Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadin Erosketak egiteko Gida argitaratu du

2012.eko abuztuak 08

Euskadin Erosketak egiteko Gida bakarra da EAEko hiru hiriburuetarako, eta paperean eta euskarri digitalean (www.euskaditurismo.net) dago eskuragarri.

Gida bost hizkuntza hauetan argitaratuko da: euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa eta alemana. Bertsio horiek guztiak irailetik aurrera egongo dira eskuragarri.

Eusko Jaurlaritzak Euskadin Erosketak egiteko Gida argitaratu du, EAEko hiru hiriburuetako jaiak direla eta, milaka eta milaka turista gurera hurbildu direla aprobetxatuz. Gidari esker, bisitatzen gaituztenek euskal hiriburuetan "shopping" egiteaz gozatuko dute, bertan deskribatzen diren ibilbide turistikoetan zer eta non erosi aurkituko baitute.

Gida tresna erakargarria da, bakarra hiru lurraldeetarako, eta Euskadiko merkataritzaren eta turismo-erakargarritasunaren balioa azpimarratu nahi du. Euskarri digitalean eta paperean eskuragarri dago, eta www.euskaditurismo.net web orrian deskarga daiteke. Ahalik eta jende gehiagori iristeko, bost hizkuntzatan argitaratuko da: euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa eta alemana. Bertsio horiek guztiak irailetik aurrera egongo dira eskuragarri.

Hona hemen gidaren edukia:

1.- Gasteiz, Donostia eta Bilboko aurkezpen orokorra: gune turistiko esanguratsuenak azpimarratu dira, gidaren helburu nagusia erosketak bultzatzea dela ahaztu gabe.

2.- Oinarrizko planoak: kale garrantzitsuenak eta merkataritza guneak kolore bidez bereiztu dira, erraz ikusteko moduan.

3.- Informazio praktikoa: turismo-bulegoak, garraioa eta informazio orokorra.

4.- Ibilbideak, bisita turistikoak erosketekin eta produktu/pintxo-dastatzeekin uztartzen dituztenak. Ibilbidean aurkituko dituen gune turistikoen deskribapena eskuragarri izango du turistak, eta "atseden hartu, eta eska ezazu kafe bat hemen" gisako aipamenak irakurriko ditu, gune turistiko bakoitzaren ondoan. Aipamen horietan adostutako irizpideen arabera hautatutako saltoki eta establezimenduen izenak adierazi dira.

5.- Horrez gain, deskribatutako gunean dauden saltoki eta taberna/jatetxeen zerrenda ere aurkituko du bisitariak, sektoreka antolatuta. Adostutako irizpideei jarraiki hauratutako lokal bakoitzeko informaziorik garrantzitsuena nabarmendu da, eta establezimendu bakoitzaren helbidea, telefonoa eta, hala badagokio, web orria ere adierazi da.

6.- Hiria bisitatzerakoan huts egin ezin daitezkeen 10 "shopping" produktuak edo ideiak jaso dira, eta bigarren orri batean, nahitaez dastatu edota oparirako erosi beharreko 10 produktu gastronomikoak.

7.- Euskadin zauden bitartean ezinbestean bizi beharreko 10 esperientzia gastronomikoak.

8.- Eusko Label kalitatezko zigilua duten 10 produktuak.

9.- Beste guztiengandik bereizten gaituzten gauzak, eta oroigarri gisa oparitu daitezkeenak.

10.- Azkenik, hiru hiriburuetan erosketekin eta gastronomiarekin lotutako urteko ekitaldiak.

Gida hau 2011-2013ko Euskadiko Turismo Marketin Planean ezarritako lehentasunezko ardatzetako baten ondorio da, city breakak garatzearena, hain zuzen ere. Bere helburu nagusia shopping-a bultzatzea da, eta erosketak-pintxoak konbinaketa sustatzea. Oro har, turistak EAEko hiru hiriburuez gozatzeko informazio osoa dokumentu bakar batean eskuragarri izatea lortu nahi da gida honekin.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 8a.

 

Iruzkin bat
  • @ecoeuskadi2020
    2012.eko abuztuak 21

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco lanza una guía para impulsar el comercio de Euskadi como atractivo turístico. http://t.co/xwFS05Pw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan