Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako merkataritza bultzatzearen aldeko apustua berretsi du Industria Sailak (2012-08-21(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko abuztuak 21

Erabakia, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udalekin, Arabako Merkataritza eta Industriako Ganberarekin, Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketako ganberekin, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Federazioarekin, eta Bilbao Dendak, Gasteiz On eta Shops Donostia-San Sebastián elkarteekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko baimena ematekoa, "Hiri Zentro Komertzialetako Kudeatzaileak" programa gauzatze aldera.

Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa emango die "Bilbao Dendak", "Gasteiz On" eta "Shops Donostia-San Sebastian" elkarteei hiri-merkataritza sendotzen duten jardunak diseinatzeko

Hiru udalak eta hiru merkataritza-ganberak bilduko dituen hitzarmen baten bidez islatuko da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako merkataritza-sektoreari ematen dien laguntza berretsi du beste behin ere, Jaurlaritzaren Kontseiluaren oniritzia jaso baitu "Bilbao Dendak" eta "Gasteiz On" elkarteekin eta "Shops Donostia-San Sebastian Hiriko Merkataritza Plataformarekin, hurrenez hurren, egindako hitzarmenak, bertan hiru udalak eta hiru hiriburu horiek ere bilduta. Akordioa sinatzeari esker 80.000 euro baino gehiago izango ditu lurraldeetako bakoitzak, helburutzat "Hiri-merkataritzaguneetako kudeatzaileak" programaren egikaritzapena hartuta.

Elkarteek udalerriko hiri-merkataritzako jarduera sustatzeko jarduerak diseinatu, landu eta bultzatzea izango da hitzarmenaren helburua, kontrataturiko kudeatzailetza-taldeen ekintza-planari esker.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraituko du merkataritza garatzen den hiri-esparrua hobetzeko konpromisoarekin, eta hori egiteko, arestian aipatutako hiru hiriburuetako merkatari-elkarteez gain, hiru udaletxeak eta dagozkion lurraldeetako hiru merkataritza-ganberak ekimenean txertatuko ditu.

Adierazitako programaren helburuak dira hiri-merkataritza trinkoa eta sendotua lortzea hiriaren merkataritza- eta sustapen-jardueraren oinarrizko elementu gisa, horren dinamizazio eta sustapen etengabearen bitartez, eta epe laburrean autofinantzatzera bideratutako plan ekonomiko bat ezarrita. Jakina, azken helburua da hiriko merkataritzaguneak merkataritza-erreferentzien abangoardian kokatzea.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak diruz lagunduko du kudeatzailetza-taldearen kontratazio-gastuen % 90a, elkarte bakoitzarentzat 80.910 euroko diru-laguntza emanez gehienez ere. Bestalde, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udalek kudeatzailetza-talde horietan zehaztutako jardun-proposamenetatik ondorioztatutako jarduerak bultzatuko dituzte udalerri bakoitzean.

Era berean, Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-ganberek beren jardun-eremuaren barruan babestuko dituzte hiriko merkatarien elkarteek onartzen dituzten neurriak, lehentasunezko sarrera ahalbidetuko die Ganbera bakoitzaren Merkataritza-arloko jarduera eta proiektuetara, eta Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespen horren ondorioz sinatuko diren dagozkion hitzarmenetan hartutako konpromisoak betetzen direla zainduko dute.

Egoera ekonomiko zail honetan Eusko Jaurlaritza merkataritzari ematen ari zaion laguntzaren beste erakusgarri bat da hitzarmen hau. Sektoreak aberastasuna eta enplegua sortzen ditu Euskadirentzat eta lan handia egiten ari da jarduerarekin jarraitzeko, eta enplegua % 4,53 haztea ere lortu du, 2009ko ekainetik 2012ko ekainera arteko aldia hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan