Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek deialdia ireki du atzerrian presentzia duten euskal enpresetan gazte langabeak kontratatzeko

2012.eko irailak 07

Euskal Enplegu Zerbitzuak gaur irekiko du atzerrian lantokiak dituzten euskal enpresetan 34 urtetik beherako langabeak praktiketan kontratatzeko laguntzen deialdia. Euskal Enplegu Zerbitzuak ekimen honetara 8,5 milioi euro zuzendu ditu, eta 400 langabe izan daitezke beraren onuradun.

Diru-laguntzen onuradun enpresa pribatuak edo publiko-pribatuak izan daitezke, baldin eta atzerrian lantokiak badituzte eta sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute.

Praktiketako kontratuek gutxienez 12 hilabeteko iraupena izango dute; betiere, Espainiatik kanpo kokatutako, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako enpresetako lantokietan lanpostu bat betetzeko asmoz. Onuradunak 34 urtetik beherako gazteak izango dira (kontratua hasten den datan) eta prestakuntza akademiko-profesional egokia izan behar dute.

Bestalde, 400 gazte horientzako praktiketako kontratazioa honako baldintza hauek betetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleei mugatuta dago: Lanbiden lan-eskatzailea gisa izena emanda egotea, eta Unibertsitateko edo Lanbide Heziketako titulazioren bat nahiz profesionaltasun-ziurtagiriren bat izatea. Deialdiaren oinarrietan, orobat, hautatuentzat honako betebehar hauek ezartzen dira: antzeko lanpostu batean aurretik sei hilabetetik gorako lan-esperientzia ez izatea eta xede-herrialdean lan egin ahal izateko hizkuntza-eskakizun egokia betetzea.

Enplegua sustatzeko deialdi honen bidez, Lanbideren helburua da gazte tituludunentzat lan egiteko eta lan-merkatuan sartzeko aukerak areagotuko dituen neurri berria abian jartzea. "Beraz, programa honen azken xedea da egungo egoera ekonomikoak zorrotz zigortutako euskal gizartearen zati batentzat lan-aukerak bultzatu eta hobetzea, bai eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea ere" adierazi du Javier Ruiz Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak.


Kontratu horiek gehienez hamabi hilabeteko iraupena izango dute eta 2013ko azaroaren 30ean amaituko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan