Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

SPRI Taldeak %53 emendatu ditu ETEentzako laguntzak, 183 milioi eurotik 280 milioira pasatuz

2012.eko abuztuak 16

 - 523 enpresatan inbertitu dituen 108,25 milioi euroen laguntzarekin zuzeneko 1.234 lanpostu eta zeharkako beste 12.000 sortu dira.

- SPRI Taldeak hobetu egin du bere diru-laguntzen kudeaketa, laguntzen kopurua hirukoiztuz eta gastu korrontea %22 murriztuz 2008. urtekoaren aldean.

SPRI Taldeak (Euskadiko enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren  sozietate publikoen multzoak) nabarmen handitu ditu Euskadiko enpresa sarearen  %90 osatzen duten enpresa txiki-ertainei (ETE) ematen dizkien laguntzak. Zehazki esanda, 2009tik %53 emendatu du  laguntza horien aurrekontua eta 183 milioi eurotik 280 milioira pasatu da, SPRI Taldearen 2011ko Jarduera Txostenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuan egin duen ahaleginari esker, SPRI Taldeak nazioartekotzeko proiektu gehiago (%35 gehiago) babestu ahal izan ditu 61 herrialdetan (duela hiru urte baino 10 herrialde gehiago).

Hori lortzeko, SPRIk bere gastuak arrazionalizatu ditu, Talde osoko gastu korrontea %22 murriztuz 2008ko gastuaren aldean: urte hartan atal horretan 51,5 milioi gastatu, baziren 2011n berriz 40,3 milioi gastatu dira. 2008an gastatutako euro bakoitzeko 7,5 euro bereizi ziren diru-laguntzetarako, eta 2011n aldiz, euro bakoitzeko 19,1 euro bideratu dira diru-laguntzetara. Diru-laguntzetarako 280 milioi kudeatu ondoren, eraginkortasuna %155 hobetu da, kontuan harturik kudeatutako diru-laguntzen zenbatekoa versus kostua.

Finantzaketa murritzeko testuinguru batean, 2011. urtean SPRI Taldeak 108,25 milioi euro inbertitu ditu  523 enpresatan, eta laguntza horien bidez zuzeneko 1.234 enplegu eta zeharkako beste 12.000 sortzen lagundu du. Bestalde, 28 milioi euro inbertitu dira partaidetza-kredituetan eta ia 80 milioi euroko bermeak formalizatu dira Arrisku-Kapitalaren bidez.

2011n SPRIk informazio teknologiako, teknologi berrikuntzako eta I+G  arloko 3.200 proiektu babestu ditu 164 milioi eurorekin. Eraginkortasun irizpide horien ondorioz, SPRI Taldeak  murriztu egin du goi-karguen eta sozietateen kopurua, jatorrizko 29etatik gaur eguneko 25etara pasatuz, azken hauek, berriz, 19 izango direlarik urte honen amaieran. Beraz, guztira %34 murriztu da sozietateen kopurua.

SPRI Taldeak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren 2012-2013 Lehiakortasun Plana hartzen du oinarri bere kudeaketa gauzatzeko,  Resiste, Compite eta Lidera estrategiak garatuz. Norabide horretan ari da lanean SPRI Taldea  EAEko enpresa sareari lagundu nahian Europako krisialdi giroari aurre egiten eta, gure bizi-kalitatea segurtatuko duen etorkizunerantz aurrera egiten,  Ikerketa, Berrikuntza, Nazioartekotzea eta Garapena indartuz enpresetan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailburuak, Bernabe Unda jaunak, SPRI Taldeko presidente bezala idatzi duen gutunean azpimarratu du    sozietate publikoko multzo horrek  "errentagarri bihurtu duela euro bakoitza, azpiegitura gehiago, zuzeneko finantzaketa gehiago eta diru-laguntza gehiago  eskaintzeko edo gure enpresei herrialde gehiagotan laguntzeko". SPRI Taldeko zuzendari orokorra, Tomás Orbea jauna, pozik dago enpresa gehiagotara iristen garelako eta "eskabide berriei erantzuten diegulako, zerbitzu-kalitate hobea ematen dugulako gastu korronte gutxiagorekin. Hots, gehiago egiten dugulako gutxiagorekin".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan