Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Intxaurrondok, Norvegiako diseinua duen Donostialdeko Metroko lehen markesina izango du datorren astetik aurrera

2012.eko abuztuak 17

Ernesto Gasco Sailburuordeak adierazi duenez, Loiola-Herrera zatiaren obra zibila ia erabat amaiturik dago. Halaber, katenaria jartzeko lanak eta gainerako instalazioak eta komunikazioak ere amaitzen ari dira.

 

Euskadin fabrikaturiko Snohettaren proposamena, Montes Francos kaleko sarbidean ikusi ahal izango da

Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak, gaur adierazi duenez, datorren astean behin betiko instalatuko da Snohetta etxe norvegiarrak diseinaturiko Donostialdeko Metroko lehen markesina, Montes Francos kaletik Intxaurrondoko geltokira doan sarbidean.

Gascok obrak bisitatu ditu gaur goizean, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko teknikariekin eta komunikabideekin batera. Bisitan ikusi ahal izan denez, Intxaurrondoko geltokia, obra zibilari dagokionez, ia erabat amaiturik dago eta, horrez gain, bukatzen ari dira, baita ere, katenaria jartzeko eta instalazio, komunikazio eta energizazio lanak.

Talde teknikoen esfortzu guztiak, urritik aurrera, Donostialdean eraikiko den metroaren erabiltzaileek, Loiola eta Herrera artean eraikitako trenbide saihesbidetik ibiltzeko aukera izatera daude bideraturik. Lan horien barruan bi geltoki berri eraikiko dira Intxaurrondon eta Herreran.

Markesina Euskadin eraiki da erabat, eta bere tamaina dela eta, Intxaurrondora eraman ahal izateko sei trailer erabili behar izan dira. Trailer horietako bat, gainera, "garraio berezikoa" izan da. Markesina obran bertan bildu da, eta datorren astean, ahalmen handiko garabi batek bere behin betiko kokalekuan ezarriko du.

Hiriaren ikono bilakatzera eta jendeak Metroa identifikatzera bideraturik dagoen markesina, koral motako hiru dimentsiotako itsas egituran oinarriturik garatuko da, altzairu herdoilezinezkoa, goiko aldetik beirazko lamina finez estalia. Izango duen argiztapenari esker, gauez, itsas azpiko fauna osatzen duten elementuak gogoraraziko ditu.

Snohetta etxeko arduradunen hitzetan, argidun egitura irekia izango du, egunez argi naturalaren filtro izango da, eta gauez argi artifizialaren erakusgarri. Halaber, soluzio estandarra, malgua eta sarbide aho berrietako edozeinetara egokitzeko modukoa izango da.

Sarbide mekanizatuak

Bisitara joan diren pertsonak lur azpiko geltokira sartu dira ondoren, Sagastieder plazako sarbide ahotik. Bertan dauden eskailera mekanikoek 40 metro inguruko malda aldaketa gainditzen dute.

Esan behar da Intxaurrondok bi sarbide izango dituela (Sagastieder eta Montes Francos), bi eskailera mekaniko multzorekin. Horrela, normalean, multzo batek geltokirako sarbide gisa eta besteak irteera gisa funtzionatuko du, baina irizpide hori aldatu ahal izango da, beharrezkoa baldin bada, eskaileren funtzionamendua alderantzikagarria izango baita.

Eskailerek 30º-ko malda izango dute, eta abiadura 0,65 m/segundokoa izango da. Horren ondorioz, orduan 11.700 pertsona garraiatzeko gaitasuna izango dute. Eskailera mekanikoek ez dute zaratarik sortuko, etengabeko martxak ematen duen egonkortasuna izango dute, mantentze lanak errazak izango dira, eta egungo teknikak eskaintzen dituen segurtasun gailu guztiak izango dituzte.

Ekipo guztiak, astean zazpi egunetan etengabe funtzionatzeko diseinatu dira, hori baita garraio publiko metropolitarrerako funtzionamendurik egokiena.

Thyssenkrupp enpresak burutu duen "eskailera mekanikoen obrei eta mantentze lanei" buruzko kontratuak 5.243.978,42 euroko inbertsioa eskatu du. Multinazional horrek Asturiasen duen lantegian inoiz eraikitako eskailera luzeena da.

Obraren egoera orokorra: Loiola-Herrera

Loiola-Herrera zatiaren bikoizketari (2,7 km.) esker, bikoiztu ahal izango dira Amara eta Errenteria arteko maiztasunak, hau da, tren zerbitzuak eskaini ahal izango dira 7,5 minutuz behin; horrez gain, uholdeak gertatzeko arriskua murriztu egingo dira, Urumea ibaian gaur egun dauden zubiek eragiten duten tapoi hidraulikoa desagertzean eta haien ordez zubi erabat berria jartzean; Intxaurrondo inguruan 15.000 pertsona baino gehiagori emango zaie zerbitzua, eta beste 5.000ri Herreran, bi auzo horietan, eskailerak eta igogailuak dituzten hainbat sarbideko bi geltoki eraikiko baitira, auzoko biztanleak bizi diren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora, oinez joanda; eta merkantzien joan-etorri independenterako aukera egongo da, Pasaiako portura egongo den lotura zuzenari esker.

Gaur egun, obra zibila, azken ukituen faltan, ia erabat amaiturik dago. Trenbidea muntaturik dago ibilbide osoan, eta katenaria jartzeko lanak burutzen ari dira. Horrez gain, ekipoen, komunikazioen eta seinaleztapenaren muntaketa eta instalazio lanak ari dira burutzen, aurreikusiriko epeak betez.

Kanpoaldean, Sagastieder plazako, Montes Francoseko eta Herrerako urbanizazio lanak ari dira burutzen. Azken toki horretan, Herreran, Donostialdeko Metroaren geltokirako sarbideak estaliko dituen egitura jarri da jada. Aurreikuspenen arabera, kontratu horiek ere urrian amaituko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)