Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta bere erakunde autonomoek 34 eguneko batez besteko epean ordaintzen diete hornitzaileei

2012.eko abuztuak 20

Eusko Jaurlaritzak onbideratutako diruzaintza-egoera du, eta horrek aukera ematen dio hornitzaileekiko harremanak garaiz betetzen jarraitzeko. EAEko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek fakturak ordaintzeko 34 eguneko batez besteko epea erregistratu dute 2012ko bigarren hiruhilekoan. Bada, 2011ko ekitaldiko laugarren hiruhilekoan baino bost egun gutxiagokoa da epe hori, orduan 39 egunekoa baitzen batez bestekoa.

Eusko Jaurlaritzak garaiz ordaintzen ditu hornitzaileen fakturak. Izan ere, Merkataritza-eragiketetan berankortasuna saihesteko neurriak ezartzen dituen 15/2010 Legeak 40 eguneko epea ezartzen du 2012rako enpresa pribatuen eta administrazio publikoen artean egindako merkataritza-eragiketetarako eta, beraz, askoz ere laburragoa da Eusko Jaurlaritzaren epea.

Euskal Administrazioak mailaz maila laburtu ditu ordainketa-epeak eta neurri horrek sistemaren finantza-egoera arintzen du, enpresa hornitzaileen kaudimena handitzen laguntzen du eta azken horien finantzaketa-kostuak murrizten ditu. Era berean, ondare eta zerbitzuak erostean prezio hobeak eskuratzea ere errazten du.

9.946 ordainketa egin dira aldi honetan, eta 240 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoa izan dute ordainketok. Ekitaldi honetako bigarren hiruhilekoan ordaindutako berandutzako interesak zortzi mila eurokoak izan dira bakarrik.

Euskadik, eta beste bi autonomia-erkidegok, beren-beregi egin zioten uko hornitzaileei ordaindu gabeko fakturak ordaintzeko aparteko finantzaketa-mekanismoa erabiltzeari. Neurri hori ekainean abiarazi zuen Espainiako gobernuak. Eusko Jaurlaritzak ez zuen aparteko finantza-tresna hori erabili behar izan, hornitzaileekin zituen ordainketa-aldiak bete zituelako eta ez zuelako inolako faktura ez ordainketarik atzeratuta. Beraz, argi dago hornitzaileei garaiz ordaintzea izan dela Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomia suspertzeko erabili duen politiketako bat.

Bestalde, hiru hilez behin Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiari bidaltzen zaizkion txostenek diote EAEko Administrazioak ez duela berandututako gasturik.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, aurreko ekitaldian ezarri zuen gardentasun-sistemari jarraituz, hiru hilean behin ematen du informazio publikoa. Bertan, batez besteko ordainketa-epeak eta eperen bat ez betetzetik eratorritako berandutzako interesak azaltzen dira zehatz-mehatz.

Ekonomia eta Ogasun Sailaren web gunean ikus daiteke informazio hori.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)