Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Emakumezko saregile, neskatila eta paketatzaileei eragiten dieten lan gaixotasunei buruzko gida egin du Osalanek

2012.eko abuztuak 20

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, emakumezko saregile, neskatila eta paketatzaileei eragiten dieten gaixotasunak eta lan-arriskuak jasotzen dituen gida egin du, eta arrantza-lanen garapen egokirako ezinbesteko eginkizunak betetzen dituzten horrelako emakumezko langile espezifikoei zuzenduta dagoen honelako gida inoiz egin den lehena da.

Arrantza-portuetan jarduera osagarriak egiten dituzten emakumezko langileen, saregile, neskatila eta paketatzaileen, Osasun Zaintzako Gida trilogia baten bigarren zatia da, non Baxurako eta artisau arrantzako langileen Osasun Zaintzako Gida lehena izan baitzen. Bigarren hori iragan urrian aurkeztu zen eta hirugarrena gai beraren ingurukoa izango bada ere, alturako eta altura handiko arrantzaleei zuzenduta egongo da.

Osalanek berak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Uda Ikastaroen barruan Donostian eta irailaren 3 eta 4rako antolatutako Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko bigarren Ikastaroan zehar aurkeztuko da gida hori. Bi egun horietan, eta goizez, adituek sakon hitz egingo dute Laneko Segurtasun eta Osasunari eta Laneko Arriskuen Prebentzioari lotutako beste gai batez: lanak eragindako minbiziaz.

Hartara, hilaren 3an, Lehen Sektorean Laneko Arriskuen Prebentzioari lotuta mintzatuko da gidaz, sektore horretan baitago istripu larri edo hilgarrirako arriskurik handiena, gainerako sektoreekin alderatuta. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko laneko arriskuen prebentzioan teknikari espezialistak diren Aitor Guisasolak -Lan Medikuntzako espezialista- eta Iñaki Zubia ingeniariak azalduko dute Osalanek egindako azterketa eta ikerlana.

Kantauriko lau autonomia-erkidegoetako Segurtasun eta Osasunerako erakundeetako teknikari eta medikuen lankidetza eta elkarlanari esker egin ahal izan da Itsaski-bilketa eta murgilduzko arrantza lanak egiten dituzten pertsonen Osasun Zaintzari buruzkoarekin osatzen den gida hau, arrantza Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadiko autonomia-erkidegoetako gizarte- eta ekonomia-bizitzari hertsiki lotutako baterako errealitatea baita.

Bestalde, irailaren 4an lanak eragindako minbiziaz jardungo da. Hala ere, horrelakoak gaixotasun profesional gisa ofizialki onartu eta kalte-ordaina jasotzeko oraindik asko falta denez, gehienak ezkutuan gelditu eta osasun-sistema publikoak tratatutako gaixotasun arruntzat jo dira.

Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko ikastaro honi interesgarri deritzoten pertsona guztiak izena ematera animatzen ditu Osalanek, horretarako hainbat beka ezarri dituelarik.

Ikastaroan izena emateko jo www.sc.ehu.es/cursosverano web orrira edo bidali mezu elektronikoa cverano@ehu.es helbidera.

Bekak eskatzeko, berriz, jo osalansc@ej-gv.es web orrira edo deitu 94.403.21.76 telefono-zenbakira (Miguel Ángel edo Pedroz galdetu ).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan