
Eusko Jaurlaritzak IKTen hobekuntza sustatzen du ‘Living lab’ izenekoen bitartez
Eusko Jaurlaritzak IKTen hobekuntza sustatzen du 'Living lab' izenekoen bitartez
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako ekimen publiko‑pribatuak sistema digitalen diseinuaren hobekuntzaren eragile bihurtzen du erabiltzailea
Eusko Jaurlaritzak ekimen horren bi proiektu pilotutan hartzen du parte, Osasun eta Kontsumo Sailaren (Osakidetza eta Osarean) eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren bitartez.
Ergolab ekimena, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Berrikuntza Zuzendaritzaren bitartez bultzatzen duena, 2012aren hasieran sortu da, Euskadiko 2015 Agenda Digitalaren eta "living lab" eta "ergonomia digitala" kontzeptuen esparruan. Ekimen horren helburu nagusia da enpresei beren ergonomia digitala ziurtatuko dituzten produktu berriak sektore digitalean garatzeko aukera erraztea. Hain zuzen ere, herritarrentzat erabilerrazagoak eta irisgarriagoak diren produktu edo zerbitzu digitalak sortzea. 'Laborategi biziaren' (living lab) bitartez -azken erabiltzaileek bertan hartzen dute parte-, egiazko premiak aztertzen dira.
Living lab kontzeptua -"laborategi bizia" hitzez hitz itzulita- nahiko berria da I+Garen esparruan. Berrikuntza irekiko plataforma edo laborategia sortzean datza; horietan, balizko hainbat motatako erabiltzailek ikerlariekin eta diseinatzaileekin batera saio irekietan parte hartzen dute, dagokion produktua fisikoki eta zuzenean erabiliz eta hobekuntza‑ondorioak ateraz.
Ergolab ekimena jakintza kolektibora irekitako eremua da eta, bertan, eragile publiko eta pribatuek hartzen dute parte. Eusko Jaurlaritzarekin batera, Zientzia, teknologia eta berrikuntza zikloko eragileak, Deustuko Unibertsitatea eta Tecnalia Research and Innovation erakundea daude ordezkatuta, baita GAIA klusterra ere, elektronikaren, informatikaren eta komunikazioen arloko teknologien sektoreko enpresen elkartea, alegia. Gizarte osoa du jomugan, hau da, herritarrak, enpresak, elkarteak, ekintzaileak eta erakundeak, baterako diseinuko eta baterako sorkuntzako ereduaren alde egin eta konfiantzazko harremanen sare bat sortu nahi dutenak.
Eusko Jaurlaritzak ekimen horren bi proiektu pilotutan hartzen du parte, beste hainbat erakunderekin batera:
- Osasun eta Kontsumo Sailak, Osakidetzaren eta Osareanen bitartez, herritarrek osasun‑arloko IKTetan oinarritutako zerbitzu berrien garapenean -hain zuzen ere, herritarrekin elkarreragin izaten duten plataformen garapenean- parte hartzera eta haien iritzia lortzera bideratutako proiektu batean. Proiektu horrek, adibidez, zita medikoaren erreserba eta etorkizuneko osasun‑karpeta pertsonalaren kudeaketa hartzen ditu barnean.
- Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak administrazio‑izapideen inguruan dituen informazio‑sistemak hobetzeko proiektuan hartzen du parte, besteak beste segurtasun industrialeko azterketa egin behar zaien instalazioen (igogailuak, gasa, etab.) espediente teknikoaren kudeaketari dagokionez.
Bi kasu horietan, KZ Guneen zentro‑sarea baliatzen da erabiltzaileek proiektuetan parte hartzeko, zentro horien Euskadiko herri guztietan duten presentzia kapilarrari esker. Sare horrek gizarte‑inguruari buruzko jakintza zabala bildu du. Era berean, Informazioaren Teknologien inguruan aholkuak eta prestakuntza ematen duen lurralde‑erreferentea da.
Euskadik industria sendoa du teknologia digitalen eremuan, hardwarearen esparruan eta bereziki softwarearenean. Horregatik sortu da hizpide dugun proiektua gurean. Industria hori, gainera, hazkuntza ekonomikoaren eragilea da, sektore guztietako lehiakortasunean zuzeneko eragina baitu.
Living Lab‑en Europako Sarea
Ergolab Living Lab‑en Europako Sarean (ENoLL) sartu da orain dela gutxi.
ENoLL 2006. urtean sortutako plataforma da. Berrikuntza irekiko eta administrazioen, enpresen eta herritarren artean lankidetzako eredu berriak bilatzera bideratuta dago.
ENoLLek, batetik, bere ziurtagiriaren bitartez baliozkotzat jotzen ditu living lab‑ak; bestetik, sarea osatzen duten living lab guztiekin harremanetan eta elkarreraginean jarduteko aukera ematen du, baita mundu‑mailan aurreratuen dauden eta puntakoen diren guztiekin ere. Izan ere, sareak hainbat herrialdetako living lab‑ak ditu: Estatu Batuak, Kolonbia, Txina, Australia, etab.
Informazio gehiagorako: http://www.openlivinglabs.eu/livinglab/ergo‑lab
Vitoria‑Gasteiz, 2012ko abuztuaren 20a
-
2012-09-21
Comentario de Twitter:
Eusko Jaurlaritzak IKTen hobekuntza sustatzen du ‘Living lab’ izenekoen bitartez http://t.co/Vu4RpIAR