Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eibarko eta Azitaingo geltoki berriak eta Txarakua-Azitain zatiaren desbideraketa zerbitzua eskaintzen hasi dira

2012.eko irailak 06

Eusko Jaurlaritzak erabat finantzatu dituen lanetarako 13,8 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da

Eibarrek, betidanik trenarekin loturik egon den hiriak, bi geltoki moderno, seguru eta erabilerraz izango ditu gaurtik aurrera, Eibar eta Azitain, eta baita zati bikoiztu berria, Txarakua eta Azitain artean. Lan horiei esker, nabarmen hobetuko da EuskoTren operadoreak Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzean egunero eskaintzen duen zerbitzua. Azpiegitura berriak egiteko 13,8 milioi euro inguruko inbertsioa egin behar izan da.

Eibarko saihesbidera ematen duen eta geltokiaren ondoan dagoen goialdeko igarobidearen azpialdean, Sebastián Velasco artista burgostarrak, trenarekin erlazionaturiko zenbait motibo irudikatu ditu, bi graffitiren bitartez. Irudi horiei esker, hormigoia eta asfaltoa nagusi diren inguruneak berotasuna izango du.

Une honetan, Eusko Jaurlaritza, ETS erakunde publikoaren bitartez, Amaña-Ardantza eta Ermua zatiak bikoizteko lanak ere burutzen ari dira. Lan horien barruan geltoki berriak eraikiko dira Amañan (lur azpian) eta Ermuan (bide-zubian); Amaña-Legarre zatia estaltzeko lanak ere ari dira burutzen.

Horrez gain, lizitazio fasean dago Ardantza-Eibar zatia bikoizteko eta Eibar-Azitain zatia estaltzeko lanen eraikuntza proiektuen idazketa. Gainera, Ermuko geltokiaren eta San Lorentzoko geralekuaren arteko bikoizketarako Alternatiba Azterlanaren idazketa ere lizitatzen ari da.

Azken bi urteetan, Eusko Jaurlaritzak San Lorentzo-Unibertsitatea zatiaren bikoizketa jarri du martxan; Ardantzako geltoki berria eraiki du, hiri armaginaren erdialde neuralgikoan; Ardantza estali du, eta horrela aisialdirako oinezkoen igarobide handia sortu du; eta, horrez gain, tranbia Elgoibarreraino luzatu ahal izateko ezinbestekoa den Karakateko gurutzaketa egin du.

Ermua-Eibar-Elgoibar trenbide ardatzeko proiektu horiek guztiak amaitzen direnean, 15 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dira zati osoan. EuskoTrenek inguru horretan eskaintzen duen tren zerbitzua 3.000 pertsonak erabiltzen dute egunero.

Ekimen horien azken helburua tren zerbitzuaren kalitatea hobetzea da. Hori lortzeko, joan-etorrien maiztasunak eta denborak hobetuko dira, eta trenean bidaiatzen duten zein oinezkoen eta errepideko ibilgailuetan doazenen segurtasuna ere hobetuko da.

Ezaugarri teknikoak

Eibarko geltokia

Jarduketa horren bitartez Eibarko geltokiaren hiri integrazioa hobetu da. Zaharberritze lanek eraikin enblematikoaren kanpoko estruktura errespetatuz burutu dira. Sarbideak aldatu egin dira, gaur egun ezarrita dauden irisgarritasun arauetara egokitzeko. Proiektuak, trenbideak bereizten dituen Eibarko bi guneen arteko komunikazioa errazten duen kanpoko igarobideari eutsi dio.

Txarakuako trenbide pasagunea

Trenbide pasagune hori kentzeko lanek hiru fase izango dituzte: trazatu berriko bide berria eraikitzea ibilgailuentzat; azpialdeko igarobidea egitea; eta 200 metro luze izango den trenbide bikoizketa txikia eraikitzea. Proiektu honen burutzapenarekin asko hobetuko da trenen eta oinezkoen segurtasuna, eta baita auzoen arteko irisgarritasuna ere.

Txarakua-Azitain

Txarakua-Azitain zatian 775 metro trenbide bikoiztea, Azitainen geltoki berria eraikitzea eta bi trenbide pasagune kentzea barne hartzen dituen jarduketa honi esker, maiztasunak hobetu ahal izango dira Ermua-Eibar-Elgoibar igarobidean eta, horrez gain, 150.000 bidaiari gehiago jaso ahal izango dira urtean. Azitaingo geltoki berriak erdian izango du nasa. Gaur egunera arte linearen erabiltzaileei zerbitzua eskaini dien geralekutik 230 metro ingurura egongo da.

Burutzen ari diren lanak

Ermua

Geltoki berriaren eraikuntzari esker, une honetan eskailera eta igogailu bitartez lotuta dauden Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plaza bereizten dituen trenbide ezponda kendu ahal izango da. Etorkizunean, jende guztia joan ahal izango da aisiarako bi toki horien artean, denek erabiltzeko moduko behealdeko igarobideari esker.

Bide-zubian egongo den goialdeko geltoki berriaren eraikuntzaz gain, proiektuak Ermurako trenbide sarbideen hobekuntza ere aurreikusten du, egungo trazatua nabarmen hobetuko duen kilometro bateko tunelaren eta geltokitik oso gertu egongo den maniobrak egiteko zabalgunearen eraikuntzari esker. Lan horiei esker, Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasuna hobetu ahal izango da. Obrak egiteko 30 hilabeteko epea egongo da, eta aurrekontua 24,4 milioi eurokoa izango da.

Amaña-Ardantza

Proiektu berriak 14,9 milioi euroko aurrekontua du obra zibilerako, eta 15 hilabeteko epean burutu beharko da. Amañako geralekuaren eta Ardantzako geltokiaren artean dagoen zatia bikoiztu egingo da, eta Amañan, gaur egungo geltokia ordezkatuko duen eta erabat erabilerraza eta irisgarria izango den geltoki berria eraikiko da.

Horrez gain, operazio horren barruan Amaña eta Legarre arteko trenbidea estali egingo da. Proiektuaren parte hori, Eibarko trenbide trazatuaren hiri integrazioa hobetzeko 2010eko urtarrilean Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean sinaturiko elkarlanerako hitzarmenean aurreikusten zen. Beraz, jarduketa horri esker tren zerbitzua hobetu egingo da eta ingurunea berrantolatu egingo da hirigintzaren ikuspegitik.

Iruzkin bat
  • @marmaresc
    2012.eko irailak 07

    Comentario de Twitter:
    Entran en servicio las nuevas estaciones de Eibar y Azitain y el desdoblamiento Txarakua-Azitain http://t.co/eTsOV7h4

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)