Herrizaingo sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritza utziko duela
Rodolfo Aresek Herrizaingo sailburu kargua utzi egingo du, “arrazoi politikoak eta etikoak” direla eta, eta bere alderdiaren hauteskunde-kanpainaren koordinazioan egingo du lan, bi zereginak bateratzeko arazo legalik ez dagoela onartu duen arren. Lehendakariak Herrizaingo eta Justizia eta Herri-administrazio Sailak bateratzea erabaki du, eta, ondorioz, sailburu-kargua Idoia Mendiaren esku geratuko da. Erreleboa datorren astelehenean gauzatuko da.
Ares sailburuak esan du erabaki “hausnartua, arduratsua eta zaila baina zuzena” izan dela. Bilbon egin duen prentsaurreko batean, sailburuak azaldu du Saila utziko duela eta “bere lana bete izanagatik pozik” dagoela.
Rodolfo Aresek bihotzez gogorarazi nahi izan ditu terrorismoaren biktimak, eta bereziki aipatu du Eduardo Puelles polizia. Horren harira, ETAren jardueraren bukaera ikusi izanagatik “pribilegiatua” sentitzen dela ziurtatu du. Halaber, Herrizaingo sailburu gisa bizi izan duen unerik “zailenetako” bat Athletic de Bilbao futbol taldearen zale Iñigo Cabacasen heriotza izan zela azaldu du. Aresek esan duenez, gertakizunak “ezintasuna, amorrua eta mina" sentiarazi zizkion, eta harrezkero horrelako gertakizunik jazo ez dadin hartu beharreko erabakiak hartu direla ziurtatu du.
Kale borroka
Herrizaingo sailburuak, era berean, azken egunotan Euskadin izan diren kale borroka ekintzak ere izan ditu hizpide. Okendoko (Araba) errepikagailuaren kontrako erasoari buruz, Aresek esan du “sabotaje eta kale borroka ekintza bat izan dela” dirudiela eta “erabat gaitzesten” duela. Sailburuak talde politiko guztiei eskatu die gertakizuna gaitzesteko, eta EHBilduri, bereziki, “ekintzen erantzuleei argi eta garbi uzteko Euskadin ez dutela inoren babesik”.