Berriak Kultura
Eu

Helduen Euskalduntzearen 2012-2013 ikasturtea inauguratu du Eusko Jaurlaritzak

2012.eko irailak 14

Helduen Euskalduntzearen 2012-2013 ikasturtea inauguratu du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak eta HABEk Helduen Euskalduntzearen 2012-2013 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldia egin dute gaur, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell, HABEren zuzendari nagusi Iñaki Uribe, euskaltegi publikoen ordezkari Kepa Dieguez eta euskaltegi pribatuen ordezkari Mertxe Mugika. Guztira 1.500 irakasle inguru ariko dira lanean 2012-2013 ikasturtean HABEk kudeatzen dituen 105 euskaltegietan.

Helduen Euskalduntzearen 2012-2013 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldian Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazi duenez, "duela lau hamarkada eskas euskara hizkuntza zapaldu eta mespretxatua zen. Gaur euskal herritarrek, klase, ideologia eta sentsibilitate guztietakoek, maite eta baloratzen duten hizkuntza da. Euskaldunen portzentajea ia bikoiztu egin da eta euskararen aldeko jarrera gero eta zabalagoa da, gero eta indartsuagoa. Horrelakorik ez da inon gertatu, Europan behintzat".

Iraulketa horretan, hain zuzen, euskaltegiek eragin handia izan dutela onartu du Urgell-ek. "Milaka pertsonak ikasi edo hobetu dute beren euskara urte horietan. Gaur euskara ez da inolaz ere hizkuntza 'hil´ bat, oso bizia baizik, eta hori, neurri handi batean, euskaltegi-sareari zor diogu. HABE eta euskaltegiak eta, gehienbat, batak eta besteek sortzen duten sinergia, eredu dira eremu urriko beste hizkuntza batzuentzat".

Bilboko inaugurazio-ekitaldi horretan, Blanca Urgell sailburuarekin batera, HABEren zuzendari nagusi Iñaki Uribe, euskaltegi publikoen ordezkari Kepa Dieguez eta euskaltegi pribatuen ordezkari Mertxe Mugika izan dira.

Azken urteotako datuei erreparatzen badiegu, 2010-2011 ikasturtean 37.000 ikasletik gora izan ziren; ikasturte bat geroago, eta iraileko datuak oraindik zenbatu gabe daudenean, 35.000 ikaslek ikasi dute euskara HABEk kudeatzen dituen 105 euskaltegietakoren batean. Aurtengo aurreikuspenen arabera, ikasturte honetan iragan ikasturteko zifrari eutsi nahi zaio, nahiz eta zertxobait jaitsi daitekeen, langabeziak eta titulu salbuespenen dekretuak izan dezakeen eragina dela eta.

Ikasleen profilari dagokionez, ikasleen erdia baino gehiago (%54,51) Bizkaiko euskaltegiren batean ari da ikasten eta euskara ikasten ari diren ikasle guztien %73,72 euskaltegi pribatuetara joaten da.

Blanca Urgell-ek aditzera eman duenez, "asko aurreratu dugu euskarari dagokionez eta are urrunago joango gara; berrogei urteren ondoren, euskararen normalizazioa beste fase batean sartu da, euskaraz jakiteari baino gehiago euskara erabiltzeari erreparatzen dion fase batean. Erabilera-tasa areagotzea da Euskararen Aholku Batzordeak taxutu duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berriaren asmo nagusia. Plan hori euskararen erabileraren akuilu bizia izango dela espero dugu. Euskarak gure bihotzetan egon behar du, noski, baina are gehiago gure mingainetan".

2012-2013 ikasturteari hasiera emateko, Lourdes Miquel López irakasleak 'El proceso del trabajo gramatical en el aula: de la explicación a la corrección' izeneko hitzaldia eman du. Lourdes Miquel, atzerritarrentzako espainieraren katedraduna da 'Barcelona Drassanes' Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)