigarren edizioan. Euskadin dauden atzerriko konpainien 350etik gora filialetako 13 ordezkariak  Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin elkartu dira eta aipatu dute garrantzitsua dela Euskadin sustatzea gure erkidegoan kokatutako talde multinazional handien Nazioarteko Konpetentziako Zentroak, hots, Bikaintasun Zentroak.

Batzarrean sailburuak Bikaintasun Zentro horiek garatzera animatu ditu, atzerriko kapitaleko inbertsio gehiago ekartzeko Euskadira eta Euskadiren papera indartzeko erabaki guneetan. Foroak balio izan du ikusteko positiboki baloratzen direla Eusko Jaurlaritzak berrikuntzarako sustatu dituen laguntza programak, gazteak lan merkatuan sartzea helburu duten nazioartekotzeko bekak eta Klusterrek gure irudia atzerrian hobetzeko egiten duten lana.

Atzerriko enpresetako ordezkariek esan dute oso garrantzitsua dela tokiko hornitzaileak hornitzaile global bihurtzea, baita ere aipatu dute malgutasun handiagoa aplikatzen jarraitu behar dela enpresetan eta kostuak hobetu behar direla mundu gero eta globalago honi egokitu ahal izateko.

Hainbat datuk frogatzen dute atzerriko kapitalak Euskadirenganako konfiantza izaten jarraitzen duela, eta SPRI Taldeak -enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak- iaz eginiko inkesta baten arabera, datu horietako bat da filialetako zuzendaritza-karguen %97 bertakoak direla. Gainera, %82k adierazi dute beren negozioa espero bezala edo hobeto doala eta %70 gustura daude Euskal Administrazioak emandako laguntzarekin. Atzerriko kapitala duten eta Euskadin kokatuta dauden enpresen %80k hamar urte baino gehiago dauzkate.

Gaur Bilbon eginiko bileran enpresa horietako hamahiru zuzendaritza-kargu elkartu dira Unda sailburuarekin, Juan Goicolea, Berrikuntza eta Teknologia sailburuordearekin eta Tomas Orbea, SPRI Taldeko zuzendari nagusiarekin. Hauxe izan da Inbertsiogileen Foroak egin duen bigarren batzarra eta Eusko Jaurlaritzak eta atzerriko inbertsiogileek Invest in the Basque Country estrategiaren baitan izan duten harremana sendotu duena. 2011ko martxoan aurkeztutako zerbitzu hau atzerriko inbertsioak biltzeko atal bat da. Atal bat, atzerriko inbertsioak sistematikoki eta profesionalki bilduko dituena, kontuan hartu behar baita orain arte lan hori ez dela egin sistematikoki.

Inbertsioak erakartzeaz gain, Invest in the Basque Country egitasmoaren beste helburu garrantzitsu bat da Euskadin instalatuta dauden atzerriko enpresei etengabeko arreta ematea, hau da, aftercare edo instalatu ondorengo zaintza egitea, eta hain zuzen horretarako antolatu da gaur Eusko Jaurlaritzaren eta atzerriko konpainien arteko topaketa hau.

Estatistika Institutu Nazionalak (INE) emandako azken txostenaren arabera, atzerriko kapitala duten Euskadiko 350etik gora enpresek 40.100 lagun baino gehiago enplegatzen dituzte, hots, EAEn lanean dauden langileen %7, eta enpresa horien negozio bolumena 8.700 milioi eurokoa da, EAEn sortutako negozio guztiaren ia %9a.

.

Iruzkin bat
  • @TCI_2012
    2012.eko irailak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Foreign capital companies back R&D&i in the #BasqueCountry . http://t.co/i2glPgZ6

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)