Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza Salvador Allende presidentearen heriotzaren 39. urtemugan izan da Txileko Santiagon

2012.eko irailak 13

 

Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Ainhoa Alday Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako zuzendariak Salvador Allenderen heriotzaren 39. urtemugako omenaldietan hartu dute parte, Isabel Allende senatariak eta 1973ko irailaren 11n hil zen presidentearen izena daraman Fundazioak gonbidatuta.

Txileko Santiagon eman duten egunean, Guillermo Echenique eta Ainhoa Alday, Ana Urchueguía Euskadiren Txile eta Peruko ordezkariak lagunduta, bilera egin dute Euskaditik andetar herrialde horretara bertan kokatzeko asmotan oraintsu joan diren zenbait euskal herritarrekin. Bestalde, Enprebask Txileko Euskal Enpresaburuen Elkarteko Zuzendaritzarekin bildu dira eta Santiagoko Euzko Etxearen Zuzendaritzak ere hartu ditu. Euzko Etxeak mendeurrena bete berri du.

Erdialdeko Konstituzio Plazan, Palacio de la Moneda-ren ondoan, eta Salvador Allende presidentearen eskultura erraldoiaren aurrean, Echeniquek hara etorritakoei hitz egin die eta presidentea bera eta haren heriotzak europar demokrata guztiengan utzi zuen aztarna ekarri ditu gogora. Echeniquek adierazi duenez, "Txile gaur egun guztiz herrialde demokratikoa da Allende sozialistak bere bizia eman zuelako demokrazia totalitarismotik defendatzeko. Euskadin ere orain inoiz baino demokrazia gehiago dago, urriaren 20tik aurrera,  sozialista bat zela presidente, ETAk bere jardun totalitarioa utzi zuelako, 40 urtez gure kaleetan mila bat hildako eta milaka biktima utzi ondoren."

Enprebask-eko zuzendaritzarekin izandako bileran hainbat gestio burutu ziren euskal jatorriko ehun bat enpresaburuk osatzen duten erakunde horrek Euskadik Txileko Santiagon duen ordezkaritzan izan dezan egoitza.  Horrela, andetar herrialde horretara iristen diren enpresaburuen eta urte luzez han kokatutakoen arteko harremanak erraztu eta bultzatzen dira.

Azkenik, Euzko Etxean izandako bileran euskal etxearen egoera aztertu zen, baita euskal etxe horren mendeurrena dela-eta antolatutako ekitaldien egitaraua ere.

Santiagoko bisitaldia bukatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Valparaíso-Viña del Mar-era joango dira eta Ozeano Bareko hiri horietako euskal gizataldeekin bilduko dira han. Halaber, Santiagon duela gutxi onetsitako euskal etxearekin biltzeko aukera izango dute. Etxe horrek Estadio Español delakoaren instalazioetan du egoitza.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)