Berriak Herrizaingoa
Eu

Ares-ek Ertzaintza zoriondu du, Euskaditik igaro diren Vueltako bi etapetan egin duen ''lan bikainagatik''

2012.eko abuztuak 22

''Gure poliziak ezin hobeto bete ditu bere eskumenak, eta bere gain hartu du lasterketako segurtasunaren ardura guztia''

Herrizaingo Sailburuak, Rodolfo Ares-ek, bere poza azaldu du Euskadiko errepideetatik igaro diren Espainiako Vueltako bi etapetan Ertzaintzak egin duen lan bikainagatik. Arrakasta oso handia izan da, bai kirol-arloagatik, bai eta euskal zaleek egin duten jarraipen handiagatik ere.

Ares-ek nabarmendu duenez, uztailean Madrilen egin zen Segurtasun Batzordean lortutako polizia-koordinaziorako akordioak ezin hobeto funtzionatu du, Herrizaingo Sailak eta Barne Ministerioak eta Ertzaintzako eta Guardia Zibileko arduradun gorenek egin duten elkarrizketa-ahaleginari esker.  Ildo horretan, hau azpimarratu du: "Ertzaintzak ezin hobeto bete ditu bere eskumenak, polizia integrala den aldetik; lasterketako segurtasun-dispositiboaren ardura guztia bere gain hartu du, txirrindulariak zaintzeari, errepideak kontrolatzeari eta edozein motatako gorabeherak prebenitzeari dagokienez".

Oion eta Arrate arteko etapan, zazpiehun ertzain eta miñoi baino gehiagok parte hartu zuten, udaltzainek lagunduta. Hurrengo egunean, Barakaldo eta Valdezcaray arteko etapan (lehenengo zatian, txirrindulariak euskal errepideetatik ibili ziren), ia bostehun ertzain eta miñoik parte hartu zuten, udaltzaingoetako agenteek lagunduta. 

Herrizaingo sailburuak bere poza azaldu du, bigarren urtez jarraian Espainiako Vuelta "erabateko normaltasunez igaro delako" Euskaditik. "Ez da inolako gorabeherarik egon, eta euskal zaleek (zale asko izan dira) punta-puntako txirrindularitza-ikuskizunaz gozatu ahal izan dute gure errepideetan". Horren harira, Ares-ek hau adierazi du: "denborak erakutsi du erabaki ona izan dela kirol-ekitaldi hori Euskadiko herritarrentzat  berreskuratzea; izan ere, hiru hamarkadatan ezin izan dute ikuskizun horretaz gozatu, kiroletik kanpoko arrazoiengatik".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)