Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren ustez, PP-ko Gobernuak asistentzia sanitarioari buruz onartu duen dekretuak atzera eramaten gaitu, gizarte segurantzaren eredu zentralizatzaileetara itzularaziz

2012.eko abuztuak 07

Euskadin, asistentzia sanitarioa mantenduko zaie Errege Dekretuak ukitzen dituen kolektibo guztiei

Eusko Jaurlaritzaren ustez, 16/2012 ELD garatzen duen arauak -Ministro Kontseiluak berriki onartua eta iragan larunbateko BOEn argitaratua- Gizarte Segurantzaren eredu atzerakoi batera itzularazten gaitu. Eredu horrek bi printzipio hausten ditu: estaldura unibertsala eta herritarrek ordaintzen dituzten zergen bidezko finantziazioa, hau da, Osasunari buruzko Lege Orokorrak ezartzen dituen bi printzipio.

Hala, arau honek erabateko zentralizaziora eramaten gaitu, aseguratu-izaera aitortzeari dagokionez. Izan ere, aitortza hori Gizarte Segurantzaren erakundeen eskuetan soilik uzten du, eta, hortaz, Autonomia Erkidegoen zeregin bakarra osasun-txartelak emateko leihatila administratiboak izatea da, baina INSSk beren eskubideak aitortzen dizkienentzat soilik.

Gainera, 16/2012 ELDk segurtasun juridikorik gabe uzten ditu, modu larrian, asistentzia sanitariora beren errentagatik iristen diren pertsonak, zeren Gobernuaren Dekretu bat baita, eta ez Lege bat, aseguratu-izaera eskuratzeko beharrezkoa den diru-sarrera maila ezartzen duena.

Neurri horrekin, estaldurarik gabe utzi nahi dituzte orain arte babestuta zeuden hainbat pertsona: erroldatuta dauden baina osasun-txartelik ez duten atzerritarrak, 100.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten pertsonak, horiek ere beren zergak ordaintzen dituzten arren; eta kanpo mantentzen ditu profesional liberalak, beren errentaren arabera, Osasun Publikoaren Lege Orokorrak aurreikusten zuena hautsiz, zeren lege horrek profesional horiek barneratzea aurreikusten baitzuen.

Gobernu Zentralak bere murrizketen neurriak abiatu dituenez geroztik, Eusko Jaurlaritzak jarrera irmo eta kritikoa izan du berrordainketa sanitarioaren aurka eta estaldura unibertsalaren alde. Ez da gauza bera gertatzen beste alderdi batzuekin, hala nola PP, EAJ eta Bildurekin. Izan ere, alderdi horiek gobernatzen dituzten hiru Aldundietan, Foru Ogasunen datu fiskalak helarazi dizkiote berehala Gizarte Segurantzari, berrordainketa farmazeutikoa ahalbidetzeko xedez.

Iragan astean, EAJ eta Bildu abstenitu egin ziren Arabako Batzar Nagusietan, eta horren bidez PPren alde jarri ziren, Arabako datu fiskalak INSSra bidaltzeko asmoa bideratuz. Garbi dago, jakina, jarrera berbera izango dutela beste bi Batzar Nagusietan, Jose Luis Bilbaok eta Martin Garitanok jadanik sinatu dituzten dekretu berdinak berrestera eramaten direnean. Nola ulertu behar ote da, orduan, EAJko Olabarria eta Erkoreka diputatuek egindako deia, Euskadin kordoi sanitario bat ezarri behar dela dioena, Rajoyren murrizketen aplikazioa eragozteko, Batzar Nagusietan dituzten ordezkariek berrordainketarako baldintzak sortzen badituzte ahalik eta arinen?

Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak azaldu nahi du prestazio sanitarioaren eredu honen aurka dagoela, murrizketetan oinarritzen baita; aldi berean, orain arteko zerbitzu publikoen politikaren aldeko apustua berresten du, herritar guztiek eskuratu ahal izan dezaten arreta sanitarioa, hori oinarrizko eskubide bat baita. Horixe babesten dute gure ahalmen arautzaileak eta gure autogobernuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko