Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Atzerritarrentzako helmuga turistiko gisa indartu da Euskadi, % 10 gehiago sartu baitira 2011ko uztailerekin alderatuta

2012.eko abuztuak 22

Euskadik 1,3 milioi turista jaso ditu urtarrilaz geroztik, hau da, euskal turismoaren bigarren urterik onena, 2011. urteak soilik gainditzen duela, eta % 17,9ko hazkundea izan du 2009. urtearekin alderatuta. 

Aurtengo uztaila historiako onena izan da turista atzerritarren sarrerei dagokienez, 115.044 sarrera izan baitira guztira.

Turista atzerritarren sarrera % 4,3 hazi da urteko lehenengo 7 hilabeteetan 2011. urteko aldi berarekin alderatuta. 2009ko aldi hori 2012. urteari dagokionarekin alderatuta, % 33,3 hazi da bisitari atzerritarren Euskadirako sarrera.

Euskal nekazaritza-turismoko establezimenduek historiako bigarren urterik onena izan dute, % 2,2ko hazkundearekin 2011. urtearekin alderatuta, eta aurtengo uztaila izan da historiako onena.

Ostatu-gauen portaera ona da nabarmentzekoa, 2,4 milioitik gora izan baitira. Batez ere atzerritarrena, % 11,3 hazi baita iazko uztailarekin alderatuta.

Lehenengo 7 hilabeteetan, turisten % -0,8 galdu du Arabak, % +0,1 irabazi du Bizkaiak eta bisitarien % -5,3ko jaitsiera izan du Gipuzkoak.

Turista atzerritarren sarrera izan da nabarmentzekoa uztailan, eta Arabak % 9 irabazi du, Bizkaiak % 14 eta Gipuzkoak % 6



Turisten sarreren eta ostatu-gauen datuek berresten dutenez, euskal turismoaren historiaren bigarren urterik onena izango da 2012. urtea. Era berean, aurtengo uztaila historiako bigarren uztailik onena izan da bidaiarien sarreren guztizkoan, eta 256.867 turista erregistratu dira gure establezimenduetan, 2011n izandako errekorretik oso hurbil. Urteko lehenengo 7 hilabeteetan, 1,3 milioi bisitari hartu dituzte Euskadiko hotelek, hau da, iazko tope historikoa baino % 2 gutxiago, baina 2009an baino % 17,9 gehiago.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur jakinarazitako datuen arabera, turista atzerritarren sarreren hazkunde handia ikus daiteke, errekor historikoa ezarrita, % 4,31 hazi baita iazko 7 hilabeteko aldi berarekin alderatuta. Dena den, Euskadik jaitsiera izan du estatuko turisten sarrerari dagokionez, nekazaritza-turismoko establezimenduetan izan ezik, estatuko turistak hazi egin baitira horietan. Horrelako establezimenduetako estatuko bisitarien erregistroa hazi egin da, eta aurtengo uztaila historiako onena izan da. Aurten 69.000 bisitarik baino gehiagok aukeratu dituzte euskal nekazaritza-turismoko establezimenduak gaua emateko, 2011n baino % 2,2 gehiago. 

Ostatu-gauei dagokienez, 2012ko 7 hilabete hauetan 2,4 milioitik gorako zifrari eutsi diote, % 0,9ko jaitsiera txikiarekin. Dena den, uztailan izandako bisitari atzerritarren ostatu-gauen hazkundea nabarmentzekoa da berriz ere, eta uztaila izan da historiko hilabeterik onena, % 11,3ko hazkundearekin.

7 hilabete hauetako balantzean zerbait berretsi bada, une hauetan Euskadik atzerritarrentzat duen erakargarritasuna izan da hori. % 4,31 hazi da iazkoarekin alderatuta, orain arte izandako zifrarik onena, eta % 33,3 2009. urteko hilabete berekin alderatuz gero. Erkidegora etorritako turisten guztizkoaren % 37 dira orain atzerritarrak, eta bereziki nabarmentzekoak dira Frantziatik, Alemaniatik eta Erresuma Batutik datozenak, besteak beste.

Bestalde, batez besteko egonaldia ere % 1,5 hazi egin da iazko uztailarekin alderatuta, 1,98 egunera iritsita.

Modu positiboan balioesten ditu zifra horiek Eusko Jaurlaritzak. Turismoa izan da azken urteotan hain hazkunde garrantzitsua izan duen sektore bakarra, egungo egoera ekonomikoa gorabehera. Era berean, atzerriko lehentasunezko merkatuetan buruturiko sustapen turistikoarekin asmatu egin zela erakusten dute datuek, eta horren fruituak ikusten ditugu gaur egun.

Lurraldearen arabera

2012. urteko balantzean, Araban eta Bizkaian oso alde txikiak nabari dira joan den urtearen aldean. Hilabeteren batean sarreretan izandako beherakadak beste batzuetako gorakadekin berdindu dira, eta aldakuntza ez da % 1era ere iritsi. Nabarmentzekoa da, nolanahi ere, Gipuzkoan turista kopuruan ageri den beherakada, 7 hilabetean % -5,3 jaitsi baita, azken hilabete honetan estatuko turisten kopurua % -15 jaitsi dela.

Hala, lehen 7 hilabeteetan Araban 202.079 turista sartu dira, hain zuzen ere % -0,8 gutxiago 2011ko lehen 7 hilabeteetan baino. Bizkaian, aldiz, iazko kopuruak gainditu dira. Lehen 7 hilabeteetan guztira 636.844 pertsona sartu dira Bizkaian, % 0,1 gehiago 2011ko lehen 7 hilabeteetan baino.

Bestetik, Gipuzkoa izan da 2012an, orain artean turista gehien galdu dituen lurraldea. Zehazkiago, % -5,3 turista gutxiago izan ditu iaz baino, edo, bestela esanda, 25.905 bisitari gutxiago iaz baino. Lurralde horretan nabarmendu da gehien estatuko turisten beherakada.

Kasu guztietan, atzerriko turisten gorakada handiak konpentsatu du estatuko turisten beherakada.

Uztailean berriz ere nabarmendu da atzerriko turisten gorakada: Araban % 9 igo da kopurua, Bizkaian % 14 eta Gipuzkoan % 6, hurrenez hurren

tveuskadi.net-en bigarren urteurrena


Orain bi urte, Zeledonen jaitsierarekin batera, www.tveuskadi.net inauguratu zen, internet bidezko telebista turistikoa. Kanalak zuzenean ematen ditu Euskadiko ekitaldi nagusiak, eta bi urte hauetan oso emaitza onak lortu ditu, hala nola 197.463 erabiltzaile bakar, ikusitako 2.876.413 orri eta 247.089 bisitaldi. 2011ko abuztutik 2012ko abuztura bitarte erabiltzaile bakarrak 128.463 izan dira, ikusitako orriak 1.576.413 eta bisitaldiak 156.089, azken urteko hazkunde handiaren adierazgarri. Bisitaldi horietako asko atzerritarrak dira, eta horrek agerian uzten du oso tresna baliagarria dela ondoren bisitatuko gaituztenak erakartzeko.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren apustua pixkana-pixkana finkatu da bi urte horietan, edukiak, atalak, hizkuntzen bertsioa eta gizarte-sareekiko lotura hobetu diren neurrian.

Esaterako, iaz www.tveuskadi.net kanalak hedadura zabaldu zuen, frantsesezko bertsioa abian jarri duenez geroztik. Hasiera batean, kanalak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez funtzionatzen zuen. Bestetik, webcam atal bat erantsi zitzaion, Euskadiko hondartzen, mendien, errepideen eta hiriburuen egoera unean-unean ikusteko aukera ematen duena, eta urtean zehar ikusitako 25.118 orri bildu dituena.

www.tveuskadi.net telebista-kateak badu nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat, hots, partizipatiboa dela guztiz. Telebista eta telebistaren edukiak gizarte-sareetan (facebook, twitter eta youtube) partekatzeko aukera dago une honetan, eta I-phone-rako aplikazio bat sortu da, Apple storetik zuzenean deskargatu ondoren kanalaren eduki guztietan sartzeko aukera ematen duena, zuzeneko emanaldiak barne.

Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du kanala etengabe hobetzeko lanean, eta, horri esker, kanala Euskadiko erakargarri turistikoak munduan barrena hedatzeko plataforma gisa (eta, aldi berean, sektorerako telebista elkarreragile gisa) finkatzen ari da.

Bestetik, www.euskaditurismo.net atariak, Eusko Jaurlaritzak turisten eskura jartzen duen beste tresnak, milioi 1etik gora bisitaldi lortu ditu azken urtean. 2012ko lehen 7 hilabeteetan, % 39,95 bisitaldi gehiago izan ditu iazko aldi berean baino. Azken urtean, erabiltzaile bakarrak 914.311 izan dira, eta ikusitako orriak, berriz, 5.599.700. 2012ko urtarriletik uztailera bitarte, % 79,74 izan da bisitaldi berrien ehunekoa, batez beste.

Datu horiek agerian uzten dutenez, Eusko Jaurlaritzak on line eskainitako tresnak gero eta gehiago erabiltzen dira Euskadiko erakargarri turistikoen berri izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Muela- Directora de Turismo