Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Bizkaiko Garraio Partzuergorako legezko aurrekontu bat onartzeko akordioa lortzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiari

2010.eko otsailak 19

Garraio Sailak lehen urratsa egin zuen atzo Bizkaiko Garraio Partzuergoak legezko aurrekontu baliagarri bat onar dezan, Bilboko metroaren obrek normaltasunez aurrera egitea ahalbidetuko duena.

Metro Bilbaoko presidente Ernesto Gascok datorren astearterako deitutako bilerara Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia jarrera eta espiritu konstruktiboarekin bertaratzea espero du Eusko Jaurlaritzak, herritarrentzat egokiena den konponbidea aurkitzeko. Izan ere, konponbide egokiena bilatu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak joan den asteartean Foru Aldundiko arduradunekin izandako bileran, Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusia bildu aurretik.

Horrenbestez, Jaurlaritzak espero du datorren astearterako deitutako bileran baliagarria eta egokia den aurrekontua negoziatu eta adostuko dela, eta horretarako orain arte izan duen aurkako jarrera alde batera utzi beharko du ahaldun nagusiak.

Jaurlaritzak sentitzen du ahaldun nagusiak joan den asteazkenean agertutako jarrera horren ondorioz akordioa lortzeko aurrerapausorik ez eman izana, konponbide baliagarri bat lortzeko hainbat saio egin bazituen ere. Ahaldun nagusiak bilera hartan jarrera konstruktiboa izan balu, herritarrek ez lukete zertan ikusi Bizkaiko Garraio Partzuergoaren barruan izandako desadostasun instituzionala.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, guztion artean akordio bat lortzea da konponbide onena, legezkotasuna gordez Bizkaiko Garraio Partzuergoan partekatzen ditugun helburu guztiak betetzen direla ziurtatzeko, eta ildo horretan, betiere eskua luzatuta dauka Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta Partzuergoan ordezkatutako Udalentzat, konponbideen oinarriak ez baitu zati baten inposaketa izan behar, eta are gutxiago gehiengo baten gaineko gutxiengo baten inposaketa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan