Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

II. Itsas Azoka abiatu da Hondarribian

2012.eko abuztuak 24

Kirol-portuaren inguruetan egingo da, abuztuaren 24, 25 eta 26an

Hondarribiko kirol-portuak Itsas Azoka hartuko du, bigarren urtez jarraian.  Izan ere, Euskadiko Kirol Portuak erabaki du aurten ere azoka egitea, iazkoak izandako arrakasta ikusita. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren mendekoa da aipatu elkartea.

Hala, berriz ere itsasoa ardatz hartuta, egunok girotzeko hamaika jarduera prestatu dituzte. Jarduera guztien artean, itsas giroko azoka nabarmenduko da, antzinako eran apainduko baita. Bertan, 60 postutan, artisauzko lanak (bitxiak, zilargintzako lanak...) eta tailerrak egongo dira, baita gune gastronomiko bat ere. Maketak eta antigoaleko gauzak gustuko dutenek postu espezializatuetara jotzea izango dute, eta, ondoren, azoka arabiarrera eta haimara, alde bereberraren barruan.

Itsas kulturaz gozatzeaz gain, nahi duten guztiek aukera izango dute urpean igeri egiten ikasten hasteko, kirol horren bataioak egingo baitira. Halaber, baina lehorrean, bela-bataioak ere egingo dira, oraingoan Hondarribiako Klub Nautikoari esker.

Horrez gain, kalejirak, musika, malabarismoak, komikoak, kaleko antzerkia, piratak eta  txikienentzako ipuinak ere egongo dira.

Azoka ostiral arratsaldetik igandera arte egongo da irekita, goizez, 11:00etatik 14:30era, eta, arratsaldez, 17:30etik 21:30etara (abuztuaren 24tik 26ra, biak barne).

Ate zabaleko programa

Kirol-portuko zenbait enpresaren laguntzaz antolatutako ate zabaleko jardunaldiaz gozatzeko aukera ere izango dute gerturatzen direnek.

Jolaski, SL enpresak txango bat eskainiko du ibaitik eta badiatik, katamaran motordunean.

Estatxa, SL eta Navegavela, SL enpresek ordu eta erdiko joan-etorriak egingo dituzte, 10 metro luzera inguruko belaontzi kabinadunetan.

Hondarribiko Klub Nautikoak bela arineko ontzi txikietan eskainiko ditu ibilaldiak.

Marloi belaontzia, Hilario Martínezena, egunero aterako da. Arrantza-ontzi zaharra dugu Marloi izenekoa, Bretainiakoa, 15 metroko luzerakoa.

Centro de Buceo Hondarribia izenekoak ordu erdiko saioak egingo ditu urpean igeriketan egiten hasteko, Hondarribiko hondartzan.

Hs2k, berriz, ordubeteko irtenaldiak eskainiko ditu, Hondarribiko hondartzatik, paddle surfean (stand-up).

El Saltillo, Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko ontzia, amarratuta egongo da portuan, eta igo eta bisitatzeko aukera egongo da.  El Saltillo 26 metroko luzerako eta 2 mastako belaontzia da, 1932an uretaratu zena. Gaur egun, etorkizuneko kapitainek eta makina-buruek erabiltzen dute praktikak egiteko.

Albaola elkarteak (Euskal Itsas Kultur Erakundea) eta Ondartxo zentroak (Pasaiako Itsas Kulturaren Zentroa), bestalde, ontzi tradizionaletan ibiltzeko joan-etorriak antolatuko dituzte, eta euskal itsas ondarea berreskuratzen egiten duten lana erakutsiko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • EKP Zuzendaria, Peio Olazabal